Mallorcako Palmako «Artea» euskal etxearen 25. urteurrenaren jaia

0

Mallorcako Son Rapinya auzo jatorriko frontoian, han duela urte asko euskal koloniako lehen kideek pilotan jokatzeko frontoia eraiki zuten. 25. urteurreneko ekitaldia uztailaren 2an izan zen, ia berrehun pertsona bildu ziren eta arratsaldeko seietatik gauerdira arte iraun zuen. Mallorcako euskal komunitatea (Balear Uharteetako uharterik handiena Mallorca da) eta Mallorcako komunitatea bera senidetzeko benetako jaialdia izan zen. Izan ere, azken urteotan Euskal Herritik Mallorcara emigratu duten pertsonak bere baitan hartu ditu Mallorcako gizarteak. 25 urte baino gehiago igaro dira bi komunitate horien arteko lotura hasi zenetik. Baina ikusiko dugun bezala, euskaldunen, nafarren eta mallorcarren arteko elkartasuna ez ezik, beste jatorri batzuekiko lotura ere badago.

Euskal Herriko emigranteen integrazioa erabatekoa da Mallorcako gizartean, eta Palmako euskal etxearekin bat egiten duten publikoak ezagutu bezain laster nabaritzen da hori. Inpresio hori Manu Meaurio Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako funtzionarioak (bigarren argazkian) nabarmendu zuen euskal etxeak egindako gonbidapena eskertzeko esan zituen hitzetan. Eusko Jaurlaritzako funtzionario horrek Gorka Álvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzako ordezkaritza hartu zuen ekitaldi horretarako, zuzendariak ezin izan zuen Mallorcara joan eta, aurretik hartutako konpromisoengatik. Nafarroako Gobernuaren izenean, Herritarrekiko Harremanetarako sailburu Ana Ollo etorri zen. Bertan ere izan ziren, besteak beste, Joan Llodrà kontseilaria, Consell de Mallorcaren (Balearretako Gobernua beraz) ordezkaria, eta Toni Noguera Palmako Udaleko alkateordea (hirugarren argazkian).

Aniztasuna jatorrietan

Mediterraneoa Europa Hegoaldeko, Ekialde Ertaineko eta Afrika Iparraldeko lurraldeetako jendea batzen eta nahasten zuen itsasoa izan da historian zehar. XX. mendeko 60ko hamarkadatik aurrera, turismoaren zabalkunde itzelarekin, Europa erdialdeko eta iparraldeko jendea ere etorri da.

Palma Mallorcako hiria eta bertako euskal etxea horren erakusgarri onak dira, eta pertsona ugarik haiek hitz egiten duten hizkuntzarekin, dituzten ezaugarri fisikoekin eta identitatearekin kultur nahasketa horren parte dira (ezkontzez, ondorengoez, harreman sozial eta ekonomikoez…). Azken batean sustrai edo askotariko nahiak. Sustrai britainiarrak, holandarrak, alemaniarrak, eta horren azpitik funtsezko oinarri euskaldunak dituzte, eta, jakina, katalanomallorcarrak.

Palmako biztanleriaren % 20 inguru atzerritarrak dira: bost biztanletik bat. 60ko hamarkadatik, hots, “turismoaren boom”-aren urteetatik, hazkunde demografiko geldiezina izan da. Datu horiek argi uzten dute uharte honen eta Balear Uhartediko gainerako uharteen erakargarritasuna gazteentzat, adin ertaineko profesionalentzat eta atzerriko erretiratuentzat. Baita penintsulakoentzat ere.

Ingurune soziodemografiko eta kultural honetan, Palmako euskal etxeak euskal presentziaren testigantza ematen du bertan, eta halaber Mallorcako gizartean duen integrazio onaren berria.

Gero eta jende eta interes gehiago

Euskal etxeko aurreko lehendakariak eta azken urteetan hildako lagunak omentzeko tarte bat erreserbatu zen. Arratsaldean eta ondorengo gaualdian zehar castellers, euskal dantzak, euskal musika tradizionala (Nafarrotik etorritako Elizagoian Ahizpak, gehi Severo Munilla euskal etxeko kidea) eta Mediterraneoko uhartekoa (Pau Mas folkloristaren eskutik, berak aurreskua danbolin eta fabiolarekin jo zuen), euskal dantzak, txalaparta, sokatira eta Euskal Herriko zein Mallorcako espezialitateen dastaketa izan ziren, horien artean Mallorcako ohiko entsaimada, leuna edo betegarria, ahosabai guztiak ondo asetzeko.

Mallorcako Artea euskal etxearen historia 1987koa da, orduan hasi zen, nahiz eta bere fundazio «ofizialena» hamar urte geroago izan, 1997an. Euskal Herritik etorritako lagun talde batek, Espainia, Frantzia eta munduan zehar barreiatutako beste euskal etxe batzuk ikusita, Mallorcan ere euskal etxe bat martxan jar zitekeela erabaki zuten, jauzia egiteko biltzen den lagun talde batetik estatutuak eta jarduera programa dituen euskal etxe batera. Erabakia hartu zen pentsatuta Mediterraneoko uharte honetan euskal kultura, tradizioak eta euskara erakusteko interes argia eta jende nahikoa baitzegoela. Joan den larunbateko ekitaldiak frogatu du erabaki hori zuzena izan zela.