Laneko sailburuordeak lehen sektorean lan-segurtasuna indartzearen alde egin du

0
Fotografía: Palaciomiramar.eus.
    • Genero-ikuspegia eta adina txertatzeko eskatzen du, osasuna bermatzeko, 2021-2026 aldirako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Euskal Estrategiak ezartzen duen bezala

Lan eta Gizarte Segurantzako sailburuorde Elena Pérez Barredok lehen sektorean lan-segurtasuna indartzearen alde egin du gaur, belaunaldi berrientzat eta emakumeentzat erakargarria izan dadin.

Pérez Barredok udako ikastaroaren inaugurazioan parte hartu du Donostiako Miramar Jauregian: «Iraunkortasuna eta osasuna: gizarte- eta lan-ingurune erakargarria». Ikastaro hau 2019-2025 aldirako Euskadiko Elikaduraren eta Egurraren Balio Katerako Laneko Segurtasun eta Osasunerako Estrategia Sektorialaren barruan sartzen da, eta OSALANek egin eta bultzatu du sektorean jarduten duten eragile sektorial, sozio-laboral eta teknologikoekin lankidetzan. Gainera, Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailarekin partekatzen da.

Bere hitzaldian, sailburuordeak nabarmendu du “prebentzio-jarduerak garrantzi handia duela lehen sektorean, lan-istripuak murrizteko”, eta, aldi berean, azken urteotan “bilakaera positiboa izan duela, bereziki laneko segurtasunaren eta osasunaren arloko sentsibilitateari dagokionez”. Ildo horretan, Estrategia Sektorial hori abian jarri dela gogorarazi du. Tresna horrek “prebentzioa lehen sektorean integratzea errazten du, balio-kate horri mesede egiten dion elementutzat hartzen baitu”.

Hala ere, sektoreko langileen arteko desberdintasunei buruz ohartarazi du. “Desberdintasun horiek eta genero-gaiei buruzko ondorioak ikusaraztea beharrezkotzat jotzen da kasu bakoitzean aurre egin beharreko arrisku eta osasun-kalte motak ulertu ahal izateko”. Hala, Pérez Barredok Laneko Segurtasun eta Osasunerako 2021-2026 Euskal Estrategia aipatu du. Estrategia hori joan den abenduan onartu zen, eta pertsonak prebentzioaren erdigunean jartzen ditu. Estrategia horrek, lanpostuarekin edo jarduerarekin lotutako faktoreez gain, beste faktore batzuk ere hartzen ditu kontuan, hala nola sexua edo adina.

“Lehen sektorea funtsezkoa da gure inguruneari eusteko eta elikadura osasuntsua, hurbilekoa eta jasangarria bultzatzeko, eta lan egin behar dugu, halaber, erakargarria izan dadin belaunaldi berrientzat eta emakumeentzat”, gehitu du “talentua eta lan-indarra lehiakortasunaren kausa izango diren garai honetan pertsonak gure lehen sektorera erakarri behar ditugulako. Eta, horretarako, funtsezkoa da kalitatezko enpleguaren sorreran sakontzea, enplegu horren lehen baldintza lan segurua izanik. Lanetik nekatuta itzuli behar dugulako, bai, baina ateratzen garen osasun eta segurtasun berberarekin”.