Euskadiko lau erakundek parte hartuko dute zurezko baso-baliabideak optimizatzeko Europako proiektu batean

0

Berrikuntza, iraunkortasuna eta teknologia dira Basajaun proiektu europarraren oinarria. Zuraren eraldaketako enpresak, ikerketa-erakundeak, elkarteak eta erakunde publikoak biltzen dituen ekimena da, basoen balioa maximizatzeko eta zurarekin eraikitzeko kateak nola optimizatu daitezkeen erakusteko helburua duena. 

BRTA aliantzako kide den Tecnalia euskal zentro teknologikoak gidatzen du proiektua, eta 12 herrialdetako 29 kolaboratzaile ditu, horien artean Euskadiko beste hiru erakunde: Irurena Group, Peñascal Kooperatiba eta Baskegur. Horietako bakoitzaren ezagutzak batuta, ekimenak zura eraikuntzako produktuetan eta konponbideetan lehengai gisa hartzea sustatu nahi du, eraikinen kalitatea, bizigarritasuna eta errendimendua handitzen laguntzen dutela frogatzeaz gain.  

Horretarako, lehenengo jarduera-lerroa zurez egindako eraikuntza-material berritzaileak (isolamendu termikoa, konposatuak, bernizak, SIP) eta sistemak (egitura, fatxadak, zoruak, hormak, sabaia eta finkagailuak) garatzean eta hobetzean zentratzen da; ondoren, bigarren lerro batera igarotzeko, non material horiek Finlandian eta Frantzian eskala errealean eraikiko diren bi eraikinetan frogatutako diren.  

Javier García-Jaca Tecnaliako proiektu-zuzendariak azaldu duenez, “Basajaun ekimenarekin, balio erantsi handiko zurezko produktuak laborategi-eskalan diseinatu eta garatu daitezke, eskalatu eta bi eraikin oso eraikitzeko erabil daitezke, egurraren balio-kate digitalizatua sortzeko eta landa-eremuak sustatzeko”.  

Hirugarren eta laugarren lerroek alderdi digitala eta aurreko guztiak landa-garapenean duen eragina jorratzen dituzte, hurrenez hurren. Beraz, eraikuntzaren balio-kate osoa digitalizatuko da, basotik eraikineraino, ingeniaritza-prozesuaren trazabilitatea eta gardentasuna bermatzeko; eta eskualde mailako landa-garapenaren inpaktua ez ezik, produktuen ingurumen-inpaktua ere aztertuko da. Horretarako, plataforma tematiko bat garatuko da, zur-eskualdeko interesdunak hiriguneekin integratzeko.  

Eraikuntzak

Finlandiako eraikinaren eraikuntza, UNStudio arkitektura estudio holandarraren, VTT ikerketa zentro finlandiarraren eta Vipura eraikuntza enpresa finlandiarraren (guztiak proiektuko kideak) eskutik, 2022an amaituko da eta VTT enpresaren instalazioen ondoan egongo da, Jyväskylen. 500 metro koadroko eraikinak bileretarako eta erakusketetarako espazio konbinatua izango du, baita bi biltegi ere. Beste konpainia batzuen artean, Irurena euskaldunak, mota guztietako gainazaletarako soluzioen garapenean aditua denak (pintura, berniza, etab.), bere material eta produktuak hornituko ditu eraikuntza honetarako. 

“Erakusketa-eraikinaren diseinuak haren ingurunea aprobetxatzen du: batetik, kokalekuan dauden eraikinekin lotuta dago; eta, bestetik, fatxada nagusia Jyväsjärvi lakuaren ikuspegietara bideratuta dago. Eraikin esperimental honek Finlandiako zurezko arkitektura tradizionala zurezko eraikuntzaren etorkizunarekin lotzen du, diseinu kontziente baten eta kontu handiz egindako xehetasunen bidez. Proiekturako diseinatutako eraikuntza-sistemak modularrak dira, eta Basajaun partzuergoan garatutako materialak jasangarriak eta oinarri biologikokoak dira”, azaldu du UNStudioko Alejandro Sánchez Peña arkitektoak. 

 Bigarren eraikina Pian-Médoc ikastetxean eraikiko da, Akitaniako eskualdean, Girondako departamenduan (proiektuko kidea), eta ikastetxeko langileei ostatu emango die. Finlandiakoa bezala, aurten bukatzea espero da.  

SPRI Taldea RIS 3 Euskadi estrategia abian jartzen duen eragileetako bat da, energiaren, fabrikazio aurreratuaren, bio-osasunaren eta nanozientziaren arloetan espezializazio adimenduna bultzatzeko.