Euskadik industria adimendun, jasangarri eta eraginkor bat modulatu du

0

Euskadin baldin badago gune bat non startupek eta konpainia handiek hizkuntza bera mintzatu eta erabiltzen duten, “Demo Day” ekitaldia dugu gune hori. Networking jardunaldi bat da, aukera ematen duena esperientziak eta ezagutzak trukatzeko eta aliantza berriak sortzeko sektore eta filosofia desberdinetako konpainien artean. Jardunaldi horren seigarren edizioak arrakasta handia bildu zuen duela aste batzuk Euskalduna Jauregian, eta BIND 4.0 plataformak bultzatu du beste behin ere. BIND 4.0 Eusko Jaurlaritzak eta SPRIk 2016an hiru Foru Aldundiekin lankidetzan sustatutako berrikuntza irekiko eta industria adimenduneko plataforma da. Orduko eta oraingo helburua norabide berean doa: 4.0 Industriarekin erlazionatutako enpresa gorakorren eta trakzio-enpresen arteko lankidetza ahalbidetzea Euskadin. Sei urte hauetan, plataformak 160tik gora startup azkartu ditu, eta 240 proiektu baino gehiago garatu, zazpi milioi euroko fakturazioa gaindituz, dio pozik Leyre Madariagak, SPRI Taldeko Eraldaketa Digital eta Ekintzailetzako zuzendariak.

Zein da “Demo Day” ekitaldiaren azken edizio honetako balantzea? 

Aurten ere oso pozik gaude, batik bat aukera izan dugulako bi urteren ostean berriz elkar ikusteko, BIND familian faltan bota baitugu hori, eta, orobat, plataformaren edizio berri bat abiarazi dugulako, zazpigarrena zehazki. Baina gainera, itxaropentsu gaude, bertan aurkeztu baititugu azken edizioan parte hartu zuten startupek eta trakzio-enpresek garatutako 30etik gora konponbide teknologiko berri, zeintzuen helburua baita sektoreko erronka berriei erantzutea eta industria adimendun, jasangarri eta eraginkorrago bat lortzea.

Zein arlo edo sektoretan txertatzen dira konponbide horiek?

Eusko Jaurlaritzako Ekonomi Garapen Sailean garatzen ditugun ekimen edo politika guztiekin bezala, oso lerrokatuta gaude RIS3 espezializazio adimenduneko estrategiarekin: RIS3k lehentasunezko lau ekintza-esparru finkatu ditu, eta gu horietan zentratzen ahalegintzen gara, inpaktu handiagoa lortzeko eta sinergia gehiago sortzeko. Esparru horiek dira Industria, Energia garbi eta jasangarria, Elikadura eta Osasuna. BINDen kolaboratzen duten proiektu eta enpresa guztiak lau bertikal horietan txertatzen dira.

Eta nolakoak dira proiektuak? 

Xehetasun gehiegitan sartu gabe, esan genezake badaudela ikusmen artifizialaren bidez kalitatea kontrolatzeko proiektuak, pertsonen eta makinen arteko elkarreragina lantzen dutenak hizkuntzaren prozesamenduaren bitartez, energia garbiak biltegiratzekoak, biki digitalen proiektuak, zeintzuen helburua baita produkzioko denborak murriztea edo, esaterako, medikuntza arloan, gailuen digitalizazioko proiektuak. Horrelakoak dira BIND 4.0 plataformatik ateratzen diren proiektu, ekimen eta konponbide teknologikoak.

Konponbide horiek baliatzen dituzten teknologiei esker, startup-ak Euskadiko korporazio handietan inplementatu dira, ezta?

Egia da sei urteotan hainbat teknologia desberdin egon direla zerrendaren buruan, eta batzuk aldatzen joan direla. Une honetan gehien eskatzen diren teknologiak dira datuarekin, adimen artifizialarekin, IoT-rekin (Internet of Things) eta Big Data-rekin erlazionatutakoak. Hori bai, robotika, errealitate birtuala eta areagotua eta nanoteknologia bigarren postuan daude, gero eta indar handiagoa hartzen ari dira, eta oso posizio nabarmenean daude industriak Euskadin duen garrantziagatik. Azken belaunaldiko teknologia horien bitartez industria bat bermatu nahi dugu lehiakorra, garbia eta jasangarria izango dena eta, horrezaz gain, gure startupei negozioa emango diena.

