Gobernu Kontseiluak Euskadiko Irakurketa Publikoko sareko liburutegien erabilera eta irakurzaletasuna bultzatzeko 330.000 euroko diru partida onartu du

0
PRUEBA

Kultura eta Hizkuntza Politika sailak 330.000 euro bideratuko ditu Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko. Liburutegi publikoen titular diren Euskal Autonomia Erkidegoko udalak, toki-erakunde eskudunak eta udal-liburutegi publikoen arloko zereginak esleituta dituzten EAEko udal-erakundeek eskatu ahal izango dituzte laguntzak.

Irakurzaletasuna sustatzeko, batez ere haur eta gazteen artean, eta Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegietan kultura eta liburutegi zerbitzuak hedatzeko jarduerak lagunduko dira diruz. Besteak beste, honakoak:

    • Irakurzaletasuna sustatzearen arloan profesionalei prestakuntza espezifikoa emateko jarduerak.

 

    • Irakurketako jarduera osagarriak (ipuinaren ordua, irakurketa-tailerrak eta abar).

 

    • Liburuaren inguruko erakusketa bibliografikoak, solasaldiak eta abar antolatzea.

 

    • Literatura-lehiaketak antolatzea.

 

    • Liburua eta liburutegiak sustatzeko kanpainak.

 

Dirulaguntzak banatzeko irizpidea biztanleriaren araberakoa izango da eta erakunde onuraduneko haurren eta gazteen biztanleria, 0 eta 18 urte artekoa, hartuko da kontuan. Gainera erakundeek aurkeztutako proiektuen aurrekontuaren %75erainoko dirulaguntza jaso ahal izango dute eta laguntza hori ez da inoiz 30.100 euro baino gehiagokoa izango.

Iazko deialdian guztira 158 udalek jaso zuten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegien zerbitzuen erabilera eta irakurketa sustatzeko dirulaguntza.