Ikasketa Plaza, 2023ko udaberrirako prest

0

Amara Berriko Ikasketa plazako obrek erritmoa berreskuratu dute eta bete beharreko etapak betetzen ari dira. Hala jarraituz gero, prozesua 2023ko lehen hiruhilekoan amaituko da, udaberria baino lehen.

Duike Agirrezabalaga Hiri Proiektuetako zinegotziak adierazi duenez, “obren kronograma aldatu zuen geldialdiaren ondoren, Udalari dagozkion lanak erritmo onean egiten ari dira aurrera orain, eta plaza hori, urte erdi bat baino pixka bat gehiago iraganda, eginda egongo da, eta batez ere oinezkoen alde bihurtuta.”

Duela ia bederatzi hilabete, plazaren zoladura altxatu behar zutenean, hainbat pitzadura eta egiturazko kalte batzuk ikusi ziren auzotarren garajeen sabaian, (plazaren azpian daude). Orduan, erkidego horiek garajeak konpontzeko eta horien iragazgaiztea hobetzeko akordioa lortu zen. Konponketak eginda, Udalak plaza birgaitzeko proiektuari ekin zion berriro. Plazak 3.200 metro koadroko azalera du, eta triangelu forma, Felipe IV. kaleak, Baleazaleen kaleak eta Eustasio Amilibia kaleak osatua.

Triangelu horren aldeetako batean, Eustasio Amilibia kalera ematen duenean, hormigoi eskuilatuzko zorua jarri dute, zimurtsua, labainkadak saihesteko, bai eta zerrenda beltzak ere. Beste alboetako batean, Felipe IV. Kalera ematen duenean iragazgaizte-lanetan aurreratzen ari dira, eta laster dagokion kofratua jarriko da, hormigoia botatzeko.

Eraikuntzei itsatsita, plaza inguratzen duen espaloi osoa errematatu beharko da. Bertan, zoladura altxatu beharko da, eta garajeen jabeekin koordinatu asfaltozko geruza jartzeko, tarte horiek iragazgaiztea bermatzearren.

2022/07/15-an argitaratua