CancerAppyk minbiziaren aurkako medikamentuak garatzen ditu big datan eta adimen artifizialean oinarrituta

0
PRUEBA

Ikerketa farmazeutikoa unibertsitateen lanean oinarritzen da. Gaur egun ezagutzen ditugun farmako gehienen jatorria ikertzaile-talde txikitan gauzatzen da. Talde horietan ziurgabetasun handia dago, eta zaila da hurrengo urratsa ematea eta ikerketa benetako medikamentu batean bihurtzea. Prozesu horretan ikertzaileei laguntzeko asmoz sortu zen duela hiru urte CancerAppy enpresa bioteknologikoa, minbiziaren aurkako ikerketan espezializatua, big data eta adimen artifiziala erabiliz.

Erandion (Bizkaia) egoitza duen enpresak unibertsitateekin, ospitaleekin eta farmazialariekin lan egiten du, eta ikertzaileek laborategian hartzen dituzten erabakiak modu konputazionalean erreplikatzen ditu, prozesuak aurrera egin dezan. Luis Martín, CancerAppyren CEO eta sortzaileak dioenez, “gure algoritmoak erabiliz, ikertzaileak imajinatu ezin dituen patroiak aurkitzen ditugu. Frogatu dugu, adibidez, Asiako jendeari eragiten dioten tumoreak eta mendebaldekoak desberdinak direla. Izan ere, Asiako pertsonen tumoreetan gene batzuk gehiago agertzen dira”. Enpresaren helburuetako bat ‘doitasunezko medikuntza’ garatzea da, “mundu guztiak pilula bera behar ez duela erakusteko”.

Enpresak kolaborazio handiak ditu, adibidez Espainiako Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorena (CSIC) edo Sheffieldeko Unibertsitatea (Britainia Handia), QS World University Ranking 2022ren arabera munduko ehun unibertsitaterik onenetakoa. Lankidetza horretaz gain, CancerAppyk bere ikerketa propioak jorratzen ditu. “Gaur egun, hiru farmako-proiektu garatzen ari gara, hiru esparru desberdinetan: biriketako minbizia, pankreakoa eta bularrekoa”, Luis Martínek adierazi duenez.

Garapen horietako bat, biriketako minbiziarena, proteina jakin baterako inhibitzaileen bilaketarekin lotuta dago. Horrela, ikertzaileek askoz ere ziurtasun handiagoarekin lan egin dezakete laborategian. “Sei milioi konposaturekin lan egin dugu eta 10era murriztu ditugu, horrela, ikertzailearentzako denbora-epeak eta kostuak murrizten dira eta bere lana askoz ere zehatzagoa da”. Beste bi proiektuei dagokienez, enpresa immunoterapian zentratzen ari da. Tumore mota jakin bati lotutako mintzak identifikatu ditu, eta hurrengo urratsa antigorputzak sortzea da.

Bizkaiko enpresak SPRIren laguntza jaso zuen Ekintzaile programaren bidez. Gainera, martxo honetan bere arduradunek, SOSA-Bizkaia SPRIren programaren barruan, Tel Aviv bisitatu dute Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera. “Gure ustez, esperientzia hau inflexio-puntu bat da”, CancerAppyren CEOak dioenez.

Gaur egun, enpresak bost langile ditu, baina datozen bi urteetan beste hogei kontratatzea aurreikusi du. Finantzaketa bilatzen ari da, unibertsitate gehiagorekin kolaborazioak itxi. Gainera, enpresaren helburuetako bat bi medikamentuk klinika-prozesua hastea da, hemendik urte eta erdira.

SPRI Taldeak laguntza integralaren bidez berrikuntza, ekintzailetza eta barne-ekintzailetza laguntzen ditu, ideiak merkatura modu arrakastatsuan irits daitezen. Aurrera, Basque Fondo, Bind 4.0, Ekintzaile edo Barnekintzailetza ekintzailetzarako laguntza-programen bidez egiten du hori.