Hezkuntza Sailak 28,8 milioi euro bideratuko ditu hainbat ikastetxe publikotako jantoki zerbitzurako (Gobernu Bilera 2022-7-5)

0
Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuaren proposamenez, 28.836.768 euro bideratzea jantokien zerbitzua kontratatzeko. Zehazki, Bizkaiko eta Gipuzkoako Lurralde Historikoetan dauden Hezkuntza Sailaren mendeko hainbat ikastetxe publikotan kudeaketa zuzeneko jantokien funtzionamendurako janari prestatuak egiteko, garraiatzeko eta emateko, elikagaiez eta lehengaiez hornitzeko eta prestazio osagarriak emateko zerbitzua kontratatzera bideratuko da gastu hori.

Guztira, 50 eskola-jantoki dira, aipaturiko lurralde historiko horietan kokatuak, eta mistotzat jotzen den zerbitzu-modalitatea dutenak, hau da, garraiatutako janariaren eta in situ janariaren modalitateak konbinatzen dituena.

Gobernu Kontseiluak gaur gastua onartu ondoren, Hezkuntza Sailak jantoki-zerbitzua kontratatzeko lizitazioa abiatuko du.

Kontratazio publikoan ETEek (enpresa txiki eta ertainek) parte-hartze handiagoa izatea sustatzeko, Hezkuntza Sailak hainbat lizitazio prestatu ditu, ematen den zerbitzu motaren arabera eta zerbitzua zein Lurralde Historikotan emango den kontuan hartuta. Horrela, oraingo honetan, guztira 9 lote aterako dira lehiaketara Bizkaiko eta Gipuzkoako 50 eskola-jantokitan zerbitzua emateko, era honetan banatuta:

    • Bizkaia: Lurralde Historiko honetan ezaugarri horiek dituzten 25 eskola-jantoki daude. Zerbitzu hau emateko 6 lote eskainiko dira lehiaketan, 15.849.042,06 euroko balioarekin.

 

    • Gipuzkoa: Gaur egun, ezaugarri horiek dituzten 25 eskola-jantoki daude Gipuzkoan, eta 3 lotetan lizitatuko dira, 12.987.726,18 euroko balioarekin.

 

Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko jantoki hauetan guztietan modalitate mistoko zerbitzua eskaintzen da, eta 9.400 menu inguru ematen dira eguneko. Kontratu hauen iraupena 30 hilabetekoa izango da (uztaila eta abuztua kontuan hartu gabe), eta luzatzeko aukera izango da. Arabako Lurralde Historikoan ez dago egun modalitate honetako zerbitzua eskaintzen duen jantokirik.

Zerbitzua esleitzeko irizpideek, indarrean dagoen araudiak ezartzen dituen kalitate-estandar, kontrol eta elikagaien segurtasun-neurri guztiez gain, ingurumen-jasangarritasuna eta elikadura osasungarria sustatzeko irizpideak ere jasotzen dituzte.

Gaur egun, Hezkuntza Sailaren kudeaketa zuzeneko 515 jantoki daude Euskadin guztira, eta egunero 85.000 menu inguru zerbitzatzen dira horietan, Haur Hezkuntzako, Lehen Hezkuntzako eta DBHko ikasleen artean. Jantoki horiek menu eta dieta mota hauek eskaintzen dituzte: menu basala; arrautza-esneki-barazkien menua; arrautza-esneki-barazki eta arrain menua; txerrikirik gabeko menua; eta nutrizio-premia berezietarako dietak (intolerantziak, alergiak, eta dieta bidezko tratamendu espezifikoa daukaten patologietarako dietak; espezialistaren txosten mediko ofizialarekin).