Euskalmet – Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, uztailaren 11tik 18ra bitartean izandako bero-bolada historikoa izan da; izan ere, lehen inoiz ez dira hain balio altuak erregistratu urteko hilabete bakar batean ere. Egoera ezohikoa izan dela agerian jartzen du Euskalmetek dituen 140 estazioetako 80tan lortutako uztaileko efemeride-kopuru handiak, eta horietako 17tan urteko errekorrak ere hautsi dira.
Erregistratu diren uztaileko efemerideei dagokienez, Gardeako estazioko 43.5 ºC-ak, Arrasateko eta Saratxoko 42,9 ºC-ak eta Ordunteko eta Orozkoko 42.4 ºC-ak nabarmentzen dira. Erregistratu diren urteko efemerideei dagokienez, berriz, nabarmentzen dira Arrasateko estazioan neurtutako 42.9 ºC-ak, Ordunteko 42.4 ºC-ak, San Prudentzioko 42.3 ºC-ak eta Behobiako 42.1 ºC-ak.
Basoko suteei dagokienez, adierazi behar da basoko suteen arriskua eragin zuen faktore bakarra ez zela tenperatura altuarena izan, faktore horri erantsi behar baitzaio landarediak jasandako estres handia, bereziki Arabako Lurralde Historikoan, eta laboreen uzta jasotzeko garaia izatea. Horregatik guztiagatik, Eusko Jaurlaritzak lehenengo aldiz hartu zituen zehatze-neurriak, eta abisu, alerta eta alarma sisteman jaso ziren.
Euskalmeten arabera, bero-bolada honetan Eusko Jaurlaritzak 20 abisu hori aktibatu ditu tenperatura altu iraunkorrengatik, muturreko tenperatura altuengatik, baso-suteen arriskuagatik eta galernengatik; 14 alerta laranja tenperatura altu iraunkorrengatik, muturreko tenperatura altuengatik eta baso-suteen arriskuagatik; eta 5 alarma gorri muturreko tenperatura altuengatik eta baso-suteen arriskuagatik.
Bero-bolada hilaren 18ko eguerdian hasi zen arintzen. Lehenengo Bizkaia mendebaldean aldatu zen haizea, eta gero, egunean zehar, lurraldeko gainerako lekuetan, Ebroren ardatzeko zonan izan izanik. Haize-aldaketaren ondorioz tenperaturek nabarmen egin zuten behera, eta hogei minutuan bakarrik 15 ºC ere jaitsi ziren itsasertzeko estazio batzuetan.