Beren garaian aitzindari izan ziren emakumeen legatua oroituz

0

Artikulu honetan, 1820 eta 1935 bitartean bizi izan ziren hiru emakumeren ekarpenak aipatuko ditugu. Emakume iraultzaileak izan ziren hirurak, bai beren planteamendu, aldarrikapen eta ekintzengatik, bai garai haietan emakume sustatzaile eta aktibo izateagatik.

Lehena Concepción Arenal (1820-1893) dugu, zeina pertsonen duintasunaren kontzientzia pizten saiatu zen. Dena den, Etorkizuneko emakumea (1869) bere idazkiaren bidez, emakumearen duintasuna azpimarratu zuen bereziki. Hezkuntza eta lana proposatu zituen emantzipazioa lortzeko bide gisa. Garai hartan, erabat debaluatuta zegoen emakumeen kasuan hezkuntzaren bidez ahalduntzea (beren ahalmenak landuz, haien izaera indartuz eta jorratuz) eta lanean aritzea, hala legeek nola hezkuntza-sistemak eragotzi egiten baitzieten lana eginez beren kabuz baliatu ahal izatea. Emakumeen Ateneoa bultzatzen lagundu zuen, emakume behartsuenei heziketa eta lana emateko, eta aberatsenei, berriz, hezkuntza intelektual osoa. Egundoko iraultza izan zen bere garaian.

Historiako figura handi bihurtu zen bigarren emakumea Mary E. Richmond (1861-1928) dugu. Eguneroko bizimodua behe-mailatik sentitzen eta taxutzen zuen emakume honek zeharo aldatu zituen laguntza emateko moduak. Bere eskuekin besteak zaintzen aritu ziren emakume ugari haietako bat izan zen, bere ibilbidearen zati handi batean itzalean egon zen emakume haietako bat, arlo intelektualean gizonezkoek baitzuten protagonismoa. Nolanahi ere, emakumea, langile porrokatua eta gizarte-langilea izateagatik izan zituen oztopo horiek guztiek ez zituzten kamustu bere giza nahiak eta asmo moralak, bere helburu nagusia gizarte-langileen jakintza herrikoiaren zerbitzura jartzea baitzen. Instituzionalizatu egin zuen gizarte-lana. Bere legatua, Gizarte-diagnostikoa liburua, urte luzez egindako lanaren emaitza izan zen, laguntza emateko erakunde tradizionaletan egindako lan zuhur, apal eta kolektiboaren fruitu, horrela jarduten baitzuten emakumeek jakintza komunaren zerbitzura, eraginkortasunez eta errespetuz beti. Mary Richmondek emakumezkoen gizarte-lana jarri zuen praktikaren oinarrian, hurbileko eta eguneroko lana egitea baitzen gizartean aldaketak eragiteko modurik egokiena.

Hirugarren emakumea Jane Addams (1860-1935) gizarte-langile feminista, soziologoa eta bakezalea dugu. Emakumeen eskubideen aldeko hainbat elkartetako kide izan zen, eta pertsonek bizi zituzten egoerak kontuan hartzen zituen esku-hartze eredu bat garatu zuen. Chicagoko auzorik txiroenetako batean, Hull House (gizarte-zentroa) sortu eta administratu zuen, biztanle marjinal eta etorkinak artatzen zituena. Zentro neuralgiko bat ezarri zuen (pisu bat izatetik eraikin multzo bat izatera igaro zena), espazio sozial bat eskaini ziena, besteak beste, emakumeen elkarteei eta gizarte-zerbitzuei: tratu txarrak jasan zituzten eta abandonatuta zeuden emakumeentzako harrera, alokairu baxuak, haurtzaindegiak, kooperatibak, jantoki publikoak, liburutegia, ikasketa taldeak… Janek hainbat artikulu eta liburu idatzi zituen, eta hitzaldi ugari eman zituen, non Hull Housen benetan gertatutakoetan oinarritutako istorioak kontatzen zituen. Bere lanen artean, azpimarratzekoa da, gaur egun duen garrantziagatik, etxeko langileen esperientziak jasotzen zituen eta fabriketan lan egiteko lekualdatzea planteatzerakoan zituzten argudioak deskribatzen zituen liburua. Addamsek fabriketako langileen lan-baldintzekin konparatzen zituen etxeko langileen lan-baldintzak ordu kopuruari, enpleguaren egonkortasunari, soldatari eta gizarte- eta familia-bizitzarako abantailei zegokienez.

Horrez gain, erakunde publikoek aisia-zentroak eskaintzeko betebeharra zutela aldarrikatzen zuen, herritarrei askotariko giza eta gizarte-harremanak izateko aukera emateko; eta, bere esperientzietan oinarrituz, balio handia ematen zion gizarte-lan komunitarioari. 1931n, Lehen Mundu Gerraren ondoren, Bakearen Nobel saria jaso zuen.
Hiru emakume hauek aitzindariak izan ziren beren garaian, gaur egun oraindik ere lantzen eta aldezten diren baldintzen defendatzaile eta aurreratzaile. Bukatzeko, laburbil dezagun esaldi batean artikulu honekin adierazi nahi duguna: «Zeinen garrantzitsuak diren sustraiak, mantenugaia izaten eta egindako bidea ikusten laguntzen baitigute, eta etorkizuneko norabidea erakusten».