Eusko Jaurlaritzak gizarte-aurreikuspen osagarriari eta pentsioei buruzko aktualitatearen jarraipenerako Behatokia jarri du abian

0

Eusko Jaurlaritzak, Ekonomia eta Ogasun Sailaren bitartez, abian jarri du gaur, asteazkena, Euskal Autonomia Erkidegoko Gizarte Aurreikuspen Osagarriaren Behatokiaren egoitza elektronikoa. Egoitza elektroniko hori pentsioei eta gizarte-aurreikuspen osagarriari buruzko aktualitatearen jarraipena egiteko tresna tekniko iraunkorra izango da. Horrela, pentsioen eta gizarte-aurreikuspen osagarriaren egoeraren eta bilakaeraren ikuspegi globala eta iraunkorra ziurtatu nahi da.

Finantza Politikako Zuzendaritzak sustatzen duen Behatoki hori gizarteari, oro har, zuzentzen zaio —interes handia baitu gure pentsioen etorkizunaren inguruan—, eta, zehazki, Euskal Autonomia Erkidegoan gizarte-aurreikuspen osagarriaren arloan lan egiten duten pertsona kopuru handiari, arduradun politiko eta teknikoei, kudeatzaileei, erakunde- eta gizarte-ordezkaritzako organoei, ikertzaileei, hezitzaileei eta gizarte-aurreikuspenaren arloan diharduten gainerako eragileei.

Gai horren inguruko ezagutza handitzeaz gain, baliagarria izango da gogoeta sustatzeko eta eragileei aukera emango die ondorioak aurreratzeko eta jarduketa-espazioan sartzen diren askotariko aldaketen aurrean erreakzionatzeko.

Europako Kontseiluak pentsio bideragarriak eta kalitatekoak bermatuko dituzten estrategia nazionalen arloan ezarritako helburuetako batean sartzen da proiektua: pentsioen erreformen eta politiken kontrol efizienterako informazio- eta metodologia-oinarriak hobetzea. Xede da euskal administrazioek eta sektoreko gainerako eragileek ezagutza egokia izatea, jarduteko estrategiak eta planak ezin hobe egin ditzaten.

Behatoki hori jada jasota zegoen Eusko Jaurlaritzak 2006ko urtarrilaren 10ean onartutako Euskadiko Gizarte Aurreikuspen Osagarriko Planean zehaztutako bost ardatz estrategikoetako hirugarrenean.

Horretarako, etengabe eguneratuko den egoitza elektroniko bat sortu da Finantza Politikako Zuzendaritzako Gizarte Aurreikuspeneko Zerbitzuan. Egoitza elektroniko horren bidez, munduan sortzen diren gai horri buruzko albiste garrantzitsuenen berri emango da. Tresna informatikoak Eusko Jaurlaritzak abian dituen beste behatoki batzuen antzeko formatua du (Euskadiko Behatoki Turistikoa edo Euskadiko Merkataritzaren Behatokia).

Bere lana hedatzen laguntze aldera, Gizarte Aurreikuspeneko Behatokiak hiru hilean behin newsletter bat prestatu eta banatuko du. Gaur estreinatu den newsletter horren lehen zenbakian, adibidez, arreta berezia eskaintzen zaio 2021ean Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen ondarea Euskal Autonomia Erkidegoko barne-produktu gordinaren % 38,1 izateari eta Europako pentsio-sistemen eta Euskadiren posizioaren arteko konparazioari, betiere gizarte-aurreikuspen osagarriaren eta, oro har, pentsioen inguruko bestelako informazio garrantzitsuaren artean.