Donostiako Udalak plaka bana jarri du José Ángel Santos eta Josu Leoneten omenez

0
binary comment

Donostiako Udalak plaka bana jarri du gaur, uztailak 2, José Ángel Santos eta Josu Leonet-en omenez, ETAren biktimak 2001ean. Hauekin 23 izango dira Udalak Donostian terrorismoaren eta bortizkeria politikoaren biktimei gune publikoan ikusgarritasuna emateko ekimenaren barruan jartzen dituen plakak.

Plakak jartzeko ekitaldia gaur, uztailak 2, izan da Martuteneko tren geltokiaren parean, eta plakak jartzeko beste ekitaldiekin egin den bezala, omenaldi xumea egin da. Bertan, Donostiako alkate Eneko Goiak, udal taldeetako ordezkariek eta biktimen senideek parte hartu dute.

Jose Angel Santosek eta Josu Leonetek, 40 eta 31 urtekoak hurrenez hurren, Elektra enpresan lan egiten zuten. Urrutitik aktibatutako bonba-auto baten biktimak izan ziren, Martuteneko industrialdeko beren lanpostuetara zihoazenean. Atentatua Iñaki Dubreuil Ordiziako PSE-EEko zinegotziari zuzenduta zegoen.

Horrenbestez, Udalak hirian terrorismoaren eraginez eta oinarri politikoko bortizkeriagatik bizitza galdu zuten pertsonen memoria berreskuratzeko eta gune publikoan ikusarazteko ekindako bidearekin jarraitzen du.

Orain arte, segidako pertsonak oroitzeko honako plakak jarri dira erailak izan ziren tokietan: Juan Maria Araluce, José María Elícegui Díez, Antonio Palomo Pérez, Luis Francisco Sánz Flores, Alfredo García González, Gregorio Ordóñez Fenollar, Francisco Martín González, Fernando Múgica Herzog, Rafael Garrido Gil, Daniela Velasco Domínguez de Vidaurreta eta Daniel Garrido Velasco, Miguel Paredes eta Elena Moreno, Eugenio Olaciregui Borda, Francisco Javier Gómez Elosegi – guztiak ETAk erailak -, Enrique Cuesta, Antonio Gómez eta Juan Manuel García Cordero – Komando Autonomo Antikapitalistak taldeak erahilak -, Begoña Urroz Ibarrola – DRIL talde armatuak eraila –, Mari Jose Bravo del Valle – Batallón Vasco Español taldeak eraila – eta Joseba Baradiaran Urkola – poliziaren ekintzak eragindako biktima – .