Lan eta Enplegu Sailaren ustez, langabezia-tasak konfiantzazko eragilea izan behar du ziurgabetasunei aurre egiten jarraitzeko

0

Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailaren ustez, urteko bigarren hiruhilekoko langabezia-tasak (% 8,5) berretsi egiten du Euskadin enplegua berreskuratzeko oinarri den lurzoru sendoa; izan ere, sei hamarreneko jaitsiera arazo energetikoen, Ukrainako gerraren eraginaren eta inflazioaren testuinguruan gertatu da. Beraz, datu horrek konfiantzazko motorra izan behar du aurrera egiten jarraitzeko.

Eusko Jaurlaritzak legegintzaldi osorako ezarri zuen helburua % 10etik beherako tasa zen, eta ez bakarrik garai hartan, 2020ko irailean, pandemiaren ondorioek zekartzaten ziurgabetasunengatik, baita hiru trantsizio handiek (energetikoa, demografikoa eta digitala) eta horiek enpleguan zuten eraginagatik ere, 2030erako Enpleguaren Euskal Estrategian jasotzen den bezala, eta horiei beste fenomeno disruptibo batzuk gehitu zaizkie, hala nola 2022aren hasieratik oso bereziki bizi ditugunak.

Horregatik, Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak legegintzaldia hasi zenetik azaldu zuen bezala, Sail honek enpleguaren datuen interpretazioan zorroztasunez jardungo zuen beti, triunfalismorik gabe positiboak direnean eta ezkortasunik gabe okerragoak direnean.

Errealismo horretatik abiatuta, gaur jakin den tasa datu positiboa da, eta, batez ere, gobernuek, bai Euskadikoak bai Espainiakoak, gerora sortutako larrialdiei erantzuteko abian jarritako neurrien eraginkortasuna islatzen du. Horren ondorioz, konfiantzazko egoera bat sortu da, eta enpresek eta langabeek aukera berriak aurkitu ahal izan dituzte.

Sailak lanean jarraitzen du aukera horiek zabaltzea ahalbidetzen duten eta kalitatezko enpleguan islatzen diren programa eta proiektuetan, arreta berezia jarriz lan-esparrura modu egonkorrean iristeko zailtasun handienak dituzten kolektiboei, hala nola emakumeei, gazteei, 45 urtetik gorakoei eta disfuntzio psikiko edo fisikoren bat dutenei.