Urolako trenbidearen bidegorria luzatzeko bi tunel birgaitzeko eraikuntza-proiektua lizitatu du ETSk

0

Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren mendeko Euskal Trenbide Sarea erakunde publikoak, lizitaziora atera du gaur egun dagoen bidegorria luzatu ahal izateko Urolako trenbide zaharreko Iraetako eta Arroako tunelak birgaitzeko eta indartzeko eraikuntza-proiektua. Lehenengo tunela 80 metro da luze; bigarrena, berriz, nabarmen handiagoa da, eta 520 metro hartzen ditu.

Iñaki Arriolak zuzentzen duen sailak eta Rafaela Romerok gidatzen duen Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak Urolako trenbide zaharraren Zestoa eta Zumaia arteko tartea Bide Berde bihurtzeko lankidetza adostu zuten. Hitzarmen bat egiten ari dira Erakunde bakoitzaren konpromisoak jasotzeko. Proiektu partekatu horrek 4 kilometro gehituko dizkio Gipuzkoako lurralde historikoan dagoen bidegorri-sareari, eta Urolako Bide Berdea osatuko du.

Esku hartzea jasoko duen tarteak oso egoera eskasean dauden bi tunel izatearen zailtasuna du. Iraetako tunela izenaz ezagutzen den lehenengoak 80 metro inguru ditu, ganga eraitsita dauka eta sarreretako bat itxita dago. Bigarrenak, Arroakoak, 520 metro inguru ditu, eta bi sarrerak itxita daude barneko luizien ondorioz. Azaleran 4 metroko sakonerako zulo bat du.

Proiektuaren ingurunean integraziorik onena lortzeko eta trenbide-ondarea kontserbatzeko, Eusko Jaurlaritzak, ETSren bidez, bi tunelen egitura egonkortzearen eta berreskuratzearen zenbatekoa bere gain hartzea erabaki du, eta, beraz, lurpeko bi pasabideetan lan horiek diseinatzeaz, lizitatzeaz eta gauzatzeaz arduratuko da.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak, bere aldetik, bere gain hartuko du Narrondo eta Arroako geltoki zaharra lotuko dituen aire zabaleko plataformako bidegorriaren lanen diseinua, lizitazioa eta egikaritzea. Esku hartze horien aurrekontua 450.000 eurokoa izango da.

Iraeta auzoaren eta Arroa auzoaren arteko Bide Berdearen trazadura tunel horien bidez egingo da, eta Narrondo auzoraino jarraituko du, kota-aldea gaindituz, sigi-sagan doan % 8ko maldarekin, Zumaiarekin lotzen den bidegorriaren egungo trazadurarekin bat egin ahal izateko.

Horrela, Urolako bidegorriak Urola bailara osoa lotuko du eta Zumarragatik Zumaiara doan bizikleta eta oinezkoentzako bide baten parte izango da. Guztira 36 km-ko bide berdea izango da, desagertutako Urolako trenbidearen trazaduraren gainean eta izena ematen dion ibaiaren ondoan. Proiektuak, arro horren trenbide-ondare garrantzitsua kontserbatzen lagunduko du, eta hura berreskuratzeak herritarrek erabiltzea eta gozatzea ahalbidetuko du.