Festak direla eta trafiko eta aparkalekuetan aldaketak izango dira Azpeitin

0
Iristear dira santioak eta segidan etorriko dira saninazioak. Festak irauten duten bitartean hainbat aldaketa izango dira trafikoan eta herriko zenbait eremutan. Gaurtik festak bukatu bitartean, Jesuitinen eta Urola Institutuko jolaslekuetan aparkalekuak ere egokitu dira. Datozen egunetan, beharrezkoa den kasuetan soilik ibiltzeko garraio pribatua eskatzen die udalak herritarrei. Udalak aurrez barkamena eskatu nahi die herritarrei sor daitezkeen eragozpenen aurrean.

Santio eguneko ganadu feria eta Txosnak direla eta Zelai luze itxita izango da trafikoarentzat uztailaren 25etik abuztuaren 3a bitartean, eta uztailaren 21 arratsaldetik aurrera ezingo da aparkatu bertan, egin beharreko prestaketa lanak egin ahal izateko. Foru pasealekuan, astotegian ere ezingo da aparkatu bihartik (uztailak 22) abuztuaren 3a bitartean. Eta uztailaren 26tik aurrera Done Jakue kalea ere festetako ekintzak egin ahal izateko egokitzen arituko dira.

Ezohiko aparkalekuak
Udalak, ezohiko aparkalekuak ere egokitu ditu, ordea. Hala, gaurtik abuztuaren 2a arte Jesuitinetako eta Urola institutoko jolaslekuetan aparkatzeko aukera izango da. Eta Perdillegiko Karmelo Etxegaraiko jolaslekua ere aparkaleku gisa egokituko da uztailaren 28tik abuztuaren 2a bitartean.

Garraio publikoa
Saninazio festen baitan, inguruko herrietarako garraio publikoaren gaueko zerbitzua areagotu egingo da. Hala, Errezil, Azkoitia, Zumaia, Getaria, Zarautz edo Eibarrera joan-etorria egiteko gaueko zerbitzua izango da.

Kontsultatu ordutegia