Udaletako emakume hautetsiek toki-agintaldi berrirako konpromisoak hartu dituzte, «emakume gehiago eta askotarikoak erakartzea»

0

Gaur goizean, Gorka Urtaran elkarteburuak eta Beatriz Artolazabal sailburuak tokiko emakumezko hautetsien sarearen 10. urteurrena ospatzeko ekitaldia ireki dute. Sare hori Euskadiko Udalen Elkartearen eta Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailaren–Emakunderen bidez– lankidetzaz bultzatu da. Virginia Woolf Basqueskolaren urteko topaketa Bilboko Zabalgune eraikinean egin da aurten, eta EAEko emakumezko alkate eta zinegotzien berezko aliantza-gune horren talde eragileko kideak eta beste parte-hartzaile asko bildu ditu.

Basqueskola 2012an jaio zen Suediako emakume hautetsien sarean inspiratuta, eta ekimen aitzindaria izan zen Euskadin, baita Estatuan ere. Ekimena martxan jartzen lagundu zuten pertsona batzuk egon dira ekitaldian, besteak beste: Ibone Bengoetxea, EUDELeko elkarteburua 2011tik 2015era (orain EiTBko zuzendari kudeatzailea), Mar Zabala, EUDELeko zuzendari nagusia, eta Izaskun Landaida (Emakundeko egungo zuzendaria) garai hartan, Euskadiko Udalen Elkartearen berdintasun-ordezkaria, Ugaoko alkate gisa.

Ekimena sustatu duten bi erakundeek batera aitortu dute hiru lurraldeetako, eta neurri eta sentsibilitate politiko askotarikoetako emakume hautetsien lan “indibidual eta kolektiboa”, “sarea ehuntzen” lagundu baitute.

Gorka Urtaran elkarteburuak bere hitzaldian nabarmendu duenez, “EUDELen, Basqueskolaren proiektua lehentasunezko konpromisoa da emakumeen ahotsa, lidergoa eta aliantza indartzeko, bai udaletan, bai udalerrien bizitzan”. Urtaranek emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua lortzeko aurrerapausoak balioetsi ditu. Eta gaineratu du lanean jarraitu behar dela “emakume gehiago eta askotarikoak erakartzeko politikaren eta gizartearen parte-hartzera, genero-

berdintasunik gabeko demokraziarik ez dagoela sinetsita. Egin dezagun bosgarren GJHa 2030 Agendaren ardatz”.

Justizia- eta oreka-kontua izateaz gain, elkarteburuak hau adierazi du: “tokiko gobernuetan berdintasunarekin konprometitutako emakume gehiago izateak aukera ematen du emakumeen bizi-baldintzak hobetzen dituzten politikak eta zerbitzuak indartzeko, udalerri berdinzale eta inklusiboetatik”.

Vitoria-Gasteizko alkate gisa, Gorka Urtaranek foro honetan egon dela baliatu du azpimarratzeko zer garrantzi duen gizonezkoen inplikazioak gizarte berdinzaleago bat lortzeko. Elkarteburuak EUDELeko gizon hautetsiek Gizonduz prestakuntza-planean parte hartzen dutela azaldu du. Ekimen hori Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailak ere sustatzen du, Emakunderen bitartez: “Gizonezkoek ekarpenen bat egin ahal badugu, gizonezkoen aldaketa da, maskulinitate eredu berrien bitartez, bai eta kontzientziatzea ere, berdintasuna ez dela eskubideak galtzea, baizik eta gizarte guztiarenak areagotzea”.

