Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak arrakastaz burutu dute Plentziako eta Gorlizko hondartzetan antolatutako larrialdi-simulakroa

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaiko hondartzetako larrialdiei aurre egiteko dituzten baliabideen koordinazioa testatu dute gaur, Plentziako eta Gorlizko hondartzetan egindako simulakro batean. Arrakastaz burutu den ariketan bi pertsona erreskatatu dituzte itsasoan eta lehorrera iritsi den isurketa kutsatzaile bat kontrolatu dute.

Simulakroa goizeko 11:00etan hasi da, eta bertan Bizkaiko Foru Aldundiko Hondartzetako Istripuak Prebenitzeko, Sorospenerako eta Laguntzarako Zerbitzuak eta Hondartzetako Garbiketa Zerbitzuak, Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Ertzaintzak, Osasun Publikoko teknikariek eta Osakidetzak eta Gorlizko eta Plentziako udaltzaingoek parte hartu dute.

Simulakroa hasi denean, SOS Deiak 112 Zerbitzuak herritarren hainbat abisu jaso ditu hondartzaren mendebaldean bi bainulari uretan laguntza eske ari zirela esanez. Zerbitzuak berehala jarri du abian itsasbazterreko salbamendu-taktika, eta Larrialdiei Aurre Egiteko Euskal Sistemako hainbat zerbitzu operatibo mobilizatu ditu. Handik bost minutura, Ertzaintzaren Aginte eta Kontrol Zentroak (Ardatz) SOS Deiak zerbitzuari jakitera eman dio Plentziako hondartzan zegoen Getxoko Ertzain-etxeko herritarren babeserako patruila batek ere jakinarazi duela bi bainularik zituztela arazoak hondartzan, eta bertara zihoala.

Ertzaintzaren helikoptero bat eta Zaintza eta Erreskate Unitatearen ontzi bat hurbildu dira lekura, eta aireontziak garabi batekin jaso du eta eraman du itsasertzera laguntza behar zuen pertsonetako bat. Bestea Foru Aldundiko Hondartzetako Istripuak Prebenitzeko, Sorospenerako eta Laguntzarako Zerbitzuak erreskatatu eta egonkortu du, ospitalera eraman aurretik. Bizkaiko Foru Aldundiko zerbitzu horrek berak artatu du bigarren bainularia ere.

Isurketa bat garbitzea

Uretan arazoak zituzten pertsonen abisua jaso eta handik laster, dei baten bidez jakitera eman dute Gorlizko hondartzan zikinkeria eta orban handiak zeudela, eta itsasoaren eta marearteko zonaren kutsaduraren arloko taktika aktibatu da eta berehala pasa zaie abisua Bizkaiko Foru Aldundiko Hondartzetako Istripuak Prebenitzeko, Sorospenerako eta Laguntzarako Zerbitzuari eta Hondartzak Garbitzeko Zerbitzuari.

Isurketa aurkitu ondoren, zerbitzu horietako langileek kutsadura-arriskua zuen hondartzako eremua balizaz inguratu dute eta SOS Deiak zerbitzuarekin harremanetan jarri dira isurketaren kokapenaren, kutsadura-motaren, neurrien eta ezaugarrien eta izan dezakeen eraginaren berri emateko.

Ondoren, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren arloko teknikariak hurbildu dira isurketak erabiltzaileen bainuan edo hondartzako jolas-jardueretan izan zezakeen eragina baloratzeko, eta Bizkaiko Foru Aldundiko Garbiketa Zerbitzuak kontrolatu du kutsadura fokua eta garbitu du eta tratatu du kutsatutako eremua, Iraunkortasuna eta Ingurune Naturala Zaintzeko Sailak ezarritako prozedurak jarraituz.

Behin simulakroan zehaztutako agertokia ziurtatu eta leheneratuta, 112 SOS Deiak zerbitzuak amaitutzat eman du jarduera eta ariketa.