Ertzaintzako 10 agente bihar joango dira Rotterdamera «World Police and Fire Games» jokoetan parte hartzera

0

Ertzaintzak berriz parte hartuko du kirol anitzeko munduko ekitaldirik handienetako batean, Polizia eta Suhiltzaileen Munduko Jokoetan, eta aurtengo edizioa Herbehereetako Rotterdam hirian egingo da uztailaren 22tik 31ra bitartean.  Kirolariek erabiliko duten ekipamenduan “Ertzaintza” eta “Euskadi-Basque Country” irakurri ahal izango dira, eta atletismoan, arte martzialetan, igeriketan, arraunean, krosean eta powerlifting diziplinan lehiatuko dira. Aurtengo jokoetan 70 herrialde ezberdinetako 10.000 bat atletak parte hartuko dute.

Ertzaintzako 10 agentek osatutako Ertzaintzaren taldeak uztailaren 22tik 31ra bitartean Europako Rotterdam hirian egingo diren “World Police & Fire Games” jokoetan parte hartuko du. Azken bi urte hauetan kirol anitzeko norgehiagoka bertan behera utzita egonda pandemiaren ondorioz, baina aurten, 2022an, berriz antolatu da Rotterdam hirian, eta 70 herrialdek baino gehiagok parte hartuko dute. Azken edizioa 2019an egin zen Chengdu hirian (Txinan). Parte-hartzaileak hainbat herrialdetako segurtasuneko eta su-itzalketako kidegoetako 10.000 bat izaten dira.

Ertzaintzako taldea

Aurtengo Ertzaintzako taldea 2 emakumek eta 8 gizonek osatzen dute, eta atletismoko, arte martzialetako (taekwondo eta jiu jitsu modalitateetan), igeriketako, arrauneko, kroseko eta powerlifting diziplinako probetan lehiatuko dira. Ertzaintzako taldea osatzen duten kide guztiak federatuta daude eta esperientzia luzea dute euren espezialitateetan. Lehiatzeko Eusko Jaurlaritzak emandako ekipamendua erabiliko dute, eta bertan “Ertzaintza” eta “Euskadi-Basque Country” irakurri ahal izango dira.

Ertzaintzak esperientzia handia du era honetako nazioarteko kirol-norgehiagoketetan. Zehazki, 1997an hasi zen polizien eta su-itzalketako taldeen munduko joko hauetan parte hartzen, eta Ertzaintzako taldeak, guztira, 253 domina lortu ditu orain arte.

Segurtasun Sailetik ertzainek nazioarteko lehiaketetan parte hartzea sustatzen dute, eta ez kirol-erronka gisa bakarrik, baizik eta baita Ertzaintzako kide izatearen sentimendua indartzeko, beste kultura eta erkidego batzuekin adiskidetasun-harremanak ezartzeko eta esperientziak partekatzeko aukera delako ere, eta, era horretara, Ertzaintzaren irudi ona zabaltzen eta sustatzen delako jardunbide profesionalaren alderdi guztietan.

2.000 euroko laguntzak

Eusko Jaurlaritzak 20.000 eurora arteko laguntza onartu du aurtengo urterako joko horietan parte hartuko duten ertzainen gastuen zati bat ordaintzen laguntzeko.