Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du asteazkenerako muturreko tenperatura altuengatik Araba erdialdean eta hegoaldean

0

Eusko Jaurlaritzak alerta laranja aktibatu du etzi asteazkenerako, uztailaren 13rako, Araba erdialdean eta hegoaldean muturreko tenperatura altuengatik.  Era berean, abisu horia ere aktibatu du gaurko eta biharko muturreko tenperatura altuengatik Araba erdialdean eta hegoaldean eta, asteazkenerako, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean.

Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, intsolazio handiak eta goi-presioek eragindako beroari Afrikatik iritsiko den aire oso beroa batuko zaio, eta horrek, hego-haizeak bultza eginda, tenperaturak asko igotzea ekarriko du, bereziki tenperatura maximoak asteazkenetik aurrera isurialde mediterraneo osoan.

Gaurko eta biharko espero diren tenperatura maximoak 36-37 ºC inguruan ibiliko dira Ebroren ardatzean, eta 35-36 ºC inguruan trantsizioko eremuan. Baliorik altuenak asteazkenerako espero dira, eta 39 ºC ingurukoak izan daitezke Ebroren ardatzean eta 37 ºC ingurukoak trantsizioko eremuan.

Isurialde kantauriarrean tenperatura maximoak ipar-haizearen intentsitateak baldintzatuko ditu, bereziki itsasertzean. Hala ere, Kantauri aldean, barnealdean, datorren asteazkenean maximoak 32 eta 35 ºC artean ibil daitezke. Itsasertzean brisak leundu egingo du tenperaturen igoera, eta tenperatura maximoak 28 eta 29 ºC inguruan ibiliko dira.

Era berean, abisu horia aktibatuko da asteazkenerako tenperatura altu iraunkorrengatik Euskadi barnealde osoan, tenperatura minimoak ere altuak izango baitira. Barnealdean 17-18 ºC espero dira eta itsasertzean 20 ºC inguru.

ABISUA BASOKO SUTEEN ARRISKUAGATIK

Gaurtik hasita, eta datozen egunotako arratsaldeetarako, Eusko Jaurlaritzak abisu horia aktibatu du basoko sute arriskuagatik, araba erdialdean eta hegoaldean, hainbat faktore, hau da, tenperatura altuak, hezetasun erlatibo baxua eta landaredi lehorra, pilatuko baitira. Horri guztiari erantsi behar zaio laboreen uzta biltzeko sasoi betean gaudela.

Bero-bolada hau gutxienez datorren igandera arte, uztailaren 17ra arte, luza liteke.

GOMENDIOAK

Tenperatura altuen ondorioz, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Osasun Sailarekin lankidetzan, honako aholku hauek ematen ditu:

  • Likido asko edan, batez ere ura, deshidratazio-arriskurik ez izateko.
  • Arreta berezia jarri haur txikiekin, adinekoekin eta beroak eta deshidratazioak areagotu ditzakeen gaixotasunak dituzten pertsonekin, esate baterako, bihotzeko gaixotasunak dituztenekin.
  • Itxi leihoak eta pertsianak eguzkiak jotzen duen aldean, eta bero gutxien egiten duen uneetan freskatu eta aireberritu etxea.
  • Aire zabalean kirola egin nahi izanez gero, bero gutxien egiten duen orduetan egin.
  • Inoiz ez geratu eta inoiz ez utzi pertsona bat edo animalia bat aparkatuta dagoen ibilgailu baten barruan, itzalean egonda ere.
  • Otordu arinak egin (entsaladak, gazpatxoa, barazkiak, fruta, etab.).
  • Arropa egokia, lasaia, arina, kolore argikoa eta arnasa hartzen uzten duena erabili, eta oinetako erosoak eta freskoak.
  • Saiatu kalera ez irteten bero handiena egiten duen orduetan.
  • Atera beharra izanez gero, eraman burua estalita eta erabili eguzkitako betaurrekoak, eta ahal izanez gero itzaletik ibili.

Gomendatzen da pronostikoen eta abisuen eguneratzeak jarraitzea Euskalmeten web-orriaren (www.euskalmet.euskadi.eus) eta Twitter kontuaren (@Euskalmet) bidez.

Larrialdietan deitu 112 telefono-zenbakira.

OHARRA: albiste honekin batera doan argazkia EuskalEguraldiaren Enrique Floritekoa da.