Bilboko Udalak urian lehen mailako zenbait proiektu gauzatzeari ekingo dio datozen hilabeteetan

0

Bilboko Udalak urian lehen mailako zenbait proiektu gauzatzeari ekingo dio datozen hilabeteetan.

Uriko barruti guztietan kokatuko dira proiektuak. Artxandatik Elorrietara doazen bi pasabide egingo dira –horiekin Eraztun Berdearen ibilbidea itxi eta hura Itsasadarrarekin lotuko da– eta Deustuko edo Txurdinagako arteria nagusiak (Agirre Lehendakaria eta Artazuriña) berrurbanizatuko dira. Horiez gain, beste esku-hartze batzuk ere gauzatuko dira: igogailuak jarriko dira Solokoetxen, Artazu Bekoan eta Masustegi irisgarritasuna konpontzeko; Boluetan eta Campo Volantinen haurrentzako jolas-eremu berriak diseinatu eta ezarriko dira; jolas-estalki ikusgarri bat Casilda Iturrizarren; eta Etxebarria parkean baso bat eta aintzira bat sortuko dira.

Hala aurkeztu dute gaur goizean Juan Mari Aburto alkateak eta Asier Abaunza Obretako, Hiri Plangintzako eta Proiektu Estrategikoetako Saileko zinegotziak.

Guztira, hamar proiektu zerrendatu dituzte, orain hasiko direnak, eta 23 milioi euro baino gehiago bideratuko dituzte horietara. “Uriko barruti guztietako auzoetan gauzatuko diren proiektuez ari gara; proiektu horiek garrantzitsuak izango dira inguru horietako bizilagunentzat, haien bizi-kalitatea hobetzen lagunduko baitute. Baina, era berean, proiektu horien tamaina eta oihartzuna dela-eta, egitasmo traktoreak izango dira eta begiradak bereganatuko dituzte, zalantzarik gabe, hiri-proiektuak baitira”, adierazi du alkateak.

ARTXANDA-ZORROTZAURRE KONEXIOA: ERAZTUN BERDEA ETA ITSASADARRA

Bilbotarren zein bisitatzen gaituztenen begiradak erakarriko dituen proiektuetako bat Eraztun Berdearen eta Itsasadarraren arteko konexioa izango da. Oinezkoentzako egurrezko bi pasabide egingo dira, Artxanda eta Zorrotzaurre integratu eta hurbilduko dituztenak, oinezko ibilbide irisgarrien bitartez.

Biak leku beretik abiatuko dira: BI-604 errepidearen gainean dagoen oinezkoentzako zubitik, Fatimaren Esklaben Ikastetxe inguruan.

    • Lehenengoa Banderas mendiaren tontorreraino igoko da, eta Berriz bidetik jarraituko du, Artxandako begiraleku-pasealekuarekin bat egin arte. Guztira, 1,5 kilometroko luzera izango du.

 

    • Bigarrena Cabras mendiaren magaletik igaroko da eta Elorrietaraino iritsi. Bertan, oinezkoentzako beste ibilbide batekin lotuko da: Ibarrekolanda bidearekin –bertako obraren azken fasea duela gutxi amaitu da–. Guztira, 1.286 metro.

 

Zutabe isolatuetan oinarrituko dira; egurrez eraikiko dira osorik eta argiteria izango dute. Bi metroko zabalera minimoa –oztoporik gabe– izango dute eta % 8ko malda maximoa; halaber, pasabide guztian izango da baranda eta eskudel bikoitza.

Pasabide bakoitzak, gainera, bi begiratoki izango ditu, atseden hartzeko eta Bilboko ikuspegi bikainari begiratzeko.

Obra gauzatzean, ahalik eta begirunerik handienez tratatuko da proiektua kokatuko den ingurune naturala. Hori dela eta, lanak eskuz egingo dira nagusiki, eta, beharrezkoa izanez gero, erabili beharreko makineria txikia izango da, eta lurraren malda handiekin bateragarria.

Bi pasabideak kontuan hartuta, lau milioi eurotik gorakoa da lizitazio-aurrekontua: 2.289.622,08 euro lehenengoak eta 1.904.523,50 euro bigarrenak (lizitazioan jada biak).

AGIRRE LEHENDAKARIAREN ETORBIDEAREN BERRURBANIZAZIOA

Agirre Lehendakariaren etorbidea, Deustun, osorik berrituko da. Berriki amaitutako San Pedro Plazako obraren jarraipen estetiko eta funtzional gisa egingo da proiektua.

