Eusko Jaurlaritzak Osasun Publikoaren Lege Proiektua onartu du, Euskadi euskal herritarren osasuna zaintzeko eta sustatzeko lege-esparru eguneratu batez hornitzeko

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua

Gobernu Kontseiluak Osasun Publikoaren Lege-proiektua onartu du gaur. Lege-proiektu horren helburu nagusia da euskal herritarren osasuna interes goreneko ondasun publiko gisa babestea eta sustatzea, eta pertsonek osasunaren, aukera-berdintasunaren eta ekitatearen arloetan dituzten eskubideak bermatzea.

Hortaz, Osasuneko sailburu Gotzone Sagarduik azpimarratu duenez, Eusko Jaurlaritzaren legegintza-egutegian bere gain hartutako konpromisoa beteko da. Ondoren, Eusko Jaurlaritzak Legebiltzarrera igorriko du aurreproiektua, eztabaidatu dadin eta, hala badagokio, Euskadin osasun publikoa espezifikoki arautuko duen lehen legea izango litzatekeena onartu dadin.

Legearen asmoa, hain zuzen ere, Euskadi egungo euskal gizartearen premia eta eskari berriei erantzun eraginkorra eta integrala ematea ahalbidetuko duen lege-esparru batez hornitzea da. 25 urte hauetan, “osasun publiko” kontzeptuak berak bere bilakaera izan du, eta osasun-sistematik osasunaren determinatzaileetan eragina duten gainerako esparruetara hedatu da. Ildo horretan, COVID-19aren pandemiak guztiz agerian jarri du dimentsio berri hori.

Lege-proposamenak Eusko Jaurlaritzaren ekintzaren zutabeetako bat den osasuna politika guztietan printzipioan sakontzen du osasunaren determinatzaileetan eraginkortasun handiagoarekin jarduteko, eta argi eta garbi zehazten ditu esparru horretako eskumenak, prestazioak eta zerbitzuak.

Horren ondorioz, Euskadiko Osasun Publikoko Sistema sare egituratua izango da, osasun-sistemarekin eta administrazio publikoekin koordinatua, eta koordinatzeko eta parte hartzeko bi organo izango ditu. Alde batetik, Osasun Publikoaren Euskal Kontseilua egongo da. Honako hauek dira osatuko dutenak: unibertsitateak, Emakunde, GKEak, kontsumitzaileak, Osakidetza, komunikabideak, Gazteriaren Kontseilua, pentsiodunak eta erretiratuak, auzo-elkarteak eta gizarte zibilaren gainerakoa. Eta, bestetik, Osasun Publikoaren Erakunde arteko Batzordea; osasunean eragina duten Eusko Jaurlaritzako sailen, udalen eta foru-aldundien artean koordinatzeko foroa izango da. 

                         96 ARTIKULU 7 KAPITULUTAN

Proposatutako testua 7 kapitulutan banatutako 96 artikulutan egituratuta dago. Horiez gain, 3 xedapen gehigarri, 3 xedapen iragankor, xedapen indargabetzaile 1 eta 3 azken xedapen daude. Testuak, nolanahi ere, Euskadiko Osasun Publikoko Sistemaren funtzio eta jarduketa nagusiak zehazten ditu. Laburbilduz, honako hauek dira:

-Herritarren osasunaren eta ongizatearen zaintza; horretarako, Osasun Publikoaren Zaintza Sarea izango da funtsezko tresna.

-Osasun-arazoen prebentzioa. Halaber, espezifikoki, adikzioen eta mendekotasunen prebentzioa.

-Osasunaren sustapena, gizarte-determinatzaileetara zein jokabide osasungarri indibidualetara bideratua.

-Osasunaren babesa, elikadura-segurtasuna eta ingurumen-osasuna barnean hartuta.

Osasun-larrialdietan jardutea.

Eskola-osasuna.

-Lan-osasuna.

-Euskadiko osasun publikoko laborategia.

-Osasun publikoaren arloko informazioa eta ezagutzaren hedapena.

Prestakuntza, ikerketa eta berrikuntza.

Osasun-agintaritza baliatzea, kontrola eta zehapenak barnean hartuta.

Osasuneko sailburuak beren alegazioekin eta iradokizunekin aurreproiektuaren testua nabarmen hobetzen lagundu duten hainbat estamenturen –Udala, estamentu sindikala, akademikoa, profesionala, partikularra, Legebiltzarra eta Osalan– konpromisoa eta ekarpena azpimarratu eta eskertu nahi izan ditu, eta, gaineratu duenez, Eusko Legebiltzarreko eztabaida euskal herritarren ongizatean hainbesteko garrantzia eta eragina izango duen legea are neurri handiagoan hobetzeko baliagarria izango delakoan dago.