Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek elkarrizketa bat eskaini dio Onda Vascari, Euskadi Lagunkoiaren hamargarren urteurrenaren ospakizunen barruan.
Artolazabalek Euskadi adinekoentzako herrialde irisgarri bihurtzeko beharraz hitz egin du, haiek ere partaidetza-prozesuetan ekarpenak egiten ari diren ekimenekin. Edadismoa eta Jaurlaritzak adinekoekin dituen erronkak ere aipatu ditu.
Elkarrizketako beste gai batzuk jaietarako gida eta eraso sexistarik gabeko ekitaldi handietarako protokoloa izan dira, baita Berdintasunaren aldeko Euskal Ituna ere. Alde horretatik, aipatu duenez, tamalez, emakumeen % 43k adierazi dute sexu-jazarpena jasan izana jaialdi, kontzertu edo kultura-ekitaldi jendetsuren batean. «Onartezina da», esan du.
Barnahusi dagokionez, sailburuak iragarri duenez, Haurren eta Nerabeen Lege-proposamenean jasoko dira Barnahusak, sexu-indarkeriaren biktima diren adingabeei arreta emateko duten garrantziagatik, eta Euskadiko lehen etxe pilotua Gasteizen irekiko dela, «urte honen amaierarako edo datorrenaren hasierarako». Bestalde, beren garrantzia azaldu du datuen bidez: «Haurren sexu-abusuagatik irekitako hamar kasutik zazpi ez dira epaitzen, frogarik ez dagoelako. Barnahus ereduak atxiloketen, epaiketen eta zigorren kopurua bikoiztea baita hirukoiztea ere lortu du».
Melillako erasoa ere izan da hizpide. Artolazabalen hitzetan, «azken aldiko gertaera lotsagarrienetakoa izan da giza eskubideen urraketari dagokionez; dozenaka zauritu eta, gutxienez, 37 hildako, GKEek jakinarazi dutenez».
Era berean, Irungo mugako egoerari dagokionez, Artolazabalek immigrazioaren eta nazioarteko babesaren arloko eskumena transferitzeko eskatu du berriro, Euskadik dagoeneko erakutsi duelako kolektibo horien premiei erantzuteko antolatuta dagoela.