Lizitaziorako laster aterako diren lanen helburua da espazioa berrantolatzea, kalea batez ere oinezkoentzat izan dadin, egonleku gehiago egon daitezen eta landaretza eta zuhaitzak protagonismo handiagoa izan dezaten.

Proiektu horren ildo nagusiak hauek dira: kalearen egungo sekzioa birplanteatzea, zoruak eta zoladurak berritzea, bai eta saneamendu- eta hornidura-sareak, altzariak eta argiteria ere.

Bidearen erdiko mehelina kendu, errei kopurua gutxitu eta espaloiaren zabalera handituko da, eta, aldi berean, bi norabideko bizikleta-errei bat sartuko da zenbaki bakoitien aldean. Horrez gain, pasealeku bat sortuko da ibilbide osoan zehar egonlekuekin, eta berdegune eta landaredi gehiago egongo da bidearen eta pasealekuaren artean.

Guztira, 25.805 metro koadrotan egingo da jarduketa, Don Bosco biribilgunetik San Pedro plazaraino.

Obra horren lizitazio-aurrekontua 5.727.753 eurokoa izango da, eta esleitu ondoren, hamabost hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da.

TXURDINAGAKO EKOBULEBARRA, ARTAZURIÑAKO TARTEA

Era berean, aldaketa nabarmena gauzatuko da Txurdinagako Artazuriña kalean. Bide hori datozen hilabeteetan berrituko da, eta altzari berriz eta auzoko Ekobulebarreko elementuz hornituko da; izan ere, bidea Ekobulebarraren proiektuaren barnean dago integratuta.

Izan ere, planteatzen den eta datozen egunetan lizitaziora aterako den lanak kalea bera baino espazio handiagoa hartuko du: Begoñako Basilikaren eta Europa parkeko tunelaren sarreraren arteko lotunea, Santa Monica pasealekuan eta Artazuriñako korridorean zehar.

Txurdinagako Ekobulebarraren irizpideei jarraituta, erraz ezagutzeko moduko estetika emango zaio ibilbideari, zerrenda gorriko baldosa batekin eta pinu-egur argiz eginda eta xehetasun berdeak izango dituen altzari espezifiko batekin.

Zebra-bideak zabalduko dira, gorantz doan erreia erdia oinezkoentzat jarriko da eta kale osoan zehar egonlekuak sortu eta/edo berrituko dira –guztira, bost–, bizilagunei atseden hartu eta elkartzeko eremuak eskaintze aldera.

Halaber, mugarri-itxurako elementuak jarriko dira ibilbideko puntu giltzarrietan, hala nola bidegurutze eta norabide-aldaketetan –seinale espezifikoekin batera–, joan-etorria gidatzeko. Helburu horrekin, metalezko arku batzuk diseinatu dira, eskultura moduan, fikziozko tunel bat simulatzen dutenak; oinezkoa tunel horren barruan ibili ahalko da edo zenbaitetan aurkituko du ibilbidea zehar.

Europa parkeko tunelean, argiztapen guztiz berritua jarriko da: sabai eta hormei itsatsitako tonalitate desberdinetako argien bidez kolorezko ikuskizun bat eskainiko du argiteria horrek.

Obra horiek 1.885.489,66 euroko lizitazio-aurrekontua dute, eta esleitu ondoren, sei hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da.

ETXEBARRIA PARKEKO ZUHAIZTIA

Ia bi milioi euro erabiliko dira Etxebarria parkearen hegoaldea berritzeko, Zumalakarregi etorbidearen eta Mallonako futbol-zelaiaren artean dagoen eremuan. 17.192 metro koadroko jarduketa-eremua da, guztira.

Esku-hartzea handiena eta garrantzi handieneko jarduketak 8.000 metro koadrotan egingo dira, futbol-zelaitik hurbilen dagoen eremuan –oinezkoentzako bideek mugatuta daude eta ia ez dute maldarik–.

Gune horretan zuhaizti-formako zuhaitz-masa handi bat sortuko da –tamaina ertain eta handiko espezie ugariz osatua, bai eta zuhaixka-landarez ere–, eta haren erdian ur-gainazal bat jarriko da, aintzira edo urmael artifizial bat. Parkearen gainerako eremuekin inguratuta eta integratuta, zenbait bide, pasealeku eta bidezidor jarriko dira, bai eta bi egonleku berri ere: horietako batean, haurrentzako gune bat jarriko da, ur-jolasekin, eta bestean, ur-difusoreak.

