Joan den astelehenean abiatu ziren AEKn aurtengo udako barnetegiak, Arantzan (Nafarroa) eta Foruan (Bizkaia). Barnetegiek euskaraz bizitzeko aukera eskaintzen diete ikasleei, eta horregatik antolatzen dira, eskolez gain, beste hainbat ekintza, euskal giroan murgiltzeko. Esate baterako, Arantzako euskalduntze barnetegiko taldeak txangoa egin du ikastaroaren laugarren egunean Baztanen barna: Urdazubiko leizeak, Infernuko Errota zaharra, Amaiurko Gaztelu Beltza… bisitatu ondoren, Elizondon amaitu dute eguna.
Foruko familia barnetegian, berriz, gurasoak euskara eskolak jasotzen dituzten bitartean, begiraleak arduratzen dira haurrez. Lehen hamabostaldiko barnetegira hamar guraso eta hamalau ume bertaratu dira, euren arteko harremanetan euskararen presentzia handitzeko asmoz: “Etxean hitz egiteko, eskolako lanetan seme-alabei laguntzeko…”. Lehen esperientzia izaten ari da guztientzat, eta ari dira poliki-poliki ohitura berriak barneratzen. Hasierako egunei buruz, gurasoek oso balorazio ona egin dute, eta “errepikatzeko moduko aukera” iruditu zaie, “haurrak ere oso ondo moldatzen ari direlako, hasierako beldurrak alde batera utzita”. Umeek diotenez, “oso ongi” pasatzen ari dira, begiraleekin jolasak eta tailerrak egiten, Foruko parkean jolasten eta lotara joan aurretik ping-pongean, kartetan eta xakean ibiltzen.
Hortaz, pozik agertu dira guztiak orain arte egindakoarekin. Hala, guraso batzuek azpimarratu dute pare bat ume behintzat “ametsetan euskaraz hitz egiten” hasi direla, eta besteren bat baita “gurasoen akatsak zuzentzen” ere. Talde honen lehen irteera Santimamiñeko kobazuloa eta Basondo fauna babeslekua bisitatzeko izan da, eta asteburuan hondartzara eta Gure Zirkura joateko asmoa dute.
Irakasleek ere hasierako egunen balorazio ona egin dute: “Egun hauetan ikasleek eta haien seme-alabek euren arteko harremana euskalduntzeko ahaleginean aurrera egin dute, era batera edo bestera”. Izan ere, ikasleek hainbat egoera ezberdin bizi dituzte: etxe batzuetan, helburua gehiago da euskaraz hitz egiteko ohitura hartzea, denek dakitelako euskaraz, hobeto edo okerrago. Beste batzuetan, berriz, seme-alabek gehiago dakite, eta gurasoek laguntza eskatzen diete. Eta badira, euskaraz jakin arren, gurasoekin egin nahi ez duten umeak ere. “Egoeraren arabera, beraz, ikasleek egin beharreko esfortzua ere ezberdina da”. Horren harira, ikasleren batek aitortu du nekea ere sentitzen dela egunaren amaieran. Haatik, ikasleak bezala, irakasleak ere gustura agertu dira “sortutako dinamika eta giro onarekin”.
Bi barnetegi horiek bukatu ostean ere, AEK-ko barnetegiek zabalik jarraituko dute uda osoan zehar, irailera arte: Hego Euskal Herrian, Arantzan, Foruan eta Adunan. Eta Ipar Euskal Herrian, Urepelen (Nafarroa Beherea) eta xiberera ikastaroa Mendikotan (Zuberoa). Halaber, uztailaren 16an abiatuko da oinezko ibiltaria Areatzatik (Bizkaia), Praktikatu egitasmoaren baitan. Parte hartzaileek bi aste emango dituzte elkarrekin, Izabara (Nafarroa) iritsi arte, euskaraz mintzatuz eta Euskal Herriko mendigune ederrak ezagutuz. Horiez gain,
AEKren hainbat euskaltegitan ere martxan dira ikastaro trinkoak, euskara ikasteko zein azterketak prestatzeko.