Interesak hurbiltzen eta lankidetza formula berriak bultzatzen jarraitzeko helburu horrekin, iaz ekimen berri bat jarri zen martxan BIND plataforman -alegia SME Connection-, euskal ETEen eraldaketa digitala eta lehiakortasuna bultzatzeko… Emaitzak espero zenituztenak izan dira?

Oso pozik gaude prozesuarekin, nahiz eta zuhur samar jokatu dugun, badakigulako ETEentzat -gure politiken obsesio bat- zaila dela prozesu berrietan sartzea. Halere, lau klusterren lankidetzari esker (Makina-erreminta, Energia, Ingurumena eta Automobilgintza), 22 ETEk prozesu osoa burutu dute, eta azkenean, horietatik 14k proiektuak abiarazi dituzte 12 startupekin. Hortaz, batetik, espektroa zabaldu dugu ETEak ere barne hartzeko, eta bestetik, negozioa eta aukera berriak eskaintzen jarraitzen dugu.

Zeintzuk dira startup horiek aukeratu dituzten ETEak?

Hauexek dira balizko proiektu disruptibo horiek martxan jarriko dituzten ETEak: Eldu, Azpiaran, Ekide, Garita Flexix, Trimek, Ingemat, Indumetal, Zabalgarbi, Agaleus, Dimeco, Ona, Lantek eta Tivoly. Bestalde, hauek dira proiektuetan parte hartzeko hautatutako 12 startupak: Kevo, Siali, Hupi, Ikustec, Inalia, Innovae, D&A, Sincroppol, Immersia, Dattium, Ironchip eta Nuavis. Ondo bidean, orain hasiko dira garatzen lehen proiektuak, eta gainerakoak datozen hilabeteetan.

Iragazkiren bat iragan behar izan dute?

Aukeratutako startup guztiek garatu behar dituzte sektore industrialera aplikatutako teknologia berriak, edonork ikusi, erabili eta probatzeko moduko produktu edo zerbitzu bat eman behar dute (dagoeneko merkatuan egon liteke) eta ezin dituzte izan zortzi urte baino gehiago.

Iruditzen zaizu duela denbora batetik hona abiarazten ari diren proiektuen espezializazioak maila paregabea erdietsi duela?

Ziurgabetasun une honetan gauza jakina da estrategiak planteatzen eta planifikatzen jarraitu beharra dagoela, baina edozein unetan gerta daiteke zerbait kalifikazio hori hankaz gora jar dezakeena, eta batzuetan, antolakundeek -handi zein txiki- ez dute behar adina azkar jokatzen merkatuko nobedade horietara egokitzeko. Horregatik, ohartu gara gero eta beharrezkoagoa dela elkarlanean aritzea, elkarreragitea, berrikuntza irekiari bidea libre uztea, eta disrupziorako aukera ematen duten enpresa eta antolakunde txiki eta arinagoekin jardutea. Baina enpresa oso argia da, eta bakarrik onartuko du konponbide bat, baldin laguntzen badio inpaktua izaten eta emaitzen kontua hobetzen. Eta guk, Administrazio gisa, ahalik eta gehien bultzatu eta babestu behar ditugu horrelako prozesuak.

Ekintzailetzaren euskal sistemaz ari garela, uste dugu zuen Saila eta SPRI hasiak zaretela eguneratzen UP Euskadi plataforma, azken urteotan oso ongi funtzionatu duena. Zertan datza prozesu hori?

Bizitza honetan garrantzitsua da “izatea”, baina baita ere “irudi bat ematea”, eta batzuetan Euskadin zuhurregi jokatzen dugu horretan, gehiago gara gauzak egitekoak eta ez hainbeste geure burua ongi saltzekoak… Ez diot UP Euskadi geure burua saltzeko plataforma bat denik, baina bai baliagarria da ekintzailetzaren ekosistema teknologikoaren potentzialari ikusgarritasuna eta balioa emateko. Horrexetan ari gara lanean plataformaren sorkuntzatik, baina bihurgune berri hau harturik, ekimen honetan baditugu jadanik 900dik gora startup, inbertitzaile, azeleratzaile eta unibertsitate, ekosistema sendo bat osatzen dutenak epe ertain-luzera begira.