Bestalde, Beatriz Artolazabalek, Euskadiko gobernu bateko lehenbiziko berdintasun-sailburuak, emakumeek parte-hartze publikoan eta lidergoan egindako aurrerapausoak goraipatu ditu, baina “oraindik ere zenbait urrats egiteke daudela” aitortu du. Artolazabalek Basqueskolaren helburuen balioa aipatu du: “Emakumeen lidergoa bultzatzea; emakumeen ahalduntzeari buruzko heziketa ematea; emakumeek tokiko erakundeetan duten eragina indartzea; eta emakumeak bakarrik ez daudela eta politika egiteko beste modu bat dagoela erakustea”. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela “emakumeak erabaki-guneetan egotea, baita elkarren arteko sareak eratzea ere”.

Sailburuaren hitzaldiaren ardatz nagusia ahalduntzearen sustapena izan da, hori izango baita “lanabesa” ardura-kargu batek berez dituenei gehitutako zailtasunak gainditzeko; azaldu duenez, “funtsezkoa da emakumeen parte-hartze soziopolitikoari bultzada emateko”.

Azkenik, Beatriz Artolazabalek zaintza ere izan du hizpide. “Garapen ekonomiko eta kulturala eta ongizate sozial handia duen gizarte batek ezin du onartu herritarren zati batek, emakumeek, zaintza-lan gehiena berenganatzea. Zaintza baloratzeko eta berdintasunez banatzeko beharra jasota dago garapen jasangarrirako 2030 Agendan, Berdintasun Planean eta sustatzen ari garen Berdintasunaren eta emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Itunean”, gogorarazi du.

Sarearen hamargarren urteurrenaren ospakizunak bat egin du Basqueskolaren urteko jardunaldiarekin, zeinak aurten «Zainketen tokiko eredu berri baterantz» izenburua izan duen. Matxalen Lejarreta soziologiako doktore eta EHUko ikertzaileak Zertaz ari gara feminismoetatik zainketez ari garenean? hitzaldia eman du, bizitzaren erdigunean zaintza duen sistema baterantz aurrera egiteko gakoei buruz.

Jardunaldiaren egitaraua osatzeko, arlo honetako udal-esperientzia aitzindarien panela egon da. Mahai-inguruan Amurrioko alkate Txerra Molionuevok, Elorrioko alkate Idoia Buruagak eta Pasaiako zinegotzi Loreto Osak hartu dute parte. EAEtik

kanpoko esperientzia gonbidatu gisa, Bartzelonako Udalak hartu du parte, eta Gizarte Ekintzako mandatari Sonia Fuertes izan du ordezkari.

 

Toki-agintaldi berrirako konpromisoak

Elgoibarko alkate eta EUDELek Basqueskolan duen Batzorde Eragilearen ordezkari Ane Beitiak aurreratu duenez, 2023ko udal hauteskundeen ondoren eratuko diren euskal udaletako emakume hautetsi berriei harrera egiteko programa espezifiko bat prestatzen ari dira.

Ekitaldiaren une nagusian, Basqueskolako lau ordezkarik hitza hartu dute 2023-2026 arteko udal legealdi berrian ondorengoei transferitu nahi dizkieten konpromisoak azaltzeko. Maite Etxebarria Abanto-Zierbenako alkatea, Carmen Díaz Getxoko zinegotzia, Maite Cordoba La Puebla de Labarcako alkatea, eta Paula Amieva Getxoko zinegotzia, mezu hauen bozeramaileak izan dira:

1.- Basqueskolak laguntza ematea emakumeek udal-politikan duten sarbidea, iraupena eta eragina hobetzeko.

Ekintzak: bizitza politikoa, profesionala eta pertsonala uztartzearen alde lan egitea. Desparekotasunak eta estereotipoak agerian jartzea. Politikan dagoen indarkeria sexista prebenitzea, gaiari buruz kontzientziatzea eta indarkeria horri aurre egitea.

2.- Basqueskolak emakume gehiago eta askotarikoak politikako partaidetzara erakartzeko lan egitea.

Ekintzak: eredu desberdinen araberako emakume erreferenteak ikusaraztea. Basqueskolako harrera-sarea zabaltzea, tokiko emakume hautetsi berriei laguntzeko. Emakume gazteak emakume-erakundeekin elkartzeko eta haietara hurbiltzeko guneak sortzea.

