Etxebizitza Sailak 2.812 familiari jakinarazi die baldintzak betetzen dituztela eta etxebizitza bat eskuratzeko eskubide subjektiboa eska dezaketela

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailak gutun bidez jakinarazi die 2.860 familiari etxebizitzarako eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak betetzen dituztela. Etxebiden inskribatutako pertsonak dira, Legeak planteatutako eskakizunak betez, oraindik tramitea egin ez dutenak.

Etxebizitzako eskubide subjektiboa eskatzeko baldintzak honako hauek dira: etxebizitza edo bizitoki egonkor edo egokirik ez edukitzea, Etxebideren Etxebizitza Babestuen eta Zuzkidura Bizitokien Eskatzaileen Erregistroan izena emanda egotea alokairu-erregimenean gutxienez 4 urteko antzinatasunarekin, 3 kide edo gehiagoko bizikidetza-unitateetan urtean gehienez 15.000 euroko diru-sarrera haztatuak ez gainditzea, 12.000 eurokoak 2 kideko bizikidetza-unitateetan, eta 9.000 eurokoak kide bakarreko bizikidetza-unitateetan.

Aste honetan banatzen hasi den jakinarazpenean, gainera, aitorpena izapidetzeko eman behar dituzten pausoen berri ematen zaie, baita aitorpena fisikoki eta telematikoki non aurkeztu behar duten ere. Gutun guztiekin batera dagokion eskabidea aurkeztu behar da. Lurraldeka, 2.812 komunikazioak honela banatzen dira: 513 Araban, 1.515 Bizkaian eta 784 Gipuzkoan.

Eskubide subjektiboa onartzeak berekin dakar etxebizitza bat alokairu-erregimenean esleitzea, edo, etxebizitzarik ez badago eskuragarri, prestazio ekonomiko bat eskuratzea, hilean gehienez 275 eurokoa, alokairu hori ordaintzeko bakarrik erabili beharko dena.

Etxebizitzaren Legea abian jarri ondoren, Euskadin, gaur egun, 6.777 familiak dute eskubide subjektiboa aitortuta eta indarrean. Horietatik 1.324 Arabakoak dira, 4.392 Bizkaikoak eta 1.061 Gipuzkoakoak.