Juan Mari Aburto Udaletxean batzartu da Teppo Markus Tauriainen Suediako Enbaxadorearekin

0

Juan Mari Aburto Bilboko Alkatea Udaletxean batzartu da gaur goizean Teppo Markus Tauriainen Suediako Enbaxadorearekin, Javier Font Pérez Suediaren Bilboko Ohorezko Kontsul berria tarteko zela. Hauxe da Aburto Alkateak Suediak Estatuan duen ordezkari diplomatiko gorenarekin egin duen hirugarren bilera, 2017ko otsailean eta 2015eko ekainean aurreko enbaxadoreekin Udaletxean izandako topaketen ondoren.

Teppo Markus Tauriainenek (Kuusamo, Finlandia, 1961) Goteborgeko Unibertsitateko Finantza, Ekonomia eta Zuzenbide Eskolan ikasi zuen eta sei hizkuntza (suediera, finlandiera, ingelesa, gaztelania, frantsesa eta alemana) menderatzen ditu.

Diplomazian 35 urte inguruko ibilbidea egina duela, Tauriainenek erantzukizun goreneko postuak bete ditu Suediako Kanpo Arazoetako Ministerioan eta hainbat enbaxadatan, eta Suediako Enbaxadore izan da Singapurren eta Kanadan, baita Ameriketako Departamentuko Zuzendari Nagusi Laguntzailea eta Suediako Gobernuko Merkataritzako Zuzendari Nagusia ere, harik eta 2019ko irailean Suediak Madrilen duen legazio diplomatikoko Enbaxadore izendatu zuten arte, aurreko Enbaxadore Lars-Hjalmar Wideren ordez.

Hiri-eraldaketako ereduaren harira azken urteotan Eskandinaviako herrialde horretako hainbat ordezkaritza erakarri dituen Bilboko hirira egindako lehen bisita ofizial honetan, Suediako Enbaxadore berriak eta Bilboko Alkateak gaurkotasuneko gaiak jorratu, eta harremanak indartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi dute, bi aldeen intereseko alderdietan aurrera egiteko asmoz.