Euskal Antzerki Topaketen Wikipediako txokoa osatzeko saio irekia egingo da uztailaren 13an

0
Uztailaren 13an, egun osoan, Wikipedia osatzeko saioa egingo da Sanagustin kulturgunean. Aurten 40 urte beteko ditu Euskal Antzerki Topaketak eta historia biltzeko ekimena abiatu dute Udalak eta Kulturaz kooperatibak

Aurtengoa urte berezia da Azpeitian egiten diren Euskal Antzerki Topaketentzako; izan ere, 40 urte beteko dira aurreneko topaketa egin zenetik. Hori dela eta, Azpeitiko Udala eta Kulturaz kooperatiba elkarlanean hainbat ekitaldi berezi prestatzen ari dira. Ekintza horien baitan lehena, uztailaren 13an egingo da, Sanagustinen.

Ospakizun gehienak udazkenean izango diren arren, horren aurretik topaketen baitako informazioa batu nahi da. Lau hamarkadetako historia bildu. Horretarako, aurreneko pausua Udal Artxibora jotzea izan da. Bertan informazio ugari dago, eta, nolabait, ikusgarri eta eskura jarri nahi da herritar ororentzat jasotzen ari direna.

Zehazki Wikipedia igotzen hasi nahi da bildu den lagin bat, modu horretan zabalkundea izan dezan, eta, era berean, Azpeitiko Antzerki Topaketek leku propioa izan dezaten, sareko eduki askeko entziklopedian. Halabaina, artxibotik jasotzen ari diren informazioaz gain, garrantzitsua iruditzen zaie sustatzaileei herritarrek jasota izan dezaketen edozein informazio edo irudi elkarbanatzea edo zuzenean Wiki-sarrerara igotzea norbere kabuz.

Horri guztiari hasera emateko, uztailaren 13an, asteazkenean, hainbat saio antolatu dira Sanagustin kulturgunean. Goizean 10:00tan egingo da aurkezpena. Ondoren, 10:30etatik 13:00ak bitartean egingo da saioa. Arratsaldean, berriz, hastean, 16:00etan goizeko saioaren laburpena eginda; ondoren, 19:00ak bitartean, lanean jarraituko dute. Saioetan parte hartzera animatzen direnei kafea eta gailetak eskainiko zaizkie. Antolatzaileek gaian interesa duen oro gonbidatu nahi du parte hartzera.