TECNALIAk eta UPV/EHUk areagotu egin dute beren lankidetza indar handiagoz aritzeko ikerketan eta enpresetarako ezagutza transferentzian

0

Eva Ferreira Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) errektoreak eta Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak berretsi egin dute duela lau urte bi erakundeek sinatu zuten akordioa, oinarri dena Euskadiko ekoizpen zientifikoan nagusi diren bi erakundeek batera egiten duten jarduera guztiarentzat. Hain zuzen ere, INNOBASQUE Berrikuntzaren Euskal Agentziak berriki argitaratu duen I+G jarduerari buruzko 2022ko Txostenaren arabera, UPV/EHU eta TECNALIA “euskal I+G+b arloko bi erakunde nagusiak” dira.

Sinadura honen bidez, indartu egingo da bi erakundeen lankidetza estrategia, helburu oso argi batzuei begira: doktoreen prestakuntza bateratua sustatzea, ezagutzaren transferentzia enpresetara, ekintzailetza arloko ekimenak bultzatzea, eta ikertzaileen mugikortasuna areagotzea.

Hori horrela, Euskal Herriko Unibertsitatearen eta TECNALIAren arteko lankidetzaren egungo zifrak dira: 100 doktoregai baino gehiago lankidetzan eginiko tesietan, 140 argitalpen indexatu, 51 lankidetza proiektu, 11 milioi eurora heltzen den baterako urteko kontratazioa, 4 Ikasgela Teknologiko eta 120 ikertzaile biltzen dituzten 5 JRL (Joint Research Laboratories). Zehazki, akordioa indarrean egon den lau urteetan, 523 argitalpen indexatu egin dira lankidetzan, 12 baterako patente erregistratu dira, 90 ikasle inguruk Master Amaierako Lanak egin dituzte Ikasgela Teknologikoetan, eta 40 tesi irakurri dira gaur egun egiten ari diren 100etik gora tesien artetik.

Testuinguru horretan, Eva Ferreira UPV/EHUko errektoreak nabarmendu duenez: “Bi erakundeok ibilbide luzea dugu elkarlanean. Orain erabaki dugu elkarlan horretan sakontzea eta etorkizunerantz proiektatzea. Erreferentziazko bi erakundeak gara Euskadiko I+G alorrean, baita erakunde osagarriak ere jarduera askotan: batera egiten dugun lanak aise gainditzen du bakoitza bere aldetik arituz gero lortuko genituzkeen emaitzen batura”.

Bere aldetik, Jesús Valero TECNALIAko zuzendari nagusiak adierazi duenez, “akordio berri honek neurri handi batean areagotuko du bi erakundeok historikoki izan dugun lankidetzaren inpaktua. Funtsezkoa da konektatzea ikerketaren eta prestakuntzaren alorra enpresen munduarekin, eta horregatik saiatzen gara bereziki ezagutza enpresen sarera transferitzen”.

Helburu handinahiak 

Indarrean dagoen akordio berriak 2018an sinatutakoaren lekua hartuko du, eta tresna horiek indartuko ditu, orain arte eginiko lana sendotuz, haien inpaktua areagotzeko eta berriak garatzeko. Horrela, hitzarmen berriak bereziki nabarmentzen ditu:

  • Kozuzendutako industria tesiak areagotzea, 2+1 Doktoregoko Baterako Programa indartuz.
  • Interes komuneko egitasmo zientifiko-teknologiko berrien inkubazioa sustatzea.
  • Ekipamendua eta azpiegiturak partekatzea, egungo lankidetzak indartzeko, eta, bereziki, jarduera zientifiko-teknologikoa garatzen laguntzea interes komuneko alor berrietan.
  • Enpresak xede dituen ezagutza transferentzia sustatzea, bereziki ETEen kasuan, UPV/EHUk eta TECNALIAk I+G+b alorrean duten osagarritasuna aprobetxatuta.
  • Ekintzailetza jarduerak eta Industria Jabetza ustiatzekoak bultzatzea, ezagutza zientifiko-teknologikoaren lankidetza garapenetik sortutakoak.
  • Ikertzaileen mugikortasuna erraztea bi erakundeen artean, ezagutza trukatzeko zuzeneko bide gisa.

