Gobernu Kontseiluak espetxeetako langileen lan baldintzei buruz Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak eta ACAIP-UGTk sinatutako akordioa babestu du

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du martxoaren 22an Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politika Sailak eta Acaip-UGT espetxeen arloko sindikatu nagusiak sinatutako akordioa, Euskal Administrazio Espetxean lan egiten duten langile publikoen lan-baldintzak aldi baterako ezartzeko. Gero, Administrazio Orokorreko Negoziazio Mahai Sektorialak berretsi egin zuen akordioa, eta bertan, besteak beste, alderdi hauek jaso ziren: zerbitzu-eginkizunetan lanpostuak betetzea, zerbitzuak aldi baterako emateko langileak hautatzea eta berariazko langile-organoetan eskumenak eskuordetzea.

Dokumentuan aitortzen da espetxeen kudeaketa eskualdatu zen unean bazela lanpostu huts batzuk, azken lau hilabeteetan erretiroen ondorioz handitu direnak. Horri gehitu behar zaio Estatuko lekualdatze-lehiaketak eragindako barne-mugimendua.

Egoera horren aurrean, eta behin betiko egitura eratzen ez den bitartean eta Lanpostuen Zerrenda onartzen ez den bitartean, Justizia Administrazioko Zuzendaritzak Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako espetxeetan zerbitzua ematea bermatuko zuen ohiz kanpoko jarduketa bati ekitea proposatu zuen.

Lan Eskaintza Publikorako deialdirik ere ezin denez egin, hiru zentroetan zerbitzua aldi baterako emateko, lan poltsak eratu beharko dira.

Bi deialdi izango dira: bata C1 azpitaldekoa, bulego eta barne eremua; eta bestea A1 eta A2 azpitaldekoa, espezialitate juridikoak, psikologia eta gizarte lana. Horretarako, eskabideak aurkezteko epea irekiko da eta merezimenduak baloratu eta behin-behinekoz argitaratuko dira. Prozesuan aurkeztutako alegazioak eta erantzunak sindikatuetako ordezkariei helaraziko zaizkie.

Ondoren, merituak baloratzeko ordenan dauden lehenengo 60 pertsonei hamar laneguneko praktika presentzialak egiteko deituko zaie –goizeko bostak eta arratsaldeko bostak–, eta gehienez ere 30 puntu emanen zaizkie.

Halaber, jarraipen-batzorde bat sortuko da, sindikatuen eta Justizia Administrazioaren ordezkaritza paritarioa izango duena.