Osakidetzako Arabako esi-ak erresonantzia magnetikoko makinak berritu ditu, herritarrentzako arreta hobetzeko

0

Osatek sozietateak sustatutako erresonantzia magnetikoko ekipamendu modernoek 2,9 milioi euroko inbertsioa eragin dute, eta urtean 15.000 miaketa inguru egiteko aukera emango dute

Osakidetzako Arabako ESIak erresonantzia magnetikoko bi makina berri izango ditu aurki. Zehazki, Arabako Unibertsitate Ospitaleko Santiago egoitzan instalatuko ditu Osatek sozietateak. Gama altuko gailu horiek azken eguneratze teknologikoez hornituta daude, urtean 15.000 miaketa inguru egiteko aukera emango dute eta zerbitzu integrala eskainiko die herritarrei  (oro har) eta ospitaleratuta dauden pertsonei. Nolanahi ere, arreta berezia eskainiko zaie neurologiaren, neurokirurgiaren eta patologia baskularraren arloei.

Bi ekipamendu berri horiek lortzeko, 2,9 milioi euroko inbertsioa egin da, eta Europar Batasuneko INVEAT Planeko (Goi Teknologiako Ekipamenduetan Inbertitzeko Plana) funtsen bidez finantzatu da, neurri batean. Erresonantzia magnetikoko gailu horiek Arabako ESIan instalatzeko lana Osakidetza irudi bidezko diagnostikorako ekipamenduak berritzeko eta eguneratzeko egiten ari den etengabeko prozesuaren barruan kokatuta dago. Prozesu horren helburua da kalitate handiagoko irudiak denbora laburragoan lortzea, probak egitean ongizate handiagoa eskaintzeko eta hainbat patologiatan zehaztasun diagnostikoa hobetzeko.

Erresonantzia magnetikoko ekipamendu berriak Arabako Unibertsitate Ospitaleko Santiago egoitzan instalatuko dira, eta pertsona gehiagori laguntzeko aukera emango dute, irudiak bizkor eskuratzeko aukerari esker. Horrela, beraz, denbora-tarte txikiagoa emango da makinetan. Halaber, pazienteen erosotasuna handiagoa izango da, eta antsietatea eta klaustrofobia murriztu egingo dira.

Bi erresonantzia magnetiko horiek zarata murrizteko sistema bat dute, eta miaketa-aretoko soinu-presioa % 96ra bitarte murriztu daiteke proba jakin batzuetan. Hori dela eta, talde profesionalen lan-ingurunearen kalitatea nabarmen hobetuko da. Hortaz, berrikuntzari esker, Arabako ESIak azken belaunaldiko erresonantzia magnetikoko lau makina izango ditu guztira.

Obren aldian hartu beharreko neurri puntualak

Horrelako gailuak instalatzeko, 4 hilabete inguruko iraupena izango duen egokitze-obra bat egin behar da aurrez, erresonantzia magnetikoko makina berriak kokatuko diren lekua egokitzeko.

Aurreikusitakoaren arabera, instalazio-obrak datorren uztailaren 26an hasiko dira, eta obren aldian kontingentzia-neurriak hartuko dira, zerbitzu bera eskaintzen jarraitzeko. Alde batetik, erresonantzia magnetikoko unitate mugikor bat instalatuko da Arabako Unibertsitate Ospitaleko Santiago egoitzaren kanpoaldean. Unitate horrek herritarrei (oro har) zein ospitaleratuta dauden pertsonei zerbitzu emateko ahalmena izango du. Era berean, egoera edo proba mota kontuan hartuta beharrezkoa bada, ospitaleratuta dauden pertsonak Arabako Unibertsitate Ospitaleko Txagorritxu egoitzara eraman ahal izango dira, eta, bertan, ahal den heinean, txandak egingo dira erresonantzia magnetikoko ekipamenduetan, eskariari erantzuteko.