3.- Basqueskolak tokiko politika eraldatuko duen lidergo feminista bat eraikitzeko lan egitea.

Ekintzak: feminismoari eta lidergoari buruzko prestakuntza-eskaintza handitzea, ahalduntze kolektibo feministaren ikuspegitik, Basqueskolan eta udaletan.

4.- Basqueskolak sare eta aliantzak modu estrategikoan ezartzeko lan egitea, Basqueskola GENERATION EQUALITY konpromisoak bultzatze aldera.

Ekintzak: udal-bizitzan inplikatuta dauden eragile eta erakundeekin sarean lan egiteko guneak sustatzea. Berdintasuneko jardunbideen bitartez tokiko politika eraldatzeko konpromisoa duten tokiko hautetsiekin elkartzeko guneak sustatzea.

 

Euskal emakume hautetsien lidergoaren egoera

EAEko tokiko ordezkaritza politikoa

1.215 tokiko emakume hautetsi (%46) / 77 emakume alkate (%30,7)

    • Araba: 182 emakume hautetsi (%42,5) / 13 emakume alkate

 

    • Bizkaia:  575 emakume hautetsi (%46,5) / 35 emakume alkate

 

    • Gipuzkoa: 458 emakume hautetsi (%46,7) / 29 emakume alkate

 

Europako Udalerrien eta Eskualdeen Kontseiluak ordezkaritza politikoari buruz egindako azken txostenaren arabera, EAEko udalak emakumeen eta gizonen artean oreka handiena duten tokiko gobernuen buruan daude (hautetsien %46 emakumeak dira), Europako batez besteko %29aren eta Espainiako Estatuko %36aren oso gainetik.

Halaber, Euskadiko tokiko gobernuetan, alkateen %30,7 emakumeak dira; hala, Europako batezbestekoa gainditzen du (%15), eta, Islandiarekin, Suediarekin, Finlandiarekin, Norvegiarekin eta Suitzarekin batera, emakumezko alkateen ehuneko handiena duten bost herrialdeen artean dago.

Basqueskolak hamar urte

Basqueskolak Europa mailako aitorpena lortu du «jardunbide egoki» gisa, Europako Udalerri eta Eskualdeen Kontseiluaren aldetik; era berean, Commonwealtheko Tokiko Gobernuen Foroaren aitorpena jaso du.

Euskadiko sare hau esperientzia eredu gisa gonbidatua izan da nazioarteko foroetan, hauetan, besteak beste: Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Goi Bileran, Cuscon, Perun (2022ko martxoa); Uruguaiko Emakumeen Institutuan (2021eko azaroa); Flandriako gobernuak eta New Yorkeko Udalak elkarrekin antolatutako jardunbide egokien foroan (2021eko martxoa); eta tokiko emakume hautetsien arteko topaketan, El Salvadorren (2019ko ekaina).

Sarearen helburu nagusietako bat da formakuntza, coaching eta emakume ezagutza-trukea. Besteak beste, gai hauek landu dira: emakumeen arteko itunak eta aliantzak; denboraren erabilera partaidetza politikoan eta bizitza pertsonalean; emakumeen memoria historikoa berreskuratzea; berdintasunezko jaien eredua, eta, berrikiago, NBE Emakumeak erakundearen Beijing + 25 ekimena, zeinak, Eusko Jaurlaritza buru dela, Berdintasunaren eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko bizitzen aldeko Herri Ituna sorrarazi duen.

Esperientzia handiena duten emakume hautetsien kargurako BIDELAGUN mentoretza-programa 2019tik 2020ra abiarazi zen, programa pilotu berritzaile gisa. Hamabost emakume mentorek hautetsi berri bati edo gehiagori egin zieten harrera eta eman zieten laguntza. Guztira, 33 udalerritako beste hainbeste emakume hautetsik hartu zuten parte.