Eusko Jaurlaritzak 200.000 eurorekin lagunduko du landa eta itsasertzeko eremuetan ekintza soziokulturalak antolatzea

0
PRUEBA

    • Efektu dinamizatzailea eta eremuan eragin positiboa izatea agerian jartzen duten ekintzak lagunduko dira diruz 

 

    • Kanpoan geratuko dira nekazaritza-jarduerarekin zuzenean lotutako jarduerak, hala nola nekazaritzako elikagaien merkatu eta azokak eta tokiko jaiak

Eusko Jaurlaritzak, Kontseiluaren azken bileran, onartu egin du Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituren sailburuaren agindua. Agindu horren bitartez, deialdia egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan landa nahiz itsasertzeko ingurunea dinamizatzeko ekitaldi sozialak sustatzeko laguntzak emateko. Guztira, 200.000 euro banatuko dira. Horren helburua da sektore pribatu eta publikoa bultzatzea landa nahiz itsasertzeko ingurunean mota horretako ekitaldiak finantzatzen laguntzera, baita ekitaldi berriak sustatzea, ezarpen handia dutenak finkatzea eta inpaktu ekonomikoa sortzea ere.

Ekitaldi mota hauek lagundu ahal izango dira diruz: lehiaketak, jardunaldiak, eztabaidak, tailerrak, lehiaketak, hitzaldiak eta erakusketak, musika-ikuskizunak, antzerkia, dantza, bertsolaritza, errezitaldiak eta antzekoak, baldin eta haien efektu dinamizatzailea eta inguruan duten eragin positiboa agerian jartzen bada. Kanpoan geratuko dira nekazaritza-jarduerarekin zuzenean lotutako ekitaldiak, hala nola nekazaritzako elikagaien merkatu eta azokak eta tokiko jaiak.

Eragin dinamizatzailea eta inpaktu ekonomikoa ebaluatzeko, hauek hartuko dira kontuan: ekitaldira joaten den pertsona kopurua, ekitaldiaren iraupena eta antolatzeko tokiko baliabideetan egindako gastua eta tokiko edo eskualdeko beste jarduera batzuetan eragindako gastua.

Eskatzaile bakoitzeko ekitaldi bat lagundu ahal izango da diruz. Nolanahi ere, diruz lagundu ahal izango dira 15 eguneko epean gauzatuko diren hainbat jarduera barnean hartzen dituzten ekitaldiak, betiere jarduera horiek ezin hobeto identifika badaitezke diruz laguntzeko eskatzen den ekitaldiaren zati gisa eta guztiak osorik 2022an garatzen badira.

Diruz lagundu daitezkeen gastuak

Diruz lagundu daitezkeen gastuak hauek izango dira:

    • Aurkeztutako jarduerarekin lotura argia duten langileen gastuak.

 

    • Ekitaldia eta jarduerak egiteko zerbitzu profesionalak alokatzea.

 

    • Lokalak alokatzea (erakunde onuradunaren egoitza soziala alokatzea salbuetsita).

 

    • Ekitaldiak eta jarduerak egiteko instalazioak eta zerbitzu teknikoak.

 

    • Laguntzaren xede diren ekitaldien publizitate eta hedapenarekin lotutako gastuak.

 

    • Nahitaezko aseguruen kontratazioa.

 

    • Emandako garaikur edo sariak.

 

Laguntza-eskaerak Landaren eta Itsasertzaren Garapeneko eta Europar Politiketako zuzendariari helaraziko zaizkio. Eskaerak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratu eta hurrengo egunean hasiko da, eta xede horretarako aurrekontua agortzen denean amaituko da. Agortuko ez balitz, funtsak egotea gorabehera, eskaerak aurkezteko epea 2022ko azaroaren 30ean amaituko da.