Eusko Jaurlaritzak 20 milioi euro jarriko ditu Errusiak Ukrainari eraso egitearen inpaktua jasan duten enpresei laguntzeko

0

BULTZATU programak likidezia emango die enpresei, epe luzera bideragarriak izan daitezen eta jarraipena izan dezaten, nahiz eta, gerraren inpaktuak eraginda, kostu gehigarriak, galerak eta ondorioak areagotu zaizkien 

Errusiak Ukraina eraso izanaren eraginpean dauden enpresei zuzendutako Bultzatu dirulaguntza-programa abian jartzea onartu du gaur Gobernu Kontseiluak. Enpresen berrezarpen ekonomikora zuzendutako 20 milioi euro jarriko dira itzuli beharrik gabeko dirulaguntzetan, enpresen bideragarritasuna eta jarraitutasuna babeste aldera.

Helburua da berehalako likidezia ematea, gerrak eragindako kostu gehigarrien gehikuntzari, balizko galerei eta gerraren ondorioei aurre egin dakien.

Dirulaguntza horiek jaso ahal izango dituzte Euskal Autonomia Erkidegoko enpresa handiek eta enpresa txiki eta ertainek (ETE), baldin eta Errusiaren eraso militarraren eraginpean badaude eta/edo Errusiari ezarritako zigor ekonomikoen eta hartutako errepresaliazko kontraneurrien ondorioen eraginpean badaude, eta industria-prozesuarekin lotutako industria- eta zerbitzu-sektorekoak badira.

Agindua EHAAn argitaratu eta hurrengo egunean jarriko da indarrean, eta irailaren 30era arte edo aurrekontua agortu arte izango da indarrean. Laguntzaren zenbatekoa honako hauen % 50era artekoa izan daiteke:

    • Dirulaguntza jaso dezaketen kostuen igoera (lehengaiak eta garraioa).

 

    • Egindako eskaeren kostua eta azken produktuengatik eta aribideko produktuengatik jaulkitako fakturen kostua, baldin eta ezin badira helmugara iritsi eta/edo ezeztatu badira.

 

Laguntzak ez dira inola ere enpresako 400.000 eurotik gorakoak izango.

Testuinguru ekonomikoa

Errusiak Ukrainari eraso egitearen eragina oztopo izan daiteke ekonomiaren susperraldirako, Euskal Autonomia Erkidegoko barne-produktu gordinari erreparatuta. Ekonomiaren hazkundea beherantz berrikusi behar izan da, eta inbertsioa murriztea espero da, aurreikuspenen arabera % 6,7tik % 5era.

Epe luzeko ondorioek hornidura-kate globalizatuen eta finantza-merkatuen sistema ahultzea eragin dezakete. Europako Batzordearen iritziz, Errusiak Ukrainari egindako erasoak, Europar Batasunak edo nazioarteko aliatuek Errusiari ezarritako zigorrek eta hartutako gainerako kontraneurriek ziurgabetasun ugari sortu dituzte Europar Batasuneko kideen ekonomian: hornidura-kateak eta merkataritza-fluxuak eten dira eta prezioek igoera handiak eta ustekabekoak izan dituzte, bereziki gas naturalaren eta elektrizitatearen kostuak, baina baita beste askotariko intsumo eta lehengaien kostuak eta produktu primarioen kostuak ere, nekazaritzako elikagaien sektorea barne. Ondorio horiek guztiak osotasunean kontuan izanik, nahasmendu larria sortu da Europa osoko ekonomian, baita Euskadikoan ere.

Testuinguru horretan, Europako Batzordeak erabaki du krisialdiko denbora-esparrua ezartzea, berehalako ondorio ekonomiko eta sozial negatiboak arin daitezen, jarduera ekonomikoak eta enplegua babes daitezen eta Errusiak Ukrainaren aurka egindako eraso militarrak sortutako egoera ekonomiko berriari aurre egiteko beharrezkoak diren egiturazko doikuntzak erraztu daitezen.

Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari funtsezkoa iruditzen zaio lehengaien eta garraioaren kostuen igoera handiaren eragina minimizatzen saiatzea, baita etendako eskarien ondorioz enpresek izan ditzaketen galerak arintzen laguntzea ere, egungo krisialdian euskal enpresen lehiakortasunari laguntzeko eta eusteko.