Uztailaren 30etik abuztuaren 10era bitartean, tranbia Bolueta eta Arriaga artean baino ez da ibiliko, trenbidea berritzeko lanak direla eta

0

Datorren uztailaren 30etik abuztuaren 10era bitartean, biak barne, Bilboko tranbia Bolueta eta Arriagako geltokien artean baino ez da ibiliko, Plaza Biribila eta Buenos Aires, Buenos Aires eta Venezuela plaza eta Sabino Arana eta Jose Antonio Zunzunegi kaleen arteko bihurguneetan trenbidea berritzeko egin behar diren obrak direla eta.

Lan horiek sareko hainbat puntutan aldi berean egiteak Arriagaren eta Kasillaren arteko zirkulazioak kentzea ekarriko du, eta, aldi berean, obren inguruan ibilgailuen trafikoan ere izango du eragina.

Abuztuaren 11ko lehen zerbitzutik aurrera tranbiak bere ibilbide osoa egingo du berriro. Euskotrenek eskaintzen duen zerbitzuaren aldaketak, obren eraginak jasango dituzten tranbiaren geltokietan kartelak jarriz adieraziko dira, bai eta sareko gainerako geltokiek dituzten informazio-pantailetan ere. Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vascak eta Euskotrenek, lanek sortuko dituzten eragozpenen jakitun, aldez aurretik barkamena eskatzen diete inguruan bizi diren pertsona guztiei eta zerbitzuaren erabiltzaileei.

Lanen deskribapena

Trenbidearen berritzea, funtsean, hondatutako erreiaren ordez beste errei bat jartzea izango da; hori dela eta, tranbiaren plataformaren 80 eta 90 metro arte altxatu beharko dira lanen xede diren puntuetan.

Trenbidea berritzeaz gain, hori finkatzeko modua ere aldatu egingo da, eta zuzeneko finkapenean oinarritutako plaka gaineko trenbide sistemara igaroko da. Horrela, etorkizunean trenbide tartea hobeto mantentzea lortuko da, eta, aldi berean, tranbiak aipatutako bihurguneetatik igarotzean sortzen duen inpaktu akustikoa murriztuko da.

Obrek 881.726,45 euroko aurrekontua dute (BEZ aparte).

Atxuri eta Pio Baroja artean doan tranbiaren lehen tartea 2001. urtean inauguratu zen. Gerora, hainbat fasetan, tranbiaren sarea luzatuz joan da, gaur egun Bolueta eta La Casilla artean zerbitzua ematen duten 16 geltokietara iritsi arte.

Plaza Biribilean, Venezuela Plazan eta Sabino Arana eta Jose Antonio Zunzunegi artean egin beharreko obren tarteak bihurgune itxiak dira, errepide- eta tranbia-zirkulazio handiak dituztenak, eta horien erreiak higadura nabarmena du, gurpilak kurbaren erradioan oso behartuta inskribatzen direlako.

Eragina ibilgailuen trafikoan

Plaza Biribileko bihurgunea:

Gorako noranzkoan Nafarroa kaletik baino ezingo da zirkulatu. Nafarroa kaletik Areatzako zubirako noranzkoan doazen zirkulazioak bertan behera geratu dira. Hurtado de Amezagan, zirkulazioa 3 erreitik 2ra murriztu da, Plaza Biribiletik gertuen dagoen eremuan. Turismo Bulegoaren ondoan dagoen taxi-geltokia kendu egingo da, eta Buenos Aires kalean errei bitik errei bakarrera igaroko da Plaza Biribilaren inguruan.

Venezuela plazako bihurgunea:

Plazaren eta Ibañez de Bilbao kalearen arteko elkargunean, errei bitik errei bakarrera igaroko da.

Sabino Aranako bihurgunea:

Jose Antonio Zunzunegitik Sabino Aranara doan A-8ko irteera uneoro errespetatuko da. Hala ere, obrek irauten duten artean Jose Antonio Zunzunegirako noranzkoa zerbitzurik gabe geratuko da, A-8 autobidera Urkijo zumarkaletik edo Felipe Serrate eta Luis Briñas kaleetatik iristeko.

Tranbia zerbitzua obrek irauten duten bitartean

Obrek irauten duten bitartean, tranbiaren merkataritza-zerbitzua eten egingo da Abando eta Kasilla geralekuen artean, eta Bolueta eta Arriaga artean bakarrik ibiliko da, bi noranzkoetan.

Beraz, Abando, Pio Baroja, Uribitarte, Guggenheim, Abandoibarra, Euskalduna, Sabino Arana, San Mames, Ospitalea, Autonomia eta Kasillako geralekuak zerbitzu barik geratuko dira uztailaren 30etik abuztuaren 10era bitartean, biak barne.

Erabiltzaileek informazio gehiago dute hemen:

– Tranbiaren geltokiak

– Euskotrenen telefono-zenbakia: 944 333 333

– Webgunea: www.euskotren.eus

– Twitter: @euskotren

– Euskotrenen APP ofiziala