Tarragonako Camp-eko Polizia Eskualdeko Ikerketa Kriminalaren Dibisioko Policia de la Generalitat – Mossos d’Esquadrako agenteek, Ertzaintzaren laguntzarekin, desegin egin dute Baix Camp eskualdean ezarritako talde kriminal bat, diseinu-drogak fabrikatzen eta merkaturatzen aritzen zena. Talde horri osasun publikoaren aurkako delituak egitea eta armak eta lehergaiak legez kanpo edukitzea egozten zaio.
Atxilotuek droga sintetikoak egiten zituzten Mont-roig de Camp-en kokatutako etxe bateko garajean. Han benetako droga-laborategi bat sortu zuten, oso aurreratua, eta hantxe prestatzen zuten droga. Ondoren, droga hori Herbehereetan, Europako beste herrialde batzuetan eta Tarragonan banatzen zuten. Ikerketa honen esparruan antolatutako dispositiboetan atzemandako substantziek 4,3 milioi euroko balio zenbatetsia dute legez kanpoko merkatuan.
Ertzaintzaren hasierako ikerketa-kudeaketek abiarazi dute ikerketa
Joan den azaroan, Ertzaintzak, zenbait ikerketa-kudeaketaren bidez, jakin zuen laborategi klandestino bat egon zitekeela, eta bertan diseinuko substantzia estupefazienteak egiten arituko zirela.
Hortik aurrera, ikerketa bat jarri zuten abian, eta Mossos d’Esquadrako CITCO Terrorismoaren eta Krimen Antolatuaren aurkako Inteligentzia Zentroaren bidez, hauteman zuten ikerketarekin lotutako pertsonak “prekurtsoreak” eskuratzen ari zirela. Lehen kudeaketen bidez, egiaztatu zuten Mont-roig del Camp (Tarragona) herriko etxe bateko garajean laborategia zegoela. Ondoren, zehazteko zegoen ikertuek substantzia horiek zer motatako erabileretara bideratzen zituzten.
CITCOren koordinazioaren testuinguruan jasotako informazio horrek adierazten zuen ikertutakoek NITROMETA izeneko substantzia kimiko bat eskuratu zutela, % 100eko purutasunekoa. Substantzia hori lehergailuak egiteko erabili ohi den prekurtsore bat da. Substantziaren purutasunak eman zuen alerta-ahotsa, konposatu mota hori, normalean, % 10 eta % 25 arteko purutasunarekin eskuratzen baita. Eskuratutako informazioarekin, ikertutako etxearen inguruko zaintza-lanei ekin zieten.
Laborategi klandestino bat, atxilotuetako baten etxeko garajean
Droga fabrikatzeko, talde kriminalak etxe bateko garajea laborategi bihurtu zuen, substantziak fabrikatzeko hainbat gune bereizitan banatuta.
Espazio horretan, erreakzio kimiko jakin batzuk segurtasunez egiteko ke-kanpai bat zegoen, nahasteak egiteko erdiko mahai bat, droga horien prekurtsore diren hainbat substantzia mota hartzen zituen biltegi bat, hozkailu eta izozkailuen gune bat (nahasteak eta beste substantzia batzuk gordetzeko), baita makina elektriko bat ere, nahasteak prentsatzeko eta salmentarako konprimatu egokiak egiteko.
Ikertzaileek egiaztatu dute substantzia estupefazienteak fabrikatzeko prozesuak sei egun irauten zuela. Ildo horretatik, gutxienez bitan egiaztatu ahal izan zuten substantzia bat egoera likidoan iristen zela laborategira, eta handik sei egunera azken produktua jasotzen zutela banatzeko.
Taldeko sukaldaritzat hartzen denak, halaber, “katalogo” bat zuen, kolore, forma eta konposizio desberdinetako 50 pastilla motarekin. Laborategi berean material bideografikoa aurkitu zuten, atxilotua zenbait substantzia mota egiten ikus zitekeena. Irudi horiek gutxienez bospasei urte lehenagokoak dira.
Ikertzaileen hipotesiaren arabera, substantzia estupefazienteak zenbait bidetatik garraiatuko zituzten Herbehereetara, Europako iparraldeko beste herrialde batzuetara eta Espainiako estatura, nahiz eta, neurri batean, laborategiaren eragin-eremuan txikizka ere saltzen zen.
Laborategiak babespean jarraitzen du Polizia Zientifikoaren eta TEDAXen analisien emaitzak jasotzeko zain.
Balizko artefaktu piroteknikoak edo su-eragileak fabrikatzeko gunea
Etxean sartzeko eta hura miatzeko, TEDAXetako talde bat ere joan zen, ikerketa abiarazi zuten hasierako informazioak baieztatu eta egiaztatzeko. Ildo horretatik, operatiboek lehergailuak egiteko erabili ohi den material prekurtsorea, artefaktu su-eragileak edo piroteknikoak aurkitu zituzten etxeko hainbat gelatan.
