-
- Onuradunek 12 hilabetez jasoko dute laguntza hori, Interneteko banda zabaleko konexio zerbitzu berriak kontratatzeko edo konexioaren abiadura handitzeko
-
- Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailburuak eraikinen jabeen komunitateentzako laguntzen deialdi bat ere aurkeztu du, telebista digitaleko, irrati-difusioko eta banda zabal ultra-azkarreko instalazioak hobetzeko, bai eta eraikinetako fatxadan erabiltzen ez diren antenak eta kableak kentzeko ere
Gobernu Kontseiluak arrakala digitala murrizteko eta irrati, telebista eta Interneteko azpiegitura komunak hobetzeko herritarrei laguntzeko bi programa onartu ditu gaur. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Sailak bultzatutako laguntza horien bidez, alde batetik, kolektibo zaurgarrientzako 20 euroko bonu digitalak jaulkiko dira 12 hilabetez; eta, bestetik, 2000. urtea baino lehenagoko eraikinen jabeen komunitateei diru laguntzak emango zaizkie etxeetako telekomunikazio instalazioak berritzeko eta egokitzeko.
Olatz Garamendi Sailburuak laguntza programa horiek aurkeztu ditu Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, eta nabarmendu du “teknologia berrien sarbidean, erabileran edo erabileraren kalitatean dauden desberdintasunei muga jarri eta arrakala digitala gainditzeko balioko dutela”, bai eta etxeetako telekomunikazio azpiegituren konektibitatea hobetzeko ere.
Bonu digitalen kasuan, Eusko Jaurlaritzak bereziki kolektibo ahulenei zuzendutako laguntza programa bat onartu du Interneteko konexio ultralasterra eskuratu ahal izateko edo, hala badagokio, kokapen finko batetik kontratatutako abiadura handitzeko, segundoko 30 megabiteko gutxieneko abiadurarekin. Horretarako, 20 euroko 2.351 bonu digital emango dira urtean zehar laguntza hori jasoko duten pertsona edo familientzat, eta 12 hilabetez kopuru hori deskontatuko zaie zerbitzua kontratatuta duen telekomunikazio operadoreak egindako hileko fakturatik.
Laguntza programa hori 2022. eta 2023. urteetan gauzatuko da, eta programa gauzatzeko gehieneko epea 2023ko abenduaren 31 izango da. Horrek esan nahi du Eusko Jaurlaritzak 564.240 euroko zuzkidura ekonomikoa bideratuko duela.
Bonu digital bakarra eman ahal izango da kolektibo zaurgarritzat jotzen den pertsona fisiko edo familia unitate bakoitzeko. Ondorio horietarako, kolektibo kaltebera dira Euskal Autonomia Erkidegoan Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (RGI) edo Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera (IMV) jasotzen duten pertsonak eta bizikidetza unitateak. Eskabideak aurkezteko hurrenkeraren arabera emango dira laguntzak.
Kolektibo zaurgarrientzako bonu digitalen programa honetan parte hartu nahi duten operadoreek operadore-laguntzaileen erregistroan izena eman beharko dute aldez aurretik. Laguntza horiek jaso nahi dituztenek Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Publikoaren egoitza elektronikoaren bidez, Zuzenean zerbitzuko bulegoetan, KZguneetan edo operadoreen bidez aurkeztu beharko dituzte eskabideak.
Laguntza horiek Europar Batasuneko Next Generation Berreskuratze eta Erresilientzia Mekanismoaren bidez finantzatuko dira. Next funtsen esparru horretan sartzen da, halaber, eraikin baten edo eraikin multzo baten jabeen komunitateei laguntzeko programa. Betiere, irrati-difusioko, telebista digitaleko edota Interneteko banda zabal ultralasterreko telekomunikazio azpiegiturak hobetzeko beharrezko jarduerak egiteko.
Irrati, TV digitala edo Interneteko azpiegiturak hobetzea
Garamendi Sailburuak adierazi duenez, ekimen honen bidez, “Euskadiko 690 jabe-komunitatetara iritsi nahi da laguntza honekin, eta haien instalazioak hornitu eta hobetu nahi ditugu, irrati-difusioko eta telebista digitaleko zerbitzuak egokitzeko, hartzeko, banatzeko eta entregatzeko, bai eta Interneteko banda zabal ultralasterra hedatzeko eta egokitzeko ere”. 2000. urtea baino lehen amaitutako eraikinek jaso ahal izango dute diru laguntza.
Ekimen horri esker, kablez betetako fatxada batzuen itxura hobetu ahal izango da kasu askotan, baita erabiltzen ez diren beste aparatu batzuena ere, hala nola antenena edo beste osagai elektroniko batzuena. «Noski, elementu horiek behar bezala tratatu eta ezabatuko dira ingurumenaren ikuspegitik», gaineratu du.
Diru laguntzen programa honetara 4.059.000 euro bideratu dira. Jabeen komunitate bakoitzak fakturan agertzen diren diruz lagun daitezkeen kostuen %70eko laguntza jasoko du gehienez. Aurreikusitako laguntza kasu bakoitzean, komunitate bakoitzerako gehieneko zenbatekoa honako hau da:
-
- a) Instalazioa osorik dagoenean, laguntzaren gehieneko zenbatekoa 16.660 eurokoa izango da.
-
- b) Instalazioa partziala denean (antenarik eta bestelako ekipamendurik gabe), gehieneko zenbatekoa 14.700 eurokoa izango da.
-
- c) Banda zabal ultralasterrerako azpiegitura egokitua instalatu edo egokitu behar bada soilik, gehieneko zenbatekoa 11.882,50 eurokoa izango da.
Kasu honetan ere, Eusko Jaurlaritzaren egoitza elektronikoaren bidez aurkeztuko dira eskabideak, eta aurkezten diren hurrenkeraren arabera erantzungo zaie, funtsak agortu arte. Gobernantza Publiko eta Autogobernu Saileko Teknologien eta Informazioaren eta Komunikazioaren Zuzendaritzak aginduko eta bideratuko du prozedura.