Ertzaintzak «Errespetua, Memoria, Bizikidetza», Miguel Ángel Blancoren bahiketaren eta hilketaren 25. urteurrena gogoratzeko erakusketa, inauguratu du

0

Rodrigo Gartzia Segurtasuneko sailburuordeak eta Josu Bujanda Ertzaintzaren buruak gaur inauguratu dute Ermuko Izarra Centren Ertzaintzak Miguel Ángel Blancoren bahiketaren eta hilketaren 25. urteurrena oroitzeko antolatu duenErrespetua, Memoria, Bizikidetza erakusketa. Ermuako Udalarekin batera antolatu den erakusketa hori uztailaren 8tik 24ra bitartean egongo da jendearentzat zabalik.

100 metro karratuko eremu batean antolatutako ibilbide inguratzaile eta multisentsoriala da. Erakusketak bereizita baina, aldi berean, elkarren segidan dauden 6 gune ditu, eta osotasunean hartuta esperientzia berritzailea eta dinamikoa eskaintzen diote ikusleari; izan ere, ikus-entzunezko formatuak, esaldiak, poemak, aipuak eta objektuak daude bertan, bai eta erakusketa bisitatzen duenaren ikuspuntua duten interakzioak eta jokoak ere.

Eusko Jaurlaritzak sortu duen erakusketak argiarekin ere jokatzen du, eta gune intimo eta ilunenetik abiatzen da, ETAren historiaren zatirik ankerrena islatuz. Horien artean dago Miguel Ángel Blanco hil zuteneko 25. urteurrenari eskainitako lekua. Euskadiko mapan bildutako leku horretan bideo bat ikus daiteke, atzera-kontaketako formatuan, nolabait ere bere bahiketaren 48 orduetan bizi izandako larritasun soziala islatzen duena. Bestalde, leku horretan egongo den bitrina batean hil zutenetik gaur arte egin den ikerketa osoa biltzen duen polizia-atestatuko 12 liburukien erreplika bat ikusi ahal izango da.

Hortik aurrera, erakusketan pixkanaka-pixkanaka argia sartzen hasten da, eta hurrengo guneetan Ertzaintzaren egungo lana eta gizartearekin duen elkarreragina, gazteen eta Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiako egungo ikasleen lekukotasunak eta euskal gizartearen erresilientzia eta etorkizunera begiratzeko gogoa egiaztatzen duten hainbat esaldi erakusten dira.

Era horretara, erakusketa beirate handi batean amaitzen da, tranpantojo moduan antolatuta: esaldi batzuk alderantziz idatzita daude, eta ikusleak, irakurri ahal izateko, ispilu-azalera baten aurrean jarri beharko du eta ispiluak esaldiak ongi eratuta itzuliko dizkio eta horien artean bere isla ikusi ahal izango du. Erakusketan urruneko errealitate baten ikusle gisa sartzen diren eta bidaia hunkigarri horretan bizi izandako historiaren parte eta protagonista sentituz irteten diren pertsonekin egiten den jokoa da. ETAk eragindako kaltearen gainean hausnarketa egiteko eta norberak bere konpromisoa hartzeko gonbidapena da. Gainera, liburu bat jarriko da nahi duenak, gero, bere desioak edo sentimenduak adierazi ahal izateko.

Omenaldia eta aitorpena

Ertzaintzak Ermuko Izarra Centren egin duen lanak ETAren biktima izan ziren agenteak oroitzeko eta omentzeko une batzuk ere izango ditu. Horrela, familiartekoen eta indarkeria jasan duten agenteen lekukotasunak biltzen dituen bideo bat egongo da. Horrez gainera, terrorismo-urteetan euskal gizarte osoa babesteko, polizia-eginkizun guztiz ezezagunetan, isilean eta modu anonimoan, aritu diren agente guztiei berariazko aitorpena adieraziko zaie.

Azkenik, txoko batean 15 txapel eta su-ontziaren erreplika bat jarriko dira ETAk hildako 15 agenteak gogora ekartzeko. Jatorrizkoa egurrez, burdinez eta zementuz egindako eskultura bat da, eta Iñigo Urkullu lehendakariak Euskal Poliziaren Museoan inauguratu zuen “Hemen Gaude” gunean dago, ETAk hildako hamabost ertzain horiek betiko gogoratzeko: Jorge Díez Elorza, Ramón Doral Trabadelo, Carlos Díaz Arcocha, Iñaki Totorika Vega, Luis Hortelano García, Mikel Uribe Aurkia, Alfonso Mentxaka Lejona, José María Aguirre Larraona, Juan José Pacheco Cano, Genero García de Andoain Larrinaga, Javier Mijangos Martínez de Bujo, Ana Isabel Arostegui Legarreta, Joseba Goikoetxea Asla, José Luis González Villanueva eta Iñaki Mendiluze Etxeberria.