Urmaelaren ondoan, bi kai proiektatu dira eserlekuekin, uraren aurrean gozatu eta atseden hartzeko. Plataforma berri horiek zurezko egitura izango dute, eta bide-sarearekin eta pasealekuekin lotuko dira.

Eremuaren gainerakoa –ia 10.000 metro koadro– zuhaiztiarekin harmonian diseinatuko da, zoladuraren, altzarien eta gainerako elementuen ikuspegiari dagokionez, baina ez da lurraren morfologian aldaketa nabarmenik egingo, lehenengo eremuan egingo denaren kontrara.

Era berean, eremu osoko argiteria hobetu eta areagotuko da.

Proiektu horren helburua erlaxatzeko eta gozatzeko espazio handi bat sortzea da, adin guztiei zuzendua, ondo konektatua, uraren eta landarediaren arteko oreka bilatuko duena eta herritarrei paseatzeko eta kontenplazioan egoteko leku bat emango diena.

Obra horiek gauzatzeko epea zazpi hilabetekoa da, eta aurrekontua 1.994.810,40 eurokoa.

CAMPO VOLANTINEKO HAUR-JOLASAK

Udalak, era berean, Campo Volantineko umeentzako gunea osorik berrituko du, eta gune horri esentzia magiko bat emango dio: euskal kultura eta mitologia.

Gure sinboloek, gure ondareak eta gure mito eta elezaharrek lekua izango dute bertan.

Uniformetasun estetikoa –egur naturala eta altzairua, besteak beste– izango duten jolas inklusiboko elementuen bidez, ibilbide magiko bat planteatuko da, basoaren kontzeptuari, arkitektura tradizionalari eta izaki mitologikoei lotutako hainbat erreferentzia baliatuta. Horrela, elementu eta jolasgune ugari aurkituko ditugu, hala nola Lamiaren hondartza, Tarttalo zabua, Sorginaren etxetxoa, Basajaunen artaldea, Mariren leizea, Eguzkilore labirintoa eta Marigorringo tranpolina.

Proposamen arrazoitu irudimentsu bat da, euskarazko eta gaztelaniazko erreferentzia eta azalpenekin, haurrei erronkak eta enigmak planteatuko dizkiena, gure kultura eta tradiziora hurbildu eta haren inguruko jakin-mina sorrarazteko.

Jolas fisiko, sentsorial eta sozialak izango dira, 1 eta 12 urte bitarteko haurrentzat, guztiek dibertitzeko elementu bat aurkitu ahal izan dezaten.

Gune hori gauzatzeko epea bost hilabetekoa izango da, eta 576.292,44 euroko aurrekontua bideratuko da horretarako.

JUAN GUISASOLA KALEKO HAUR-JOLASAK (BOLUETA)

Bolueta auzoan erabiltzen ez den espazio bati balioa emateko asmoz, ia 800 metro koadroko orube batean –horietatik 295 m2 Juan Guisasola kaleko 9 zenbakiko etxebizitza-eraikina eraitsi ondoren sortutako guneari dagozkio–, Udalak plaza bat eraikiko du, eta bertan haurrentzako jolasgune bat sortuko da.

Bost jolas multzo izango ditu, 1,5 metro inguruko distantzia izango dutena haien artean, eta horrek irisgarritasuna erraztuko du. Tranpolinak, lianak, zabuak, txirristak eta abar jarriko dira, eta lursailaren beraren desnibelak aprobetxatuko dira: egokitu, zolatu eta hiri-altzariz eta zuhaitzez hornituko da.

Guneak 7 jarleku izango ditu guztira (4 jolas-gunean eta 3 egonlekuan), eta bizikletentzako aparkaleku bat, diseinu espezifiko bat izango duena esparru zehatz horretarako.

Horrez gain, itxitura-fatxadako horman, arte urbanoko horma-irudi bat margotuko da, Bilboko eta Bolueta auzoko motiboak bilduko dituena. Haurren jolasgunearekin lotuta egongo da, eta lurretik altxatuko da 2,5 metroko kotaraino.

Proiektua gauzatzeko epea hamar astekoa izango da eta aurreikusitako inbertsioa 484.233,45 eurokoa.

JOLAS-ESTALKIA CASILDA ITURRIZAR PARKEAN

Casilda Iturrizar parkean, haurrentzako jolaserako espazio estali berri bat sortuko da, egungo haurrentzako aisialdi-eskaintza zabaltzeko.

