Lehendakariak Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio Nekane Balluerka psikologoari

0
PRUEBA

Iñigo Urkullu Lehendakariak 2021eko Euskadi Ikerkuntza Saria eman dio gaur arratsaldez Nekane Balluerka psikologo eta UPV/EHUko Psikologia Klinikoa eta Osasunaren Psikologia eta Ikerketa Metodologia Saileko katedradunari. Lehendakaritzaren egoitzan burutu den ekitaldian izan dira, halaber, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, Adolfo Morais Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea eta Amaia Esquisabel Ikerketa zuzendaria.

Hezkuntza Sailak urtero deitzen du Euskadi Ikerkuntza Saria. Urte bakoitietan  –hau da 2021eko deialdiaren kasua- Gizarte Zientzien eta Humanitateen arloko profesionalen lana aitortzen du sariak; urte bikoitietan berriz, Zientzia eta Teknologia modalitatean egiten da deialdia. Euskadi Ikerkuntza Sariak jarduera zientifikoa sustatzea du helburu nagusia, bai eta honako beste hau ere: Euskal Autonomia Erkidegoko eta Euskal Autonomia Erkidegotik kanpoko ikertzaileek eta talde kualifikatuek egiten dituzten ahaleginak sustatzea eta bultzatzea, betiere horien lanak oso eragin positiboa badu Euskadin.

Nekane Balluerka Lasa

Nekane Balluerka Lasa irakasleak (Ordizia, 1966) ekarpen nabarmenak egin ditu Diseinuen eta Datuen Analisiaren arloan, Gizarte eta Osasun Zientzietan ikerketak burutzeko, bai eta neurketa-tresnak (hala nola testak, galdesortak eta eskalak) kultura artean egokitzeko metodologiaren arloan ere.

Nekane Balluerka Psikologian lizentziatua da (1989) eta Psikologian doktorea UPV/EHUn (1993). Ikertzaile bisitari gisa egonaldiak egin ditu Arizona State University-n (1995), University of California-n (2005) eta Manchestergo Unibertsitaeko Cathie Marsh Centre for Census and Survey Research zentroan (2010). Portaera Zientzien Metodologia arloko katedraduna da EHUn 2009tik.

Honako arlo hauek dira bere lanaren ardatz: ebaluazio psikologikorako tresnak lantzeko metodologiak garatzea, kulturen arteko egokitzapenerako; maila anitzeko analisi-ereduak aplikatzea fenomeno psikosozialen azterketara; eta esku-hartze programak diseinatzea, ezartzea eta ebaluatzea psikologiaren hainbat arlotan. Gainera, azterlan horietatik eratorritako aplikazioek Euskal Autonomia Erkidegoko haur eta nerabeen ebaluazio ekitatiboa eta alborapenik gabea ahalbidetu dute. Balluerka doktoreak, halaber, berarekin lanean ari diren –edo beren ikerketa-taldeak gidatzen ari diren- ikertzaile-eskola bat sortu du, euskal gizartearentzat ezagutza sortzen eta transferitzen ari direnak.

Lidergo zientifikorako gaitasuna

Nekane Balluerkaren jardunean, gainera, bere konpromiso instituzionala ere nabarmentzekoa da. Izan ere, kudeaketa-karguak bete ditu Psikologia Fakultateko dekanorde gisa eta EHUko errektoreorde gisa irakaskuntzaren eta kalitatearen berrikuntzaren arloan. Goi-mailako Hezkuntzaren Europako Esparruarekin bat egiteko funtsezkoak izan diren proiektuen buru izan da lehenik, eta, ondoren, graduondoko ikasketen eta nazioarteko harremanen arloan. Euskal Herriko Unibertsitateko errektore izatera iritsi zen 2017an.

Balluerka Lasa irakaslearen lan zientifiko bikainaz gain, honako hauek azpimarratu ditu epaimahaiak: bere ikerketa-karrera nabarmena; lidergo zientifikorako duen gaitasun bikaina, gorabidean den ezagutza-eskola bati bultzada emanez; eta jokabide-zientzien metodologiari buruzko bere ikerketak Euskadin izan duen eragin handia. Balluerka doktoreak ekarpen sendoa egin dio bere ezagutza-eremuan zentratutako elkarteak sortzeari ere, bai Euskal Autonomia Erkidegoan, bai Espainian eta Europan ere.