‘Udako Musika Printzak’ zikloak musika banda jarriko dio Garbitokiari eta Bakardadearen kaperari

0
PRUEBA

Ostiral honetan izango da lehen kontzertua 21:00etan hasita Done Jakue Kaleko garbitokian. Lehen emanalandia Ganbera musika saioa izango da eta Ignacio Arakistain azpeitiar organu-jotzailea, Garazi Navas akordeoilaria eta Maria Martin abeslaria arituko dira.

Iazko harrera ona ikusirik, aurten ere uztailerako antolatu du Azpeitiko Udalak, Kulturazekin elkarlanean, Udako Musika Printzak ekimena. Iaz, Basazabalen eskainitako kontzertu bat izan zen. Aurten, estilo desberdinetako hiru doako kontzertuz osatutako zikloa izango da. Ostiral honetan, hilaren 8an, izango da lehen kontzertua. Lehen bi kontzertuak Done Jakue kaleko garbitokian izango dira.

“180 urte betetzen ditu aurten Garbitokiak, eta 180 graduko bira eman eta bi musika kontzerturekin ospatuko dugu urteurrena”, adierazi du Agustin Lizarralde Turismo zinegotziak. Kontzertu hauen bidez, musika kontzertu desberdinak eskaintzeaz gain, “kultur espazio berriak bilatze eta ordare historikoari balioa ematea” ere bada.

Iaz bezala, aurten ere Ignacio Arakistain azpeitiar pianojolea oholtzan izango da. Antolaketan ere badabil eta kontzertuetan “oreka” bilatu dutela adierazi du: “Hiru kontzertu izanik, estilo desberdinen arteko zein ahots zein musika instrumentalaren arteko oreka bilatu dugu”. Azpeitian horrelako kontzertuak antolatzeko “baldintza guztiak” betetzen direla ere azpimarratu du: “Basazabal edo garbitokia bezalako lekuak izateaz gain, Udalak ere baliabideak eskura jartzen ditu horrelako ekimenetarako eta Kulturaz ere hor dago laguntzeko. Eta hori suerte handia da”.

Hiru kontzertu, garbitokian eta kaperan

Ostiralean, uztailaren 8an, 21:00etan hasita, Garbitokian Ganbera musika kontzertua izango da. Bertan, Ignacio Arakistain azpeitiar organu-jotzailea, Garazi Navas akordeoilaria eta Maria Martin abeslaria arituko dira.

Astebete beranduago, hilaren 15ean, ordu eta leku berean, The Chickpeas Jazz taldea izango da ikusgai. Taldea, Ion Dorregarai, Pablo Lopez Barrios, Jon del Campo eta Maialen Tellabide musikariek osatzen dute taldea.

Azken kontzertua, berriz, hilaren 16an, larunbatean, 19:30ean Parrokiako Bakardadearen Kaperan izango da. Irungo Iga abesbatza gaztea arituko da Eneko Amundarain Irastorzaren gidaritzapean. Gonbidapenak dagoeneko eskuratu daitezke Kulturazen webgunean.