Gainera, EUSKAMPUS Fundazioak (UPV/EHU eta TECNALIA kide fundatzaileak dira) eginkizun dinamizatzaile garrantzitsu bat izango du akordio berrian, baterako jarduera askoren koordinazioan parte hartzeaz gainera, jarduera horiek irekiko dituelako fundazioko beste kide batzuen eta toki nahiz nazioarteko beste agente batzuen elkarlanera.

Horrela, espero da hitzarmen berriari esker modu nabarmenean areagotzea baterako ekoizpen zientifikoa eta I+G+b jardueraren inpaktu ekonomiko eta sozial handiagoa lortzea bi erakundeen lankidetzari esker, gaur egun Euskadiko berrikuntza agente nagusitzat hartzen direnak.

Lankidetza sakona hezkuntzan, prestakuntzan eta ikerketan 

Bi erakundeen arteko elkarlanak bere baitan hartzen ditu bai UPV/EHUko ikasleek TECNALIAn egiten dituzten praktikak, enplegua indartzeko helburuaz, bai prestakuntza jardueretako lankidetza. Gainera, bultzada eman nahi zaie ere hezkuntza gune berriei; hala nola Bordeleko Unibertsitatearekiko Mugaz Gaindiko Campusari, TECNALIA Ikasgela Teknologikoei edo baterako Ikerketa Laborategiei.

TECNALIA Ikasgela Teknologikoen helburua da elkarlana indartzea alor zientifiko-teknikoan, I+G+b jardueretan batera parte hartuz eta ikertzaileen etengabeko prestakuntza partekatuaren bidez. Gaur egun, lau dira TECNALIA Ikasgela Teknologikoak, Ingeniaritzari, Ekonomia eta Enpresari, Zientziari eta Teknologiari eskainiak.

Bestetik, baterako ikerketako laborategiek aukera ematen dute ikerketa eta transferentzia programak epe luzera garatzeko, bi erakundeetako ikertzaileen parte hartzearekin, eta ateak zabalik dituzte beste ikergune batzuentzat. Une honetan, ezaugarri horietako bost laborategi daude martxan, alor hauetan: Datuen Analitika, Energia Berriztagarriak Itsas Ingurunean, Matematika Aplikatua, eta Nanomaterial Jasangarriak.

Euskal Herriko Unibertsitatea (UPV/EHU) 

UPV/EHU munduko 400 unibertsitate onenen artean dago Shanghaiko rankingaren arabera, eta Zientziaren arlo nabarmenen artean aipatzekoak dira Kimika, Ingeniaritza Kimikoa, Ingeniaritza Metalurgikoa (150 unibertsitate onenen artean), Matematika, Materialen Zientzia eta Ingeniaritza, Nanozientzia eta Nanoteknologia, eta Zientzia eta Elikagaien Teknologia (200 unibertsitate onenen artean). Graduko eta graduondoko 43.000 ikasle baino gehiago ditu, eta 7.400 profesional inguru, goi-mailako hezkuntzan, ikerketan eta transferentzian dihardutenak. Euskadiko ikerketa agente nagusia da. www.ehu.eus

TECNALIA 

TECNALIA, bere aldetik, Espainiako Estatuko ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro handiena da, Europan erreferentea eta Basque Research and Technology Alliance erakundeko kidea. Elkarlanean dihardu enpresekin eta erakundeekin, haien lehiakortasuna areagotzeko, pertsonen bizi kalitatea hobetzeko eta hazkunde jasangarri bat lortzeko. Eta hori guztia egiten du teknologia maite duten eta gizarte hobeago baten eraikuntzan konprometituak dauden pertsonei esker. TECNALIAren jardun eremu nagusiak dira: Eraldaketa Digitala, Fabrikazio Adimenduna, Trantsizio Energetikoa, Mugikortasun Iraunkorra, Hiri Ekosistema eta Osasun Pertsonalizatua. www.tecnalia.com