Barakaldoko Garapen Jasangarrirako Arloak txosnetako hondakin organikoen birziklapena eta jaien lehiaketa gastronomikoak bultzatu ditu

0
PRUEBA

Barakaldoko Garapen Jasangarrirako eta Ingurune Naturala Zaintzeko zinegotziak, Alba Delgadok, berak zuzentzen duen arloa Karmengo jaietako hondakin organikoen birziklapena bultzatzeko garatzen ari den ekimenen berri eman du gaur.

Delgadok jakinarazi duenez, edukiontzi marroiaren erabileraren sustapenak bi eremutan jartzen du arreta: Askatasunaren Etorbideko txosnen esparruan eta jarduera gastronomikoetan. «Txosna jarri duten hamar konpartsei 50 litroko ontziak banatu dizkiegu, bai eta poltsa konpostagarriak eta edukiontzien giltzak ere», adierazi du.

Etxolen inguruetan, gainera, hiru edukiontzi marroi jarri dira, landare-hondakinak, haragi- eta arrain-hondakinak birziklatzea errazteko; horiek baitira, hain zuzen ere, kontainer horietan bota daitezkeen hondakinak. «Txosnetan hondakin asko sortzen dira, baita organikoak ere, janaria saltzen delako eta, gainera, ostalaritzan oso ohikoak diren eta edukiontzi marroira bota daitezkeen beste produktu batzuk daudelako. Adibidez, ardo-botilen kortxoak edo ahozapiak. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zitzaigun esparru horretan hondakin organiko guztiak birziklatzea», azaldu du zinegotziak.

Garapen Jasangarrirako eta Ingurune Naturala Zaintzeko Arloa Anaien Parkeko lehiaketa gastronomikoetan ere edukiontzi marroiaren erabilera sustatzen ari da. Joan den igandean egin zuen, ohiko marmitako lehiaketan, eta berriro errepikatuko du larunbat honetan tortilla eta paella lehiaketetan eta Sumando-Gehituz etorkinen kolektiboen plataformaren Arrozak Gehituz ekimenean.

«Zita horietan hondakin organiko asko sortzen da. Koadrila bakoitzari poltsa konpostagarriak dituen kubo marroi bat eta edukiontziaren giltza banatzen ari gara. Lehiaketen antolatzaileek, gainera, hondakin organiko gehien birziklatzen dituzten koadrilak nolabait saritzeko konpromisoa hartu dute, hondakin horiek errefusaren zakarrontzira botatzea saihesteko. Horrela, barakaldar asko gure hirian birziklapenaren sustapenean inplikatzea lortu genuen», azaldu du zinegotziak.

NOLA EGIN BAT HONDAKIN ORGANIKOEN BIRZIKLAPENAREKIN
Alba Delgadok gogorarazi duenez, edukiontzi marroia erabiltzeko interesa duten pertsonek Herritarren Arreta Zerbitzura (HAZ) jo dezakete. Bertan, etxeko hondakinak botatzeko ontzi txiki bat, poltsa konpostagarriak, edukiontziaren giltza eta azalpen-eskuorri bat emango zaizkie dohainik.

Gogorarazi beharra dago beren-beregi hondakin organikoetara bideratutako bosgarren edukiontzia 2013ko abenduan ezarri zela Desertu-Urban eta San Bizenteko Dorreak eremuetan, eta hiritik zabaltzen joan da poliki-poliki, iaz auzo guztietara zabaldu zen arte. Denbora horretan zehar hainbat zabalkunde- eta kontzientziazio-kanpaina egin dira. Azkena erabiltzaileei egindako inkesta bat izan zen, zerbitzuaren beharrak ezagutzeko. 

Lehenago, Garapen Jasangarrirako eta Ingurune Naturala Zaintzeko Arloak hondakin organikoaren sortzaile ‘nabarmenak’ ere inplikatu zituen; hau da, mota horretako zabor gehien sortzen duten establezimenduak, eta, zehatzago esanda, fruta-dendak eta loradendak.