Elmubas Petfood Group, lantegi bakar batean maskotentzako pentsu produkzio handiena duen taldea Europan

0

Elmubas Petfood Group Azpeitian kokatutako enpresa bat da, maskotentzako elikagaia ekoitzi eta merkaturatzen duena eta 500dik gora bezero dituena bost kontinenteetan. Enpresa horrek SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programako laguntza bat jaso du. Duela hiru urtetik, SPRIk Basque Cybersecurity Centre (BCSC) zentroaren laguntza du zibersegurtasunaren euskal ekosistema bultzatzeko eta, ondorioz, baita ere laguntza ekonomikoak banatzen dituen programa honetarako.

Elmubas Petfood Group 1978an sortu zen Piensos Bastida izenarekin, abeltzaintzarako pentsuak eskaintzeko eta Azpeiti (Gipuzkoa) inguruko baserriei zerbitzu emateko. Nabe txiki batean hasi zen negozio hark hainbat pabilioi okupatzen ditu orain 28.000 metro koadroko azalera batean.

80ko hamarkada hasierarako, enpresak bazituen nabe industrial bat eta maskotentzako janari lehorra fabrikatu eta merkaturatzeko produkzio-linea espezifiko bat, horixe izango zelarik konpainiaren etorkizuneko negozioa. 2001ean, egun duen Elmubas Petfood Group marka formalizatu zuen. “2000 eta 2004 artean animalientzako pentsu-jarduera birbideratu genuen, eta 2004an abeltzaintzarako pentsuak ekoizteari utzi genion” dio Javier Cobok, konpainiako IT arduradunak.

2006 eta 2008 artean berriz handitu zen enpresa, eta 2011n banaketa kontratu bat sinatu zen azalera handi batekin lehenbizikoz. Elmubas Petfood Group-ek hazten jarraitu zuen 2012 eta 2016 artean ere, inbertsio berriak eginaz, plantilla ugarituz eta produkzio-linea berri bat abiaraziz.

Baina familia-enpresa hartan belaunaldi erreleboa gertatu zen, eta 2019an Portobello Capital inbertsio-funtsak erosi zuen enpresa, partaidetzaren gehiengoa bereganatuta.

2022 honen hasieran, Mondragon Korporaziotik iritsitako Patxi Lopez Urkiolak hartu zuen zuzendari nagusiaren kargua.

250.000 tona elikagai ekoizten ditu urtean

Estatuko zein nazioarteko hainbat bezero dituelarik banaketa-kanal desberdinetan (retail espezializatua, azalera handia eta produkzio sektorea), Elmubas Petfood Group-ek maskotentzako 250.000 tona elikagai ekoizten ditu urtean. Zakur eta katuentzako 4.000tik gora produktu-erreferentzia ditu, bereziki prestatuak arraza, tamaina eta osasun egoera desberdinen premiak asetzeko. “Liderrak gara Espainian, eta Europako produkzio-gaitasun handiena dugu lantegi bakar batean”.

Elmubas Petfood Group enpresak 230 langile ditu plantillan, eta 120 milioi euro inguruko fakturazioa. Bere irabazien % 10 I+G+B-ra bideratzen du. “Badugu baita ere IFS ziurtagiria, Europako elikadurako segurtasun arau nagusia”.

SPRI Taldearen zibersegurtasun industrialeko programatik jasotako laguntzarekin inbertsioak egin dituzte azpiegituretan eta sarearen segmentazioan, lantegiko segurtasun informatikoa handitzeko.  “Zehazki, lantegi berrira bideratu dugu laguntza hori, zeina martxan baitago iaztik; dagoeneko ekoizten ari da, eta asmoa da egungo produkzio-gaitasuna bikoiztea”. Proiektua garatuta dago, eta helburua da, lantegia berria izaki, izan dadila hasieratik “zibersegurua”.

Elmubas Petfood Group enpresaren etorkizuneko erronketako bat da egungo produktu-portfolioa osatzea elikagai hezeen hainbat gamarekin eta snack edo mokaduen arloko produktuekin. Dagoeneko badago nazioarteko merkatuetan sartuta, baina presentzia handiagoa lortu nahi du. Helburua da egungo fakturazioa bikoiztea eta 50 lanpostu berri inguru sortzea datozen hiru urteetan.