% 34,82an hazi du partida 458.400 eurora arte Barakaldoko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa Arloko zinegotziak, eraikinak birgaitzeko

0

Barakaldoko Etxebizitza, Plangintza eta Hirigintza Kudeaketa arloko zinegotzi Juan Antonio Pizarrok jakinarazi du eraikinak birgaitzeko laguntzak eskatzeko epea zabalik dagoela, eta urriaren 17ra arte luzatuko dela. Azkenaldian higiezinak berritzeko obrak handitzen ari direnez, Pizarrok berriz ere handitu du dirulaguntza horietara bideratutako partida, 458.400 eurora iritsi arte, 2021ean baino % 34,82 gehiago, orduan 340.000 eurokoa izan baitzen.

Fatxadak eraberritzeko eta eraikinetako egiturazko obrez gain, laguntza horiek EITak (Eraikinen Ikuskapen Teknikoa) egiteko eta igogailuak jartzeko ere badira, eta, beraz, eraikinen iriste-erraztasuna hobetzeko aukera ematen dute. «Barakaldon urte asko daramatzagu esparru horretan aurrera egiten, baina oraindik ere adinekoak edo mugikortasun murriztua dutenak eskailerak igo behar dituzte etxebizitzara sartzeko», gogorarazi du Juan Antonio Pizarrok.

Laguntza horiei buruz zalantzak dauzkatenek Eretza hirigintza-sozietatera jo dezakete, eta bertako langileek deialdiaren baldintzei eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko informazioa eta orientazioa emango diete. Eretza da lan hori egiteko ardura duen erakundea, eta gazteei izapideak egiten laguntzeko baimena duen bakarra.   Abuztu osoan egongo dira irekita bulegoak, 09:00etatik 14:00etara.

Barakaldoko hirigintza-sozietatea El Castañal kaleko 8. zenbakiko lokalean dago. Bertako telefonoa 944045225 da, eta helbide elektronikoa, berriz, eretza@eretza.com.

Eskaera bete eta behar den dokumentazioa bildu ondoren, laguntza horiek nahi dituzten bizilagunek Udalean dagoen Herritarrentzako Arreta Zerbitzura (HAZ) eta Gurutzetako eta Clara Campoamor Zentro Zibikora jo beharko dute.

443 LAGUNTZA 2021EAN
Dirulaguntza horiek duten interesaren erakusgarri da 2021eko deialdian 443 laguntza eman zirela, eta horietatik 154 energia-efizientziaren esparruan kokatu zirela (fatxaden erreforma, funtsean), 172 bizigarritasunaren hobekuntzan (batez ere, EITak), 91 irisgarritasunean (igogailuak) eta 6 segurtasunaren hobekuntzan.

2022ko deialdiak jasotzen duenez, jarduketa babesgarrien sustatzaile izan diren eta 2021eko irailaren 24tik eskabideak aurkezteko epea amaitzen den egunera arte obrak amaitu dituzten partikularrak dira laguntzen hartzaileak.

Dirulaguntzak eskuratuko badira, urteko diru-sarrerek ez dute inola ere 47.285 euroko zenbatekoa gainditu behar: aipatu kopurua lanbide arteko gutxieneko soldata bider 3,5en emaitza da. Ez dira onuradun izango 54.040 euroko edo hortik gorako dirua eta balioak dituztenak.