Aniztasuna plazara

0
Datorren larunbatean, uztailak 23, 11:00etatik 14:00ak bitartean aniztsun festa egingo da festen baitan. Bertan, jatorri desberdinetako azpeitiarrek beren herrialdeetako hizkuntza, kultura eta bestelakoak ezagutaraziko dituzte

Sexu, arraza, hizkuntza, kultura zein jatorri desberdinetako herritarrek osatzen dute Azpeitia. Aniztasun horren baitan, munduko txoko desberdinetatik etorritako azpeitiarren inguruan gehiago ezagutzeko festa antolatu du udalak. Festan, Nikaragua, Sahara, Ekuador, Paraguay, Guatemala, Maroko, Pakistan, Venezuela, Nigeria, Mali, Peru, Bolivia, El Salvador eta Ruandar jatorria duten herritarrek hartuko dute parte.

11:00etatik 14:00ak bitartean, postu desberdinak izango dira plazan. Postuetan aipatutako herrialdeetako edo beren kulturako gauza esanguratsuak edukiko dituzte. Hala nola, janaria, artisautza edo bestelakoak.
Postuez gain, hiru tailer ere eskainiko dira haurrentzat: Marrazki afrikar eta letra arabiarren ingurukoa; Henna tailerra eta trentzak egiteko tailerra.

11:15etatik aurrera, plazan bertan, Ekuador, Nigeria, Mali eta Nikaraguako dantzen ikuskizuna ere izango da ikusgai.

Modu honetara, azpeitiarren aniztasuna plazaratu eta kulturartekotasuna landu nahi izan du udalak, aniztasun sailaren bidez: “Festen baitan, elkar ezagutza eta kultur, hizkuntza zein jatorri aniztasunaren baitako lanketa palazaratu nahi izan dugu. Aniztasuna plazara ekarri eta elkar ezagutzeko aukera jarri nahi izan dugu”, adierazi du Leire Goenaga Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak. Hala, herritar oro gonbidatu nahi izan du larunbateko festara. “Familian edo familia giroan festei hasiera emateko aukera paregabea izango da, eta herritarrak bertan parte hartzera animatu nahi ditut.