2022-07-18
“Bonu jasangarriak dira Eusko Jaurlaritzaren zorra finantzatzeko tresnarik egokiena”. Hernando Lacalle Eusko Jaurlaritzako Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak, ideia horretan oinarritu du bere hitzaldia, “Eusko Jaurlaritzaren finantza-estrategia jasangarria”. Hitzaldi hori Empresa XXI egunkariak antolatutako “Finantzaketa, interes-tasak eta dibisak, aldaketa-garaian” gaiari buruz antolatu duen jardunaldian eman du. Jardunaldi horretan, hain zuzen ere, aurkeztu da ‘Quién es Quién en la Economía Vasca’ (‘Nor da nor euskal ekonomian’) liburua.
Sailburuak, bere hitzaldian, orain arte Eusko Jaurlaritzak egindako bonu jasangarrien sei jaulkipenak gogorarazi ditu —guztira 3.700 milioi euroko zenbatekoa—.Bonu horien kolokazio-prezioarekin, eskaerarekin eta nazioarteko dibertsifikazioarekin batera, Lacallek ekimen horien bidez lortutako funtsaren helburua nabarmendu du. Izan ere, aditzera eman duenez, funts horiei esker “gizarte-gaiak landu ahal izan dira —hala nola hezkuntza, etxebizitza edo langabeziari laguntzeko programak—, baita gai berdeak ere —hala nola garraioan erregai fosilarekiko mendekotasuna gutxitzea edo uraren kalitatea hobetzea—”.
Lacalle sailburuordeak emandako datuen arabera, 2021ean Eusko Jaurlaritzaren zor publikoa 11.171M€-koa zen, eta batez beste 8,46 urteko bizitza zuen eta % 1,35eko batez besteko kostua.
Joan den apirilean abian jarri zen «Euskadi Bonu Jasangarriaren» seigarren jaulkipena, hamaika urterako 500 milioi euroko balioarekin. Lacallek jakinarazi duenez, jaulkipen horren bidez, “Eusko Jaurlaritzak jarraipena ematen dio bonu jasangarrien merkatuaren garapenean zeregin garrantzitsua betetzeko asmo irmoari, baita Euskadiko ingurumen-, ekonomia- eta gizarte-erronkei aurre egiteko finantzaketa arduratsua eta efizientea sustatzeko asmo irmoari ere”. Horretarako, sailburuordeak Azpiazu sailburuak berriki aditzera emandakoa gogorarazi du, adierazi duenean azken bonu horri esker zor horren bizitzan 60 milioi euro baino gehiago aurrezteko aukera izan dela.
Azken jaulkipen horretatik, Lacallek adierazi du inbertsoreen % 31 nazioartekoak zirela, % 47 Pentsio Funtsak zirela eta % 63k ESG izaera zutela (konpainia jasangarriak).
Lacalle sailburuordeak jaulkipen horien kronologiaren errepasoa egin du, eta gogorarazi du 2018an hasi zirela, Eusko Jaurlaritzaren 2030 Agendarekin bat datorren estrategiaren barruan.
Eusko Jaurlaritza izan zen zor jasangarriko jaulkipena egiten zuen lehen euskal erakundea —500 milioi euroko balioa zuen—.Horretarako, Ekonomia eta Ogasun Sailak roadshow bat egin zuen Europako zenbait herrialdetatik, eta eskaintza hirukoizten zuen eskaria lortu zuen.
2019an, 100 milioi eurotan handitu zen Bonu Jasangarriaren jaulkipena, eta, hartara, 600 milioi jarri ziren. Edonola ere, eskaintza baino lau aldiz eskari handiagoa izan zen. 2020ko martxoan, 500 milioi euroko jaulkipena egin zen eta eskariak bider zazpi gainditu zuen eskaintza. Apirilean, 59 milioi euroko jaulkipen jasangarri pribatua egin zen, eta, 2020ko azaroan, Euskadi Bonu Jasangarrien laugarren jaulkipena. Berriro ere eskariak bider hiru gainditu zuen eskaintza, 600 milioi euro, 16 herrialdetako 120 inbertsorerekin.
Joan den urtean, bosgarren jaulkipena egin zen eta 1.000 milioi eurokoa izan zen, merkatuko eragiketarik handiena. Jaulkipen horri esker, Eusko Jaurlaritzaren finantza-egoera sendoa indartu ahal izan zen eta Covid-19ak sortutako ezohiko egoerari aurre egiteko baliabideak bermatzeko aukera eman zuen.
Lacallek ohartarazi duenez, hori posible izan da, hein handi batean, kalifikazio-agentziek Euskadiri emandako rating-a Estatuari emandakoa baino bi puntu handiagoa izateagatik (baimendutako gehieneko aldea, hain zuzen ere). “Horrek adierazten du agentzia horiek oso modu positiboan baloratzen dutela gure finantza-kaudimena, betiere egoera ekonomikoa eta zorpetze-maila onargarria zorrotz aztertu ondoren”, erantsi du sailburuak.