Repsol Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Jasangarritasun Energetikoaren Legearen hedapena bultzatuko dute

0
PRUEBA

Repsol Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren bitartez, lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute gaur eraginkortasun energetikoa eta ingurumen-iraunkortasuna sustatzeko, hedatzeko eta bultzatzeko ekintzak elkarrekin garatzeko, euskal gizartean eragin sozial positiboa sortzen duten ekimenetan arreta jarrita.

Lehendakariak azpimarratu du trantsizio energetikoa herri-erronka bat dela, baita aukera bat ere. “Gure konpromisoa da berotegi-efektuko gasen emisioa % 30 murriztea eta energia berriztagarriak azken kontsumoaren % 20 ordezkatzea 2024rako”.

Bestalde, Repsoleko presidenteak adierazi du “lankidetza publiko-pribatuak zeregin garrantzitsua duela deskonizazioaren erronkei aurre egiteko, ikuspegi bateratu eta zorrotz batekin, teknologiaren eta berrikuntzaren eskutik aurrera egin ahal izateko, pertsonen eta ekonomiaren aldeko apustua eginez. “Trantsizio energetiko justu eta inklusibo baten alde lan egin behar dugu”.

Sinadura-ekitaldian, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak ere parte hartu du, eta lankidetza publiko-pribatuko hitzarmen honen ildo nagusiak aurkeztu ditu datozen urteetarako.

Aliantza horri esker, elkarrekin lan egingo da energia-eraginkortasuneko planak garatzeko, energia aurrezteko eta titulartasun publikoko eraikinetan energia berriztagarriak sustatu eta ezartzeko, bai eta energia-azterketak eta -auditoretzak egiteko ere.

Era berean, bi erakundeek energiaren arloko proiektu berritzaileak bultzatuko dituzte, batez ere deskarbonizazioan aurrera egiteko digitalizazioarekin lotutakoak, eta iraunkortasun energetikoaren inguruko prestakuntza-, ezagutza- eta sentsibilizazio-jarduerak sustatuko dira. Horretarako, Repsol Fundazioak Open Room eta Zinkers plataformak jarriko ditu eskuragarri, baita Repsol Fundazioaren Katedra Sarearen jarduerak ere.

Jarduera horiek guztiak bat datoz Euskal Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearekin, 2030erako Euskadiko Energia Estrategiarekin eta 2050erako Klima Aldaketaren Euskal Estrategiarekin; izan ere, lege horren helburuen artean dago klima-aldaketaren arloan euskal administrazio publiko arduratsua, eredugarria eta erreferentea sustatzea.

Bestalde, Repsol Fundazioak esperientzia handia du trantsizio energetikoan eta gizartean ardaztutako proiektuekin, eta eragin positibo hirukoitza du ingurumenean, gizartean eta ekonomian, etorkizun iraunkorragoa sortzen laguntzeko. Testuinguru horretan, aitzindaria da inpaktuaren inbertsioan, eta parte hartzen du eraginkortasun energetikoan, ekonomia zirkularrean, basoberritzearen eta mugikortasun jasangarriaren bidez emisioen murrizketan eta konpentsazioan lan egiten duten enpresetan.

Akordio horren bidez, agerian geratu da Repsol Fundazioak eta Eusko Jaurlaritzak apustu irmoa egin dutela abian den trantsizio energetikoaren esparruan planteatzen diren erronkei eta aukerei aurre egiten laguntzeko; izan ere, trantsizio horrek eragile guztiak inplikatu behar ditu, sektore publikoa, pribatua eta gizartea.