BRTA aliantzak sei ikertzaile saritu ditu beren ibilbideagatik eta gazte etorkizunean izan lezaketen ikerketa-ibilbide oparoagatik

0
PRUEBA

BRTA aliantzak hiru ikertzaile saritu ditu aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik, eta hiru gazte, berriz, etorkizunean izan lezaketen ikerketa-ibilbidearengatik. BRTA aliantzaren zentroetan ikertzen eta teknologia garatzen diharduten pertsonen lana aitortzeko, baloratzeko eta sustatzeko balio dute sari hauek. Rikardo Bueno BRTA aliantzako zuzendari nagusiak sarrerako hitzaldian nabarmendu du “saritu hauen guztien lanak euskal ekonomia eta enpresak eta gizartea oro har hobetzen laguntzen dute”.

BRTA (Basque Research & Technology Alliance) aliantzaren lehenengo sariak  banatu dira Donostiako Parke Zientifiko Teknologikoan. Arantxa Tapia Otaegi Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomiko, Jasangarritasun eta Ingurumen sailburuak eta Rikardo Bueno Zabalo BRTAko zuzendari nagusiak parte hartu dute ekitaldian.

Sariak

Ibilbidea kategorian hiru errekonozimendu eman dira. Oihana Otaegui (Vicomtech), Damien Salle (Tecnalia) eta Iñigo Iturriza (Ceit) izan dira saridunak, BRTA aliantzaren zentroetan egindako ibilbide luze eta emankorragatik. Oihana Otaeguik Vicomtech-en lan egiten du Garraio eta Segurtasun dibisioan. Bere ikerketa-arlo nagusia adimen artifiziala da; “gure ikerketari esker enpresak lehiakorragoak izan daitezen, beharrezkoa da unibertsitateek eta zentro teknologikoek elkarrekin lan egitea talentua sortzeko eta gure lurraldean talentu horri eusteko”, azpimarratu du. Damien Sallek, berriz, robotikaren arloan egiten du lan Tecnalian.

“Robotikako ikerketak errentagarritasuna ematen die enpresei. Azken urteetan, robotikak ekonomia zirkularrari, klima-aldaketaren arazoari… laguntzeko lan egiten dihardugu”, adierazi du. Azkenik, Iñigo Iturriza CEITeko Materialen eta Fabrikazioaren ataleko zuzendaria da. Bat dator esatean “ikerketak eraginkortasun handiagoa ematen diola industriari”.
Era berean, Ikerketa-etorkizuna kategorian, orain arte egindako lanagatik eta beren ikerketa-ibilbidean etorkizun oparoa izan lezaketenen artean saritutakoak Marine Reynaud (CIC energiGUNE), Eneko Osaba (Tecnalia) eta Andoni Saez de Ibarra (Ikerlan) izan dira. Marine Reynaudek CIC energiGUNEn lan egiten du, eta litio ioizko eta sodio ioizko baterietarako materialak garatzen ditu. “Material horien diseinua, sintesia eta karakterizazioa da nire espezialitatea”, esan du ikertzaileak.

Bestalde, Eneko Osaba Tecnalian ari da lanean Adimen Artifizialaren eta Konputazio Kuantikoaren arloetan. “Nire ekarpena txikia izan arren, pentsatu nahiko nuke Euskadin sortzen ari den ekosistema kuantikoa eraikitzen laguntzen ari naizela”, adierazi du ikertzaileak. Azkenik, Andoni Saez de Ibarra ikertzaileak Energia Kudeatzeko taldean egiten du lan Ikerlanen. “Eguneroko aplikazioetan nire ekarpentxoa ikustea da gehien motibatzen nauen gauzetako bat”, adierazi du.

Arantxa Tapiak, Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak eta BRTA aliantzako lehendakariak, itxi du BRTA aliantzak emandako lehen sariak banatzeko ekitaldia. Azken hitzaldian, ekitaldiaren amaieran, hau nabarmendu du: “ikertzaile bikainen etengabeko ahalegina eta konpromisoa saritu egin behar dira. Beharrezkoa da ikerketa zientifiko-teknologikoa aitortzea, ospatzea eta sustatzea, batez ere ekonomia produktiboan eragin positiboa duena eta aurrerapenen abangoardian egoteko aukera ematen diguna”.