Osakidetzak sukar hemorragikoa duen paziente bat artatu du eta segurtasun eta isolamendu handiko baliabide bereziak jarri ditu martxan

0
PRUEBA

Gaur eguerdian Krimea-Kongoko sukar hemorragikoarekin kutsatutako pertsona bat iritsi da Euskadira, eta Osakidetzako Donostia Unibertsitate Ospitaleko Segurtasun Biologiko Handiko Unitatera eraman dute. Unitate hori gaixotasun infekzioso larriak dituzten pazienteentzat da. Osakidetzako profesionalen taldeak 24 ordu baino gutxiagotan jarri ditu abian baliabideak eta protokoloa, pertsonari arretarik onena eskaintzeko eta haren eta taldearen isolamendua eta segurtasuna bermatzeko. Pertsona egonkor dago.

Osasun Ministerioak dei egin zien hainbat unitateri sukar hemorragikoaz kutsatutako paziente bat hartzeko, eta Euskadi prest agertu da. Era horretan, Osakidetzako profesionalen ezagutza eta konpromisoa erakutsi du.

KRIMEA-KONGOKO SUKAR HEMORRAGIKOA

Krimea-Kongoko sukar hemorragikoa (FHCC) birus batek (Nairobirus izenekoak) eragindako gaixotasuna da, eta kutsatuta dagoen akain baten ziztadaren bidez transmititzen da nagusiki. Gaixotasuna isilean ager daiteke; izan ere, infektatutako pertsonen ehuneko handi batek ez du sintomarik izaten, aixotasunak sukar altua eta odoljario iraunkorrak eragin baditzake ere. Gaixotasunaren kasu larrietan, hilgarritasuna % 10-40koa da. Gora egiten ari den gaixotasuna da; 2021. urtera arte, sukar hemorragikoaren 9 kasu baino ez ziren detektatu Espainiako Estatuan.

SEGURTASUN HANDIKO OSPITALERATZE-EREMUA

Donostia Unibertsitate Ospitalea Estatu osoan Segurtasun Biologiko Handiko Ospitaleratze Eremu bat duten zazpi ospitaleetako bat da. Bertan, gaixotasun infektokutsakorrak dituzten eta isolamendu- eta segurtasun-baldintza zorrotzak behar dituzten pazienteentzat gaitutako gela bat dago.

Pazienteen eta profesionalen segurtasunari garrantzi berezia ematen zaio eremu horretan. Eremu bakoitza gainerakoetatik isolatuta eta presio negatiboez eta klimatizazioaz hornituta dago. Gelan sartzen den pertsonak hipoklorito sodiko bidezko deskontaminazio-dutxa bat hartu behar du beti irten aurretik, eta eremu horretatik eraikinaren gainerako lekuetara eramaten den ekipamendu orok ere hidrogeno peroxido bidezko deskontaminazio-prozesu bat jaso behar du.

Prozesuan parte hartzen ari diren Osakidetzako profesionalek beren lana egiteko beharrezkoa den ezagutza eta prestakuntza dute.

Gaixotasuna ohikoa ez dela eta isolamendu- eta segurtasun-baliabideak abian daudela kontuan hartuta, lasaitasun-mezu bat helarazi du Osasun Sailak.