Beatriz Artolazabal: «Enplegua funtsezko elementua da gizarte-ongizate duina eta aukera berdinak izango dituen etorkizuna bermatzeko»

0

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek parte hartu du gaur Gasteizen, Sartu programaren 20. urteurrena ospatzeko topaketan. Ijitoen Idazkaritza Fundazioak sustatutako prestakuntza- eta enplegu-programa da, eta ijitoak lan-merkatuan sartzea sustatzen du, gizarteratzeko ate gisa.

Esparru horretan, Artolazabalek gogorarazi du “diskriminazioari aurre egitea eta ijitoak gure gizartean erabat integratzeko bidean aurrera egitea, haien aniztasuna errespetatuz, 2022-2026 Ijito Herriarekiko Euskal Estrategia berritik aurre egin beharko diogun erronketako bat da”. Ekintza-plan horren helburu nagusia da gizon eta emakume ijitoek gizon eta emakume ijitoak izateagatik duten diskriminazio historikoa eta egiturazkoa gainditzen laguntzea, eta haien gizarte-ongizatea eta parte-hartzea gainerako euskal herritarrenekin parekatzea sustatzea.

Sailburuak azaldu duenez, estrategia honetan ekintza-lerro bat sartu da “ijitoen aurkako euskal gizarte-itun baten oinarriak adosteko”. Izan ere, “ez da ijitoen auzia soilik, gizarte-auzia ere bada, eta bere sustraietatik landu behar da, Euskadin nahi dugun gizarte inklusiboa eta kulturartekoa lortzeko”. Legediari dagokionez, zehaztu du Gobernuak tratu-berdintasunaren eta diskriminaziorik ezaren euskal lege integrala onar dadin sustatuko duela, eta, horretarako, “adostasun instituzional, politiko eta sozial zabala” bilatuko dela.

Artolazabalek, era berean, Estrategia berri horrek duen ikuspegi feminista nabarmendu du; izan ere, “emakume ijitoen inplikazio eta bultzadari esker, atal berezi bat du, matxismoaren aurkako borrokan eta emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko bidean zuzenean eragiten duten ekintzak biltzen dituena”.

Ijitoen Idazkaritza Fundazioak antolatutako hitzorduan, Europa Biltzar Jauregian, #biharkoerronka kanpaina ere ikusgai jarri da, ijitoentzako lan-aukerak eskatzen baititu. Izan ere, sailburuaren hitzetan, “enplegua funtsezko elementua da gizarte-ongizate duina eta aukera-berdintasuna duen etorkizuna bermatzeko”. Hala ere, adierazi duenez, “ijitoen langabezia-tasa ijitoak ez direnen baino nabarmen handiagoa da. Langabeziak, gainera, emakumeei eta ijito gazteei eragiten die bereziki”.

Bi hamarkada inklusioaren alde lanean

Sartu programa 1998an sortu zen, Madrilgo auzo batean proiektu esperimental gisa. Gaur egun, 14 autonomia-erkidegotan dago, eta ijitoek historikoki bizi izan duten urruntze- eta baztertze-egoerari erantzun integrala ematea du helburu.