Laborategian ez ezik, drogen fabrikazioaz bestelako erabileretarako guneak ere aurkitu zituzten etxean ere. Ikertzaileek ikusi zuten, besteak beste, soldatzeko gune bat zegoela, armak aldatzeko beste leku bat, eta lehergailuak, artefaktu piroteknikoak edo su-eragileak egin zitezkeen gune bat ere.
Atxilotuak lehergaiak fabrikatzeko, garraiatzeko eta biltegiratzeko hainbat eskuliburu zituen, baita ikerketarako interesgarriak diren beste liburu batzuk ere. Hauek ere atzeman zituzten: bost arma labur eta bost luze, hiru isilgailu (horietako batzuk su-armetan sartuta zeuden, tiro egiteko moduan), munizio benetakoa eta jaurtigairik gabekoa, eta desmuntatutako jaurtigaien hondarrak. Horiek aditzera ematen duten hipotesiaren arabera, atxilotuak jaurtigaiak desmuntatu egiten zituen, ustez beste proiektu batzuk egiteko erabiltzen zituen elementuak (hala nola abiagailuak edo bolbora) ateratzeko.
Bestalde, ikertzaileek egiaztatu ahal izan zuten atxilotuak Guardia Zibilaren 2004ko aurrekari bat zuela substantzia edo artefaktu leherkorrak, sukoiak, su-eragileak edo itogarriak izateagatik.
Puntu horretan ikerketak irekita jarraitzen du, TEDAXek substantzien analisi zientifikoak egin arte, baita Informazio Komisaria Nagusiak atzemandako informazio guztia aztertu arte ere. Informazio horrek bidea eman behar du balizko lehergai-fabrikazioaren eta horren xedearen inguruan ikerketa-lerroren bat ezartzeko.
Hainbat dispositibo ikerketaren esparruan
Ikerketa hasi ondoren, egindako kudeaketekin delitu-jarduera egiaztatzeko behar beste zantzu lortu zituztenez, hainbat polizia-operatibo bideratu zituzten.
Ekainaren 4an, zaintza-dispositibo bat ezarri zuten ikertutako etxebizitzaren inguruan. Zaintza horren ondorioz, 31 urteko gizonezko bat atxilotu zuten, gainean 2CB, Tosa edo Tucibi izeneko feniletilamina psikodelikoko 1.152 pastilla zeramatzala. Atxilotua aske geratu zen behin epaitegiaren esku egon ondoren.
Hamar egun geroago, ikertzaileek beste dispositibo bat ezarri zuten etxearen inguruan, eta hauteman zuten ikertuen ibilgailuetako batek lur orotako beste ibilgailu bat etxeraino lagundu zuela, garajera sartzeko. Agenteek poltsa batzuk kargatzen ari zirela hauteman zuten eta, ondoren, Reus herritik gertu geldiarazi zuten ibilgailua. Barruan, ikertzaileek 131,638 kilogramo anfetamina sulfato pasta aurkitu zuten, speed izenez ezagutzen den substantzia. Pasta hori egoera puruan zegoen. Hainbat substantziarekin moztu ondoren, banatzeko egokia izango zen substantziaren pisua bikoiztu edo hirukoiztu zitekeen. Dispositibo horretan, ibilgailuaren gidaria atxilotu zuten.
Azkenik, ekainaren 15ean azken dispositiboa egin zuten. Bi sarrera eta erregistro egin zituzten, eta beste bi pertsona atxilotu ere, horien artean sintesi-drogen sukaldaria.
Ikerketa honen esparruan egindako dispositiboen ondorioz, hainbat substantzia-kantitate atzeman dituzte:
– 156,5 kg speed pasta moztu gabe; 1,68 milioi euroko balio zenbatetsia. Behin substantzia hori moztuta, bere pisua 2 edo 3 aldiz handitu zitekeen.
– 108 kg speed merkaturatzeko; 1,35 milioi euroko balio zenbatetsia.
– 21,9 kg 2CB, Tosa, Tucibi edo kokaina arrosa; 950.000 euroko balio zenbatetsia.
– 10 kg Ketamina; 263.000 euroko balio zenbatetsia.
– 2,7 kg MDMA; 120.000 euroko balio zenbatetsia.
– 5 kg marihuana-kukulu; 30.000 euroko balio zenbatetsia.
– Hamar su-arma eta munizio, benetakoak zein jaurtigairik gabekoak.
– 42.000 euro.
Reuseko Instrukzioko 3 zenbakiko Epaitegiko epaileak, auziaren instruktoreak, behin-behineko espetxealdia agindu zuen hiru ikertuentzat.