- URAk asteazkenean lizitatuko du obra, 7,8 M €-ko oinarrizko aurrekontuarekin eta 18 hilabeteko egikaritze-epearekin.
- Egingo diren obrek nabarmen murriztuko dute uholde-arriskua bizitegitegi- eta industria-erabileretarako hiri-lurzoruan
Beasaingo Udalak, C.A.F.-k eta URA Uraren Euskal Agentziak hitzarmena sinatu dute gaur, Oria ibaiaren uholdeetatik babesteko proiektuan jasotako obrei ekiteko. Oria ibaiaren ertzetan, C.A.F.-ren industria-instalazioen parean dauden lurrak urpean gera daitezke eta delako Uholde Arrisku Handiko Eremu batean daude. Hitzarmenaren ondorioz egingo diren obrek berekin ekarriko dute udalerrian ibaiaren goraldiek eragindako kalteak saihestea, hala nola 2008an izandako kalteak.
Ekitaldian parte hartu dute Arantxa Tapiak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak; Leire Artolak, Beasaingo alkateak; eta Andres Arizkorretak, CAFeko presidenteak. Hiru aldeko hitzarmen berriari esker, modu arin eta eraginkorrean lan egin ahal izango da CAF lantegiaren eta Beasaingo udalerriaren garapena zuzenean baldintzatzen duen erronka hidrauliko horri erantzuteko. Bertan izan dira, halaber, Antonio Aiz, URAko zuzendari nagusia, eta Gorka Zabalegi, CAFeko giza baliabideen zuzendaria.
Asteazken honetan bertan, URA-Uraren Euskal Agentziak obraren lizitazioa egingo du. Jarduketa gauzatzeko aurreikusitako epea 18 hilabetekoa da obra hasten denetik, eta lizitaziorako oinarrizko aurrekontua 7,8 milioi eurokoa da, BEZa barne.
Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.