Lanbidek hiru toki-erakunde berritara zabaldu du gizarteratzeko eta laneratzeko programa BGD eta DBE prestazioak jasotzen dituztenentzat

0
    • Europako funtsetako 763.000 euro bideratuko dira hiru proiektu berritara: Tolosa, Bermeo eta Arrasate, hasieran onartutako hamabi proiektuei gehituko zaizkienak

 

Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuak hiru toki-erakunde berritara zabalduko du BGD eta/edo DBE jasotzen duten pertsonak gizarteratzeko eta laneratzeko programa, guztira 763.000 euro. Kopuru hori Europako funtsetatik dator, eta beste hamabi erakundetako proiektuetarako maiatzean emandako 3,6 milioiei gehitzen zaie.

Idoia Mendia lehendakariorde eta Lan eta Enpleguko sailburuak proposatuta, Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu du zabaltze hori, Tolosa, Bermeo eta Arrasateko 35 pertsonak parte har dezaten enplegu eta prestakuntzako proiektu pilotu honetan. Lehen fasean, iraupen luzeko 186 langabek hartu zuten parte, Bizitzeko Gutxieneko Diru-sarrera eta/edo Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta jasotzen zutenek. Orduan, erakunde esleipendunak Gasteiz, Zumarraga, Irun, Sestao, Santurtzi, Bilbo, Amurrio, Ermua, Leioa, Urduña eta Muskizko udalak izan ziren, baita Enkarterriko Mankomunitatea ere.

Orain hautatutako erakundeek, Tolosaldea Garatzen erakundeak, eta Bermeoko eta Tolosako udalek, garatzen diren inguruneko beharrei erantzuten dieten proposamenak aurkeztu dituzte. Zehazki, hiri-espazioak, basoak eta naturaguneak mantentzeari buruzkoak dira.

Proiektuak enplegu eta prestakuntzarako jarduketa mistoak dira, bi fase dituztenak. Lehenengo prestakuntza-saioak bi hilabeteko iraupena izango du, eta bigarrenak, berriz, hamar hilabetekoa, orientazio eta laguntza pertsonalizatuko jarduerak barne hartzen dituena. Prestakuntzak irauten duen bitartean, parte-hartzaileek DBE edo BGD jasotzen jarraitu ahal izango dute, dagozkien baldintzetan, ez direlako diru-sarrera gisa zenbatzen. Bestalde, kontratazio-aldian, DBEa ez da etengo; aitzitik, prestazioen zenbatekoa diru-sarrera berrietara egokituko da, enplegurako pizgarriak aplikatzen direlako.

Dirulaguntza hauen helburua da luzaroko langabeziaren eragin handia duten EAEko udalerri eta eskualdeetan pertsona horiek gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak egiteko garatu beharreko jarduerei laguntza ekonomikoa ematea. 23. osagaiaren barruan sartzen da («Lan-merkatu dinamiko, erresiliente eta inklusibo baterako politika publiko berriak»), Europar Batasunak finantzatutako Suspertze, Transformazio eta Erresilientzia Plan Nazionalaren barruan.

Hori gauzatzeko, Lanbidek toki-erakundeek parte hartzea sustatu du, luzaroko langabeen kopuru handia duten eta aipatutako laguntzak jasotzen dituzten eremu geografikoetako erakundeetara zuzenduta.