Eusko Jaurlaritzak eta hiru foru-aldundiek zerga-neurri sorta bat adostu dute gaur, pandemiak eta Ukrainako gerrak euskal ekonomian duten eragin handiari eta aurreikusten diren ondorio luzeei aurre egiteko.
Gaur goizean aurkeztu dituzte neurriak Iñigo Urkullu lehendakariak eta Ramiro Gonzalez, Unai Rementeria eta Markel Olano hiru ahaldun nagusiek. Hauek dira neurriak:
-
- Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergaren tarifaren tarte guztiak %4 deflaktatzea. Neurri hori aurten aplikatuko da. Era berean, baterako aitorpeneko murrizketaren zenbatekoak, kuotaren gutxitzearena eta kenkariena, % 4an eguneratuko dira. Aurreko urteko urrian hartutako ehuneko bat eta erdiko deflaktazioari gehitzen zaio orain hartzen den neurri hau. Guztira beraz ehuneko bost eta erdiko deflaktazioa aplikatuko da.
-
- Irailetik aurrerako lan-etekinei aplikatu beharreko atxikipen-taularen doikuntza. Horrela, tarifaren deflaktazioa hilabete horretatik aurrera izango da eraginkorra. Deflaktatzeak esan nahi du pertsona eta familia guztiek diru gehiago izango dutela poltsikoan.
-
- Zerga-oinarri orokorra 35.000 eurora artekoa duten aitorpenetan aplikatu beharreko 200 eurora arteko kuota murriztea. 30.000 eurora arteko zerga-oinarri orokorra duten aitorpenetan 200 euroko kuota murriztu ahal izango da. 30.000 eta 35.000 euro bitartean, 200 euroko zenbateko hori pixkanaka gutxituz joango da.
-
- 11/2022 Errege Lege Dekretuaren ondorioz jasotzen diren 200 euroko laguntza publikoen salbuestea.
-
- Pertsona autonomoak 2022ko hirugarren eta laugarren hiruhilekoen ordainketa zatikatuak aurkeztetik salbuestea.
-
- 50 milioitik beherako eragiketa-bolumena duten enpresak ordainketa zatikatua aurkeztetik salbuestea, betiere zerga-baterakuntzako talde batean sartuta ez badaude.
Neurri horiek 250 milioi euroko ahalegin fiskala eskatzen dute. Alde batetik, 140 milioik errentaren zergadun guztiei egiten diete mesede, eta 110 milioik kalteberenei.
Halaber, Lehendakariak esan duenez, gaur aurkeztutako neurriak «urrats bat gehiago» dira, eta Eusko Jaurlaritzak eta aldundiek hainbat jarduera-eremutan partekatzen duten erantzun-estrategiarekin bat egiten dute.
Hala, gogora ekarri ditu pandemia hasi zenetik Covid-19ari aurre egiteko abian jarritako ezohiko aurrekontu-baliabideak (1.569 milioi euro bideratu ditu Gobernuak); Lehentasunezko jarduketa-eremuetarako laguntza-programa (180 milioi euro); 250 milioi euroko inbertsio-plan berezia; Inbertsio estrategikoetarako Erakundearteko Plana (528 milioi euro); eta Erreskate Ekonomikorako eta Erreskate Sozialerako neurriak (528 milioi euro).
“Jaurlaritzatik eta euskal erakundeetatik egoera kritiko horiek dituzten eraginak gertutik jarraituko ditugu, eszenatoki globala kontutan hartuz eta gertuko neurriak adostuz, ebaluatuz, onartuz eta martxan jarriz. Herri Helburu bera partekatzen dugu: familiei babesa bermatu, jarduera ekonomikoa berpiztu eta enplegu aukerak sortzen lagundu”- bukatu du Lehendakariak.