Eremu berria Meliá hotelaren aurrean dagoen ingurunean kokatuko da, eta babestu egingo du eguraldi txarra egiten duenean, estalki berezi baten bidez. Zehazki, berotegi itxurako beirazko domo bat planteatu da –Frantziako eta Ingalaterrako lorategi klasikoetan oso ohikoa den elementua–.

Proiektua bi eremu bereizitan egongo da antolatuta; bi eremu horiek elkarri lotuak egongo dira, parkean hain presente dagoen naturaren eta jolasaren arteko interakzioa sustatzeko.

    • Haurrentzako jolasgune bat, urmael bat gogorarazten duena.

 

    • Eta egonleku-lorategi bat, aurrekoari oinezkoen zirkuitu baten bidez lotua.

 

Estalkiak egitura geodesiko ijeztu bat izango du; 24 metro inguruko diametroa izango du eta 8,80 metroko altuera maximoa. Horrek 420 metro koadroko azalera izango duen estalpeko jolasgune bat sortuko du.

Obrak hasten direnetik, 7 hilabeteko epea aurreikusten da lanak gauzatzeko, eta 950.000 euro inguruko aurrekontua.

IRISGARRITASUN UNIBERTSALA: SOLOKOETXE, ARTAZU BEKOA ETA MASUSTEGI

Era berean, datozen hilabeteetan, oztopo arkitektonikoak ezabatzeko hiru proiektu gauzatuko dira.

Lehenik eta behin, berriki aurkeztu dira Solokoetxe eta Alde Zaharra lotuko dituzten bi igogailu berriak, eta aste honetan bertan ekingo zaio haien lizitazioari.

Solokoetxeko eskaileretan eraikiko dira, eta horrela oztopo nabarmen hori gainditzeko balioko dute. Halaber, haiei esker, oinezkoentzako konexio bat sortuko da, bi auzoen artean guztiz irisgarria; zehazki, Erronda kaletik –32 zenbakiaren inguruan– Solokoetxeko instituturaino.

Proiektuak 1.875.751,93 euroko aurrekontua du (BEZa barne). Horrez gain, esleitutakoan, hamaika hilabeteko epean gauzatzea aurreikusten da.

Horiei Bilboko bi auzo berritan beste hiru igogailu jartzeko proiektua gehitu beharko zaie; Artazu Bekoa eta Masustegi auzoetan, hain zuzen.

Artazu Bekoan, bi igogailu bertikal berri ezarriko dira:

    • Beheko igogailua, auzoaren erdialdean ezarriko da, autobus-geltokitik gertu, eta bi geraleku izango ditu (180º). Horren bidez 8 metro inguruko desnibela gaindituko da.

 

    • Goiko igogailua, berriz, 29 zenbakidun blokearen ondoan ezarriko da, eta bi geraleku izango ditu (180º). Kasu horretan, 9 metro inguruko desnibela gaindituko du.

 

Igogailu bakoitzerako, sartzeko pasabide bat eraiki beharko da; bata, 17 metrokoa eta bestea, 8 metrokoa, hurrenez hurren.

Igogailuen proposamen horrekin, Errekalden dagoen elementu mekanikoari jarraipena ematea lortuko da gainera; izan ere, anbulatorioaren eremua Artazu Bekoa auzoarekin lotzen du. Horrela, oinezkoentzako ibilbide irisgarri berriak eskainiko dira zerbitzu nagusien artean.

Igogailu horiek jartzeko eta horien pasabideak eraikitzeko inbertsioa milioi bat eurotik gorakoa izango da.

Azkenik, Masustegin igogailu inklinatu bat jarriko da, auzoko barne-mugikortasuna hobetzeko. Proiektu horrek 5.233.230 euroko lizitazio-aurrekontua dauka, eta 11 hilabete inguruko epea, lanak gauzatzeko.

Masustegi estratako beheko aldearen –37, 39 eta 41 zenbakidun atarien atzeko aldean dagoen aparkalekuaren eremua– eta goiko aldearen –111 eta 113 zenbakidun atarien ingurua– arteko lotura izango da.

Guztira, 90,48 metro linealeko bidea egingo du eta 49,86 metroko desnibela gaindituko du, 1,6 metro segundoko abiadurarekin. Kabinaren edukiera: 25 pertsona.

Lan horiek egiteko, eremuaren orografia kontuan hartuta, lehendik dauden lurrak hondeatu eta hormak egin beharko dira igogailuaren hobi inklinatua eraikitzeko; eta, horrez gain, beheko ontziratze-gunea berrurbanizatuko da, gaur egun malda handiko aparkaleku bat baitago (% 6ra gutxituko da malda hori).

SARE SOZIALAK