2022-07-18
Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuak parte hartu du Ekonomia eta Eraldaketa Digitaleko Ministerioan egin den Erregulazioa eta Negozio Giroa Hobetzeko Batzar Sektorialaren laugarren bileran. Bilera horretan, Ukrainako gerraren ondorio ekonomikoei eta sozialei erantzuteko hartutako neurrien balantzea egin da, eta Europako funtsak kudeatzeko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren egoera aztertu da, zehazki Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismoaren maileguetako 70.000M€-ak eskatzeko beharrezkoa den aldaketa (eranskina).
Lehenengo gaiari dagokionez, Azpiazuk aditzera eman du arriskutsua dela autonomia-erkidegoek hedabideen bidez ezagutzea Administrazio Orokorrak iragartzen dituen neurriak, eta, gainera, horrek neurrien kudeaketa arinean eragina duela. “Horrela kudeatzea konplexua da gainerako erakundeentzat, eta, nire iritziz, lankidetza-maila handiagoa behar da, neurriek ahalik eta azkarren eragina izan dezaten gizartean”, adierazi du Azpiazuk.
Era berean, argi utzi du autonomia-erkidegoetako gobernuak ez direla “Gobernu Zentralaren leihatilak”, are gutxiago Euskadiren kasuan, Euskal Autonomia Estatutuaz gain, Euskal Ekonomia Ituna ere baitu, eta biak euskal autogobernuaren funtsezko eta indarreko lege-elementuak baitira.
Azpiazu sailburuaren iritziz, herritarrei eta ekoizpen-ehunari laguntzeko neurriak ezinbestekoak dira asaldura ekonomiko larriak eta inflazioa oso-oso handia den testuinguru honetan; edonola ere, erakundeen arteko koordinaziorako eta lankidetzarako deia egin du, neurri horiek azkar eta efizientziaz ezar daitezen. Era berean, adierazi du apirilaren 11tik aurrera Ukrainako krisiari aurre egiteko neurriak aplikatu direla Euskadin, Europar Batasunaren eta Espainiako Gobernuaren erabakien aurretik. Izan ere, beharrezko aurrekontu-aldaketak egin dira 15 M€-ko erreskate sozialeko funtsa osa dadin, baita 143 M€-ko erreskate ekonomikoko funtsa eta 43 M€-ko likidezia-neurri osagarriak osa daitezen ere.
BERRESKURATZE, ERALDAKETA ETA ERRESILIENTZIA MEKANISMOAREN BERRESKURATZE-PLANAREN ERANSKINA
Eusko Jaurlaritzaren iritziz, Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Mekanismoaren maileguetan 70.000M€ baino gehiago eskatzeko beharrezkoa den Berreskuratze Plana aldatuko bada, Espainiako Gobernuak nahitaez hartu beharko du kontuan autonomia-erkidego bakoitzaren errealitatea, eskualde bakoitzaren premietara egokitutako finantza-tresnak diseinatu ahal izan daitezen.
Azpiazuk aditzera eman du autonomia-erkidegoek hobeto diseinatu eta egikaritu ahal izango dituztela beren inbertsio-lerroak, autonomia-erkidegoek ondo ezagutzen baitituzte beren lurraldeetako indarguneak eta premiak. Planteamendu hori indartu egiten da, gainera, premia horiek garaiz identifikatzeko gaitasunarekin eta premia horiei irtenbidea eman nahi dieten neurrien kapilaritatearekin.
Eranskina —hasiera batean 2022ko bigarren seihilekoan aurkeztuko da— mugarria izango da autonomia-erkidegoak indartzeko eta bultzatzeko. Ekonomiako sailburuak Calviño presidenteordeari eskatu dio iragarritako “eskualde-funtsa” zehatz dezan, betiere Euskadik duela bi urtetik defendatu dituen ESKUALDEETAKO BERRESKURATZE ETA ERALDAKETA EKONOMIKORAKO PROIEKTU ESTRATEGIKOEI estaldura emateko erabilgarria izan dadin.
“Euskadi jakitun da oso garrantzitsua dela esparru horretan proposatzen diren jarduketa berriek lehentasuna ematea maila finantzarioan eta fiskalean jasangarriak diren finantza-tresnei, baliabide horiek Europar Batasunari itzuli behar baitzaizkio”, erantsi du Azpiazuk.
Era berean, nabarmendu du baliabide horiek 6 urtetan zehar ordainduko direla, 2026. urtearen amaierara arte, eta Estatuek 2058ko abenduaren 31 baino lehen itzuli beharko dituztela; beraz, nahitaez hartu behar da kontuan ikuspegi autonomikoa. “Jasoarazi nahiko nuke, tresna horrek ez duela inola ere ordeztu ahal izango gure zorpetze-ahalmena”, ñabartu du.
“Lehenbailehen jakin behar dugu eskualde-ekimenetarako esleitutako aurrekontua, baita baldintzen eta gobernantzaren arloko oinarrizko jarduketa-esparrua ere”, eskatu du Azpiazuk. “Gure ekoizpen-ehunari lehenbailehen eman behar diogu ziurtasuna”, aditzera eman